Estrasburgok Espainia zigortu du Iruñean salatutako bi bortxaketa «modu eraginkorrean» ez ikertzeagatik

Nafarroako Probintzia Auzitegiak auzia artxibatu zuen, nahiz eta ikerketan irregulartasun nabarmenak antzeman zituzten —frogak desagerrarazi eta manipulatu zituzten polizia etxean—. Bi biktimek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten 2023ko azaroan.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren artxiboko irudi bat. BERRIA
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren artxiboko irudi bat. BERRIA
kristina martin
2025eko urriaren 23a
15:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

2016ko abenduaren 8an gertatu ziren sexu erasoak, Iruñean. Bi emakumek salatu zuten bi gizonek drogak eman zizkietela eta, sustantzia horien eraginpean egonda, bortxatu egin zituztela. Espainiako Poliziak ikertu zuen salaketa, eta ikerketan hutsune ugari antzeman zituzten; Poliziaren babespean zeuden froga garrantzitsu batzuk desagertu egin ziren, eta beste batzuk manipulatuta azaldu ziren.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaileek aho batez adostu dute ebazpena. Horren arabera, Espainiako estatuak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren bi artikulu urratu ditu emakume horien kasuan: 3. artikulua —tratu gizagabeak eta umiliagarriak galarazten ditu— eta 8. artikulua —bizitza pribatuaren eta familiarraren eskubidea—.

Estrasburgoko epaitegiak biktimentzako kalte ordainak ere ezarri ditu; hala, Espainiak 20.000 euroko kalte ordaina eman behar die biktimetako bakoitzari, kalte moralarengatik, eta beste 5.000 euro auzibideak ekarritako gastuak ordaintzeko.

Emakumeek salatutako erasoa 2016ko abenduaren 8an gertatu zen, Iruñean. Ezagutzen ez zuten etxe batean esnatu ziren bi emakumeak, biluzik, minduta eta zorabiatuta. Sexu harremanak eduki izanaren sentsazioa zuten, baina aurreko orduetan gertatutakoaren oroitzapenik ez. Ikusi zuten bi gizonezko ere bazeudela etxe hartan. Andreek ez zuten gogoratzen nola iritsi ziren haraino, ezta gizon horiek nor ziren ere. Taxi bat eskatu, eta alde egin zuten.

Handik egun gutxira, ospitalera jo zuen batek, hankartean zuen mina zela eta. Han esan zioten sumisio kimiko bidez eginiko bortxaketa baten zantzuak zituela, eta, protokoloari jarraikiz, Poliziari hots egin zioten. Berehala identifikatu zituzten etxebizitza hartako gizonezkoak, eta atxilotu egin zituzten.

Estrasburgoko epaitegiak gaur plazaratutako oharrean azaltzen denez, 2017ko urtarrilean ireki zuen ikerketa Espainiako Poliziak. Ordurako jakina zen ikerketaren ardura zuen UFAM unitatean aritzen zen agenteetako bat atxilotu baten koinatua zela. Handik gutxira, UFAMen froga batzuk desagertu egin ziren, eta beste batzuek manipulatu izanaren zantzuak zituzten.

Horiek ez ziren izan irregulartasun bakarrak. 2017ko apirilean, Espainiako Poliziak Madrilen egindako auzitegiko azterketa bat bidali zuen Iruñeko polizia etxera, baina gerora desagertu egin zen. Azterketa horretan jasota zeuden erasotzaile baten sakelako telefonotik ateratako datuak eta tabernako kamerak jasotako irudiak —bi akusatuak eta bi biktimak elkarrekin egon zirenekoak—. Gainera, bi akusatuen telefonotik ateratako informazioan oinarritutako auzitegi ebidentziak jasotzen zituen disko gogorraren artxiboak ezabatuta edo gainidatzita zeuden.

Atxilotuak, libre

Hala eta guztiz ere, 2018ko azaroan, epaitegiak —Nafarroako Probintzia Auzitegiak— auzia artxibatzea erabaki zuen; akusatuak aske geratu ziren, kargurik gabe. Epaitegiak argudiatu zuen ez zegoela nahiko zantzurik egiaztatzeko sexu harremanak adostu gabeak izan zirela.

Hori dela eta, bi biktimek helegiteak aurkeztu zituzten ikerketan izandako irregulartasunak salatzeko. 2019ko martxoan Iruñeko 5. Instrukzio Epaitegiak ikerketa abiatu zuen, argitzeko ea nola desagertu zen peritu txostena Espainiako Poliziaren komisariatik.

Epaitegi horrek berretsi zuen ikertzeko prozeduran «irregulartasun nabarmenak» egon zirela, baina argudiatu zuen horiek ez zutela konpentsatzen delituaren aztarnak aurkitu ez izana. Epaitegiak nabarmendu zuen ahaleginak egin zituztela —hiru ikerketa ireki zituzten irregulartasunak direla eta—, baina ez zutela froga aipagarririk aurkitu.

2021eko ekainean, beste hiru ikerketa zabaldu zituen Nafarroako Auzitegiak, ustezko praxi txarra ikertzeko, baina horiek ere bertan behera utzi zituzten, eta absolbitu egin zuten koinatuari informazio sekretua filtratzeaz akusatutako polizia ere.

Egoera ikusita, Estrasburgora jotzea erabaki zuten biktimek. 2023ko azaroan aurkeztu zuten eskaera, eta lau hilabete eskasean heldu zen baiezko erantzuna: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tramiterako onartu zuen helegitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.