Estrasburgoko auzitegiak Espainia zigortu du tortura salaketa bat ez ikertzeagatik

Jokaera horrek poliziei zigorgabetasuna bermatzen diela nabarmendu du Estrasburgok

2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak 23.000 euro ordaindu beharko dizkio Mikel San Argimiro euskal presoari haren tortura salaketa ez ikertzeagatik. Horrela erabaki du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak: «Espainiako Justiziak gertaerak argitzen eta, zehatzago, balizko errudunak zigortzen lagunduko lituzkeen froga moduak baztertu ditu». Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 3. artikuluaren auzibidea urratu egin duela ebatzi du ganbara txikiak, aho batez. Artikuluak honela dio: «Ezin zaio inori torturarik egin, ezta zigor eta tratu gizagabe edo umiliagarririk eman ere».

San Argimiro 2002ko maiatzaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren esku bost egun inkomunikatuta pasatu ondotik torturak salatu zituen Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, kolpeak, poltsa, sexu umiliazioak eta heriotza mehatxuak, besteak beste. Atxilotu eta hamahiru egunera saihets bat hautsita zeukala ohartu ziren espetxean. Hortik hilabete batera salaketa bat jarri zuen Gipuzkoako Auzitegian, baina horrek salaketa Madrilera igorri zuen. Han, ikerketa abiatu zuten, baita berehala itxi ere. Madrilgo Auzitegian eta Auzitegi Gorenean jarritako helegiteek ez zuten emaitzarik eman. Denek bat egiten zuten auzitegi medikuak aurkitutako zauriak atxiloketaren ondorioak zirela, hura atxilotu zuten guardia zibilak ezin zirela identifikatu eta atxiloketaren bideoak ezer gutxi ekarriko zuela.

Estrasburgoko auzitegiak, ordea, ez du horrekin bat egin. Are gehiago, kezkatuta agertu da Espainiako Justiziaren lanarekin. Gogorarazi du salaketa bat jartzen denean ezinbestekoa dela ikerketa «eraginkor» bat abiatzea. «Hala ez balitz, torturaren eta zigor edo tratu gizagabe eta umiliagarrien debekuak ez luke eraginik izango praktikan, eta kasu batzuetan estatuaren agenteek legea alde batera utz dezakete zigorgabetasun osoan».

Auzitegiak uste du ikerketa ez dela izan «sakona eta eraginkorra». Ez du ulertzen nola ezin izan dituzten guardia zibilak identifikatu eta zergatik ez duten bideoa eskatu, kontuan hartuz erakutsiko zuela tratua zein izan zen, baita agenteak zeintzuk ziren ere. Horren harira, gogorarazi du Espainiako Justiziak ez duela Europako protokoloa errespetatu, San Argimirok ez baitzuen izan konfiantzazko mediku batekin egoterik espetxera sartu baino lehen.

Torturaren erabilerari buruz, berriz, auzitegiak onartu du ezin duela ebatzi, preseski Espainiako Justiziaren ikerketak nahiko elementurik ez duelako jaso: «Auzitegiak badaki preso bati zaila egiten zaiola jasotako tratu txarrei buruzko frogak ekartzea, eta batez ere arrastorik uzten ez duten tratu txarren salaketa denean». Baina, kasu horretan, «arrazoizko zalantzarekin» gelditu dela adierazi du.

«Gabezia larriak»

Didier Rougetek, Europako Auzitegian San Argimioren abokatua izan denak, oso baikortzat jo du ebazpena. Kasu zehatz bat baino haratago doala uste du. Haren arabera, berri ona da agerian uzten duelako Espainiako Justiziak ez dituela ikertu nahi tratu txarren salaketak. Auzitegiak ohartarazi izanak zigorgabetasuna ahalbideratzen duela ere begi onez ikusi du. Babes juridikoa falta dela argi gelditu da, Rougeten erranetan.

Gaur egun, Euskal Herriari lotutako beste hiru tortura salaketa daude epaitzeke Europako Auzitegian, Unai Romanorena, Martxelo Otamendirena eta Aritz Beristainena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.