Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Gobernua zigortu du, Aritz Beristainen tortura salaketak aintzat ez hartu eta ikerketarik ez egiteagatik. Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi duenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko hirugarren artikulua urratu du Espainiako Gobernuak, eta kalte moralengatik 20.000 euro ordaindu beharko dizkio Beristaini, eta auzitara jotzean sortutako kostuengatik, beste 3.000.
2002an atxilotu zuten Beristain, Donostiako Igeldo auzoan autobus bat erretzea leporatuta. Bost egun egin zituen Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta. Handik irtetean, «infernuaren amaiera» zela esan zion abokatuari. Baltasar Garzon epailearen aurrean tortura lazgarriak salatu zituen: besteak beste, heriotza mehatxuak egin zizkiotela, buruan poltsa jarri, objektuekin bortxatu eta pistolarekin kolpeak eman zizkiotela esan zuen.
Inkomunikatuta zegoen bitartean, egunero aztertu zuen auzitegi mediku batek. Estrasburgoko epaimahaiak emandako sententziaren arabera, lehen kontsultan zentimetro eta erdiko ebaki bat ikusi zioten eskuineko masailean; medikuaren txostenak, ordea, ez du aipatzen bestelako indarkeria zantzurik.
Atxilotu eta bi hilabetera jarri zuen Beristainek lehen salaketa, Donostiako instrukzio epaitegian, bere kasua ikertzeko. Han, tratu txarren frogarik ez zegoela argudiatuz, behin-behinean artxibatu egin zuten kasua. Atzera botatako hainbat helegiteren ondoren, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Beristainek. Haren deklarazioetan «inkoherentziak» ikusita, torturak sakonago ikertzeko beharrik ez zegoela ebatzi zuen hark.
Estrasburgoko Auzitegiak emandako sententziaren arabera, Beristainek behar bezala argudiatu du Guardia Zibilaren esku tratu txarrak jaso izana, eta aipatzen dituen «lesio delitu larriak» nahikoak dira ikerketa ofizial eraginkor bat hasteko; horrek bide eman beharko lioke delituen erantzuleen identifikazio eta zigortze prozesuari. Hala izan ezean, hirugarren artikulua, tortura debekatzen duena, hautsiko luke, eta horrek «zenbait kasutan aukera emango lieke estatuko agenteei, ia inpunitate osoz, euren kontrolpean daudenen eskubideak zapaltzeko».
Artikulu horren arabera, pertsona orok du osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, eta ezin zaio tratu txarrik eman. Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, «gizarte demokratiko baten oinarrizko balioa» da hori, atxilotuari egozten zaion delitua edozein izanda ere bete beharrekoa.
Horregatik, «pasibotasunez» jokatzea leporatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari. Gainera, erabakia informazio osoa kontuan izan gabe hartu zuela uste du: hain zuzen ere, auzitegi medikuak egindako bost txostenetatik hiru baino ez zituela kontuan izan, eta horietan oinarrituta artxibatu zuela Beristainen kasua.
Bestalde, inkomunikatuta dauden pertsonei egiten zaizkien osasun azterketek Europako Batzordeak emandako aholkuekin bat egitea gomendatzen du, Beristaini Madrilen egindako azterketei erreferentzia eginez.
Epaimahaiak ez du nahikoa frogarik topatu Espainiako Gobernua torturagatik zigortzeko; halaber, adierazi du «jakitun» dela inkomunikatuta egon den atxilotu batek «zailtasunak» izan ditzakeela tratu txarrak salatzeko. Horregatik, hirugarren artikulua «prozedurazko ikuspuntutik» bakarrik urratzea egotzi dio.
Bigarren zigorra
Iazko irailean antzeko kasu batengatik zigortu zuen Estrasburgoko Auzitegiak Espainiako Gobernua: Mikel San Argimiro presoaren tortura salaketa ez ikertzeagatik epai bera eman zuen. Kasu hartan ere 23.000 euroko zigorra jarri zion. Epaimahaiak orduan esandakoaren arabera, «Espainiako Justiziak gertaerak argitzen eta, zehatzago, balizko errudunak zigortzen lagunduko luketen froga moduak baztertzen ditu».
Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu du, torturak ez ikertzeagatik
Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu duela ebatzi dute, Aritz Beristainen hainbat salaketa kontuan ez hartzeagatikBigarren aldia da Estrasburgok Espainia torturak ez ikertzeagatik zigortzen duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu