Europak Espainia salbuetsi du Bateragunekoei kalte ordaina pagatzetik, sei urteko kartzelatze bidegabea onartuta ere

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du onartu Bateragunekoen helegitea. Bertan eskatua zuten Konstituzionalak haien kontrako zigorrak indargabetzeko, epaiketa ez baitzen justua izan.

Diez, Rodriguez, Zabaleta eta Otegi, Konstituzionalaren erabakiaren berri izan ostean. JON URBE / FOKU
Diez, Rodriguez, Zabaleta eta Otegi, Konstituzionalaren erabakiaren berri izan ostean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko urriaren 23a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bigarren aldiz eman du Bateragune auziari lotutako ebazpen bat. Lehen aldian, adierazi zuen epaiketa hura ez zela justua izan. Oraingoan, berriz, ez du onartu Arnaldo Otegik, Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Rafa Diezek egindako eskaera, eta ebatzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2024an hartutako erabakiak ez zuela «distortsionatu» aurrez Estrasburgoko auzitegiak berak ebatzitakoa. Konstituzionalak auzia behin betiko ixtea erabaki zuen, epaiketa berriz egitea baztertuta, baina ez zituen bertan behera utzi bost lagun horiek jada beteak zituzten zigorrak. Auzitegi Goreneko epaia baliogabetzat jo arren, «efektu juridikoetan» indarrean mantendu zuten Goreneko epaia. Efektu juridikoak indarrean zeudenez, kalte ordainik ez zieten eman behar bostei, onartu arren sei urte kartzelan pasatu zituztela epaiketa bidegabe bat izan ostean. 

Bateragunekoek, baina, zirrikitu bat ikusi zuten berriz ere Europako Auzitegira jotzeko, Konstituzionaleko lau epaileek boto partikularra eman zutelako, eta uste zutelako Goreneko epaiaren efektu juridiko guztiak baliogabetu behar zirela. Hargatik jo zuten berriz Europara. Oraingo honetan, baina, Europako Auzitegiak ez du tramiterako onartu eskaera. Lehenengo epaian, Europak esan zuen Bateragunekoen kontrako epaia bidegabea izan zela, eta Europako Auzitegiak epai bat ematerakoan, interpretaziorako tarte bat ematen die estatuei. Oraingo honetan, lehen epai hartan esandakoarekin itxitzat jo du auzi honi buruz esateko zeukana Europak. Horrenbestez, ez dago beste helegiterik jartzeko tarterik, eta, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bateraguneko auzipetuek epaiketa bidegabea izan zela onartu arren, estatuek ez diete kalte ordainik eman beharko Otegiri, Rodriguezi, Jacintori, Zabaletari eta Diezi, nahiz eta epaiaren ondorioz sei urte kartzelan pasatu zituzten.

Iazko urtarrilaren 17an amaiera eman zitzaion Bateragune auziari. Aurrez Auzitegi Gorena epaiketa berriz egitearen alde azaldu bazen ere, Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen halako erabaki bat «neurriz kanpokoa» litzatekeela, non bis in idem printzipioak debekatu egiten baitu pertsona bat berriz epaitzea gertaera berengatik. Are gehiago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena kontuan izanda, azaldu zuen auzipetuen eskumena litzatekeela erabakitzea zein zen erreparaziorik «egokiena»; hau da, haiei zegokiela epaiketa berriz egitearen inguruan erabakitzea, jada bete baitzituzten ezarritako zigorrak. Hala adierazi zuten epaimahaiko 11 epaileetatik zazpik.

Estrasburgoko auzitegiak berak 2018an emandako ebazpenari erreferentzia eginda adierazi du hark ez zuela argibide loteslerik eman hura nola ebatzi zehazteko, eta, ondorioz, ezta Espainian ezarritako ebazpenak bertan behera uzteko ere. Eta gogoratu du epaimahaiak argudiatu zuela zigorrak bertan behera uztea absoluzioa ematearen parekoa litzatekeela, horrek prozesu judizialen urraketa bat eragingo zukeelako. Hala, estatuek Estrasburgoren ebazpenak interpretatzeko duten marjina aipatuz, ez du beharrezkotzat jo Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren inguruan bestelako erabakirik hartzea.

Epaiketa bidegabea

Itzulinguru handiko auzibidea izan da ezker abertzaleko bost kide horien kontrakoa. 2009ko urrian, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Otegi, Rodriguez, Jacinto, Zabaleta, Diez, Telui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituen. Ezker abertzalearen estrategia aldatzeko prozesuaren hastapenetan izan zen hori, eta atxilotuek aldaketa hura «blokeatu» nahia egotzi zioten Espainiako Estatuari.

Atxilotuak 2011n epaitu zituzten, eta zortzi eta hamar urte arteko zigorrak ezarri zizkieten Otegiri, Rodriguezi, Jacintori, Zabaletari eta Diezi, ETAren aginduetara aritzea eta erakunde terrorista bateko kide izatea leporatuta. Zigor horiek, ordea, murriztu egin zituen Auzitegi Gorenak, 2012an, eta sei eta sei urte eta erdi artekoak ezarri.

Espetxe zigorra osorik bete zuten bost kideek, eta kalean zirela iritsi zen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren lehen ebazpena: 2011n, epaiketa bidegabea izan zutela ebatzi zuen, argudiatuz Angela Murillo epailea ez zela inpartziala izan.

Horiek horrela, epai hori bete zedin, babes helegite bat jarri zuten, eta 2020ko uztailean zortzi urte lehenago auzitegi berak ezarritako zigorrak baliogabetu zituen Gorenak. Handik bi hilabetera, baina, auzitegi hark erabaki zuen erabaki hura ez zela nahikoa, eta epaiketa berriz egitearen alde egin zuen. Erabaki horren harira jarritako babes helegite baten ondorio izan zen iazko Konstituzionalaren ebazpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.