'Bateragune auzia'. Epaiketa

«Estrategia aldatu beharra aspalditik ikusten zuen Diezek»

Aoizek, Castañedak eta Indakoetxeak berretsi dute Miren Zabaletak euren gogoetaz iritzia eskatu ziela 2009an

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Teresa Toda eta Jose Mari Olarra euskal presoek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten atzo. 18/98 auziagatik daude preso biak. Epaimahaiari azaldu ziotenez, ondo ezagutzen dute Rafa Diez. Bide demokratiko eta baketsuen alde egindako apustua ez zela ETArekin adostuta edo hark aginduta hartu argi uzteko, epaimahari azaldu zioten Diezek aspalditik zerabilela buruan estrategia politiko armatua baztertzearen aldeko jarrera. 2004-2005etik bide baketsu eta demokratikoen aldeko jarrera zuela azaldu zuen Olarrak, eta 2006aren aurretik izan zela esan zuen Todak: «Ezker abertzalearen iritzi ofizialarekin, eta gertatzen ziren hainbat gauzarekin kontraesanean zegoen», Todaren arabera.

Olarrak esan zuen tamaina horretako eztabaida bat planteatzeak «kostu pertsonalak» eragiten dituela, eta Todak jakinarazi zuen Diezek ez duela ondo pasatzen inorekin eztabaidan. «Bainaorain arteko bidea itxi eta beste bat ireki da Otegi, Diez eta jende honen ekimenez», esan zuen Olarrak. Emaitzarekin «asko» pozten dela gaineratu zuen: «Ezker abertzalea euskal herritarren errealitatera gerturatu da».

Ildo berean hitz egin zuen Diezekin batera sindikatuko kide izan zen Mari Paz Garciak. Gainera, atxiloketen egunean Diezen mahai gainean topatu zituzten agiriak prestatzen ari ziren ikastaro baterako zirela berretsi zuen, Diezek berak aurreneko egunean esan zuen bezala.

Valentin Pacho FSM Sindikatuen Munduko Federazioko idazkari nagusi laguntzaileak ere deklaratu zuen. Diezi indarkeriaren aldeko hitzik inoiz ez diola entzun nabarmendu zuen. Epaiketaren amaieran esan zuen harritu egin zela Diez «indarkeria eta terrorismoagatik» auzipetu zutela jakitean. «Hego Amerikakoa naiz ni. Han sindikalistak une oro auzipetzen gaituzte, era guztietako delituak leporatuta, baina uste nuenEuropan halako ohiturarik ez zela egongo».

Norberaren izenean

Auzipetuetako batzuek beren kabuz iritzi bilketa egin zutela berrestera etorri ziren beste lekuko batzuk. Floren Aoizen, Koldo Castañedaren eta Santos Indakoetxearen kasua da. Hirurek esan zuten Miren Zabaletak euren tesia azaldu eta iritzia eskatu ziela, modu pertsonalean. Castañedak zehaztu zuen galdetu egin ziola egituraren baten izenean al zetorren eta hark ezetz erantzun ziola.

Hainbat galdera eginez, fiskala saiatu zen nola edo hala eztabaida ETArekin lotzen, baina ez zuen lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.