Kabroia da Borja Senper, antza. Oso. Eta, itxura denez, seme txarra, etxekoak azken hamarkadetan sufriarazi egin dituelako. Halaxe, hitz horiekin definitu zuen PPko politikariak bere burua El Mundo egunkariaren igandeko zenbakian, minbizia gainditu egin duela azaltzen zuen elkarrizketan: «Kabroia izan behar da gurasoei hau egiteko: lehenik, ETAren mehatxua eta orain pankrea minbiziaren mehatxua».
Minbizia zuela jakinarazi ostean politikarien deirik jaso ote zuen galdetu zioten solasaldian. Bai, asko. Puigdemontek hots egin zion? Ez. Bildukoek? Ez. Intentzio txarrik ez kazetariaren galderetan, ez horixe! Bilduri buruz itauntzea ulertu daiteke. Azken batean, Euskal Herrikoak dira bai Borja Senper, bai koalizio subiranista. Baina zer dela eta Puigdemont? Behin hasita, zergatik ez zioten galdetu Raul Castrok Varaderotik deitu ote zion, eskuan rona eta hautsontzian purua? Eta Kim Jong-un korearrak Wonsan aldeko hondartzetatik, arrats epelean Errusiako goi funtzionario batekin xake partida hasi aurretik? Rhun ap Iorwerth galestarrak Harlech-eko gaztelutik, laut dortokei begira zegoen bitartean? Hara, horiek ere jendetasunik ez! Zeinen doilorrak diren gorriak eta separatistak.
ETA eta minbizia lotu ditu Senperrek elkarrizketan. Ez da mezu zuzena. Batere. Emoziotik berba egin du, barren-barrenetik, baina bi kontu, oso desberdinak, nahasi ditu: Alderdi Popularreko kidea izateagatik ETAren mehatxuak jaso izana eta minbizia izatea. Biak izan dira etxekoen sufrimendu iturri eta kezka, baina arrazoia —edo erantzukizuna, nahi baduzu— ez dira berdinak, inondik ere. Beste muturrera joanda: zer pentsatuko genuke ezker abertzaleko kide batek halakorik esango balu? «Nolatan sufriarazi ditut gurasoak? Lehenik, militantea izan eta torturak jasan ditut atxilotu nauten bakoitzean. Eta orain, minbizi puta hau! Ze kabroia naizen!».
Oso mezu makurrak dira. Bi lagunen ahoetan. Borja Senperri dagokionez, begi bistakoa da ez dela gozoa izan ETAren jomugan egotea. Ez berarentzat, ez bere senideentzat. Minbiziaren kontua guztiz bestelakoa da, ordea. Inork ez du erabakitzen, bere kabuz, gaitza izatea. Ez dago inoren esku. Horretaz erruduna zarela esateak minbiziak jotako milioika eta milioika lagun bihurtzen ditu hobendun. Susmagarri.
Zer pentsatu behar du Senperren hitzak irakurri dituen pertsona minbizidun batek? Eri izan eta, minaz eta higadura fisiko eta psikologikoez landara, kulparen itzalak areago belzten du haren egoera: «Ni bai kabroia, andreari sufrimendu hau eragitegatik». «Zeinen gaiztoa naizen, seme-alaba txikiak umezurtz utziko ditut, amarik gabe. Nire kulpagatik izango da». Hamaika modu izan lezake autoflagelazioak. Txikienen artean ere bai. Akaso kabroi gaiztoak dira haur-onkologikoan diren umeak? Beraiek erabaki dute, 5 edo 7 urterekin, gurasoak hain sadikoki oinazetzea?
Espero dezagun elkarrizketa minbizia duen ume baten guraso aztoratu samarraren eskuetan ez izatea. Imajinatu eszena onkologikoan: «Itsas bidaia duela sei hilabete lotu genuen, eta zuk minbizia duzu orain, gu izorratzeko. Bai, gure bidaia zapuzteko gaixotu zara. Gu hantabirusaz kutsatzeko desiratzen egongo zara, aita eta ama zurekin zulora joateko, kabroi zikina!». Film gore bateko irudi krudela litzateke. Krudelegia, odolik izan ez arren.
Joxe Mari Agirretxeri egindako elkarrizketa bat irakurri berri dut. Pailazoen lana, balioak, ekarpenak aipatu ditu Porrotxek. Onkologikora eginiko bisitak. 16 urteko gazte baten kasuaz mintzatu da. Haren gelan sartu eta Maite zaitut kanta jarri zion, dantzan. Abestiak gaixoaren umetako ilusioa, bizipenak, oroitzapenak ekarri zituen gogora. Oso une berezia izan zen. Ez du inoiz ahaztuko. Neska 19 urterekin hil zen.
Haurraren eritasuna, gurasoen estutasuna. Ez da semearen edo alabaren kulpa, baina. Minbiziak ez zaitu errudun egiten. Borja Senperrek hori jakin beharko luke. Bere aita-amek badakite. Minbizia duten beste gaixoen gurasoek ere bai. Seguru.