Atentatua

ETAk PSE-EEren Bilboko egoitza batean bonba lehertarazi du gaur goizean, eta zazpi ertzain arin zauritu dira

Abusu auzoan izan da atentatua, goizeko seietan. Kalte handiak eragin ditu egoitzan eta inguruko etxeetan. Bonba bost kilo lehergaiz osatua zegoen.

2008ko apirilaren 17a
11:19
Entzun
ETAk berriz ere PSE-EEren egoitza bat izan du helburu, gaur. Izan ere, goizeko seietan bonba bat lehertarazi du Bilbon sozialisten egoitza baten atarian, Abusu auzoan, Ibaialde kalean. Zazpi ertzain arin zauritu dira eztandaren ondorioz, eta atentatuak kalte handiak eragin ditu egoitzan -beheko pisuan, batik bat- eta inguruko etxebizitzetan, lokaletan eta autoetan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, bonba bost kilo lehergaiz osatua zegoen, erasoaren egileek maleta txiki baten barruan sartu eta maleta atean zintzilik jarri dute.

5:30ean ETAren izenean ezezagun batek DYAra deitu du, 6:00etan bonba bat lehertuko zela esanez. Ertzaintza ordurako, baina, inguruko etxebizitzetatik jendea ateratzen ari zen, egoitzaren atarian 5:10ean maleta txiki susmagarri bat ikusi duelako.

Herrizaingo Sailak esan duenez, zauritu diren zazpi ertzainetatik bik entzumenean izan dituzte lesioak, eztandaren zaratagatik. Beste bat lurrera erori da, "elbarri bati laguntza eman ondoren". Beste lau ertzainei beirak-eta erori zaizkie gainera. Javier Balza Herrizaingo sailburuak baztertu egin du ertzainen kontrako "tranpa" izan denik atentatua; "egoitza izan da helburua".

PSE-EEren Tomas Meabe egoitza haren aurreko taberna batean ere handiak izan dira kalteak, eta han inguruan zegoen auto bat txikituta geratu da.

Atentatuaren ondoren, ura moztu egin behar izan dute han; 120 bizilagun kaltetu dira hori dela-eta. Horretaz gain, Ertzaintza ikertzen ari da gas bideak ere kaltetuak egon daitezkeelakoan, eta itxita dauka ingurua.

Urriaren 9an ere atentatua egin zuen ETAk Abusu auzoan, Zamakola kalean, Galdakaoko (Bizkaia) PSE-EEko zinegotzi baten bizkartzain baten kontra: Gabriel Ginesen aurka. Autoaren azpian jarri zioten lehergailua, atzealdean, eta Ginesek erredura garrantzitsuak izan zituen.

Abenduaren 24an ETAk Balmasedako (Bizkaia) PSE-EEren egoitzaren kontra jarri zuen bonba eta otsailaren 29an Deriokoaren (Bizkaia) aurka. Martxoaren 7an Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi izandakoa hil zuen, Arrasaten bertan, tiroz.

Iazko ekainean su-etena hautsi zuenetik hamasei atentatu egin ditu erakunde armatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.