ETAren jardun politikoaren amaiera

ETAren «biktima ekonomikoek» ere aitortza merezi dutela dio Urkulluk

Erakunde armatuaren historia «porrotarena» dela esan du EAJko buruak Gasteizen, batzoki baten irekieran

Iñigo Urkullu, atzo, Gasteizko erdialdeko batzokiaren inagurazioan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
ETAren indarkeriak «kalte» egin dio euskal ekonomiari urte luzez, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen arabera. «Ezker abertzaleak urteetan bultzatu duen iraultza sozialista armatuaren ondorio suntsigarriak pairatzen ari da euskal ekonomia», adierazi du. Urkulluren ustez, indarkeriaren eraginez egon diren «biktima ekonomikoei» ere errekonozimendua eman beharko lieke ezker abetzaleak.

EAJ bakearekin erabat engaiatuta dagoela esan du Urkulluk, Gasteizen. Hiri erdialdeko batzokiaren inaugurazio ekitaldian izan da EAJko presidentea, Iñaki Gerenabarrena ABBko buruarekin eta Emilio Olabarria Arabako hautagaiarekin batera. ETAren iragarpenaren ostean ireki den aro berrian, egoerak «eskatzen duen mailan» egoteko eskatu die Urkulluk gainerako alderdi politikoei.

EAJko buruaren esanetan, bakearen inguruan «irakurketa asko» egin daitezke, baina jeltzaleek argi dute azken 34 urteen inguruko «irakurketa politikoa» ez ezik «irakurketa etikoa» ere egin behar dela. Hala, ETAren historia «porrotaren historia eta porrot horren ondorioen historia» dela nabarmendu du EAJko presidenteak:«Heriotza, estortsio, xantaia eta saminaren historia da, eta irakurketa hori zor diegu biktimei eta euskal gizarte osoari». Hurrengo belaunaldiei ere zor zaie errelatu hori, «indarkeria erabiltzeko tentaldirik izan ez dezan inork», Urkulluk ohartarazi duenez.

Bakea lortzea lehentasuna da EAJrentzat, baina ez lehentasun bakarra. Bakea eraikitzeko zumeak jarri behar direla esan du Urkulluk, eta horien artean dago akordioak eta politika ekonomiko eraginkorrak lortzea. «EAJren ereduarekin» hazkundea eta enplegua lortuko direla ziur da Urkullu, gainera. Oso kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritzak azkenengo bi urteetan egin duen kudeaketarekin: «Murrizketa handien eta emaitza eskasen politika da Lopezena».

«Euskadiren ahotsa»

EAJren proiektuaren defentsa sutsua egin du, halaber, Olabarria Espainiako hauteskundeetarako Arabako hautagaiak. «Madrilera Euskadiren ahotsa eramango duen alderdi bakarra da EAJ». EAJko hautagaiaren ustez, PSE-EEk eta PPk ez diete erantzuten «Euskadiren erronkei», beren programak Madrilen egiten dituztelako. Amaiurri, berriz, proiekturik ez izatea egotzi dio.

Olabarria harro agertu da jeltzaleek Espainiako Kongresuan egiten duten lanaren emaitzekin. Haren esanetan, EAJri esker Espainiako Gobernuak 1.256 miloi euro inbertitu ditu legealdi honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hau da, euskal herritar bakoitzeko 600 euro. «Inbertsio ona da egungo egoera kontuan hartuta».Halaber, nabarmendu du 18 eskumenen eskualdatzea lortu bada EAJren lanari esker izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.