Ezker abertzaleak badaki ez duela berdin jokatu gatazkaren biktima guztiekin. Eta badaki bere jarrerak mina areagotu duela. Autokritika garbia egin du ETAren biktimekin izandako jarrerareren inguruan, eta sentitzen duela jakinarazi die biktima horiei, ez zela beren asmoa mina gehitzea: «Onartzen dugu, gatazkaren gordintasunean, ezker abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazioa falta izan zaiola beste aldeko biktimekiko [...]. Ezker abertzaleak bere atsekabe zintzoa adierazi nahi du ETAren jarduera armatuaren ondorio mingarrien eta izan dugun jarrera politikoaren aurrean».
Bidea egiten jarraitzen du ezker abertzaleak. Besteek egiten dutenaren menpe egon gabe bake eta konponbide agertokira iristeko egin behar duela ulertzen duena egiten ari da. Igandean egin zuen azken urratsa, Donostian, Kursaaleko kubo txikian, Konponbide haizea dabil agiria aurkeztuz. Jendez lepo beteta zegoen eraikina.
Prozesu demokratikoaren barruan bakea lortzeko eman beharreko pausoei buruz hitz egin zuen Maribi Ugarteburuk ezker abertzalearen izenean. Trantsiziozko justizia behar dela aldarrikatu zuen, eta bost puntu zehaztu: indarkeria mota guztien desagerpena, gatazkaren ondorioei erantzutea, elkar onartu eta adiskidetzea sustatzea, Egiaren Batzordea osatzea eta elkarrizketa eta akordio demokratikoaren beharra.
Adiskidetzearen inguruko zatiak sortu zuen ikusmin handiena, baita kritika gehien ere. Esandakoa nahikoa ez izatea aurpegiratu zioten PPk eta PSOEk. Ugarteburuk atzo bertan erantzun zien akusazio horiei, Info 7 irratian. Ekitaldian adierazitakoak ez zituztela alderdien oniritziaren bila esan argitu zuen: «Batik bat eta gehienbat, euskal gizarteari begira aurkeztu dugu dokumentu hau, eta hark ongi baino hobeto ulertu du dokumentuak zer esan nahi duen».
Politikoen aldetik ez ezik, gotzainen aldetik ere barkamena eskatzeko exijentzia entzun da egunotan. Barkamena kontzeptu erlijiosoa dela azaldu zuen Ugarteburuk, eta ezker abertzalearen egitekoa «soluzio integralak topatzen dituzten planteamendu politikoak» egitea dela gaineratu zuen. Ezker abertzaleak egin duen bezala gainerako eragileek ere autokritika egitea ez legokeela gaizki gaineratu zuen.
Izan ere, ezker abertzaleak argi dauka «bidezko bake iraunkorra» eraikitzeko ezinbestekoa dela sufrimendu denak onartzea. Euskal Herria «bere horretan biktima» dela uste du, «estatu espainiar eta frantziarren indarkeria sistematikoa pairatu duen biktima». Hala, Ugarteburuk igandean esan zuenez, bi estatu horiek ere onartu egin beharko lukete, «Euskal Herriari eta herri honetan errepresio politika eta gerra zikina pairatu duten milaka gizon eta emakumeei eragindako mina».
Gertatutakoari buruz hitz egin eta egia azaleratzea beharrezkoa dela uste du ezker abertzaleak. «Egia osoa» jakin behar delakoan daude, eta, horretarako, «izaera independentea eta nazioartekoa» izango duen Egiaren Batzordea osatzea proposatu dute. Gatazkaren arrazoiak, ondorioak eta gehiegikeriak aztertzea litzateke batzorde horren egitekoa, ezker abertzalearen ustez, «benetako justizia eta biktima guztien mina konpontzeko». Batzorde horrekalde guztien arteko lankidetza egin behar luke.
Alderdiei eta estatuei batzorde hori osatzeko borondatea azaltzeko eskatu die ezker abertzaleak.
Ezker abertzalea. Kursaaleko adierazpena
ETAren biktimekin izandako jarrerari buruz autokritika egin du ezker abertzaleak
'Konponbide haizea dabil' agiria aurkeztu du, eta bakea lortzeko «trantsiziozko justizia» behar dela aldarrikatuAlde guztiekin elkarlanean arituko den Egiaren Batzordea sortzea proposatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu