liburua

ETAren sorrera garaiaren kontakizuna, "ideologietan sartu gabe"

Eugenio Ibarzabalek 'Cincuenta semanas y media en Brighton' nobela aurkeztu du, Donostian.

Eugenio Ibarzabal, Donostian, Elkar liburudendan, 'Cincuenta semanas y media en Brighton' liburuaren ale bat sinatzen. BERRIA
enekoitz esnaola
2015eko apirilaren 24a
16:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Ibarzabalek (Donostia, 1951) liburuaren aurkezpenean esan du behin semeak eskatu ziola berari ez kontatzeko iraganeko gertakizunei buruzko iritziak, "baizik eta iragana kontatzeko", eta horrek "zer pentsatua" eman zion. Hala, Euskal Herriko 1950 eta 1960ko hamarkadetako aldia kontatzeko "interesa" zeukala eta, "margolari baten moduan" ekin zion garai hura liburu batean paratzeari. Nagusiki, Bilbon kokatu du kontakizuna, "baina ideologia kontuetan sartu gabe. Bakoitzak osatuko du bere iritzia". ETAren sorrera garaiak izan ziren haiek (Ekin mugimenduaren sorreraren ondoren, 1959an eratu zen ETA; 1968an hil zuen lehen pertsona). Hala ere, Ibarzabalek ez du ETAren aipamen zehatzik egin liburuan. Hamarkada haietan "gazte batzuen eraginez" gertatutakoa gero "errepikatu eta errepikatu" egin da, idazlearen arabera.

Liburuko protagonista nagusiak —Benjak—, halako batean, Bilboko giro hura utzi, eta Brighton-era (Ingalaterra) joateko erabakia hartzen du, bestelako bizimodu bati ekiteko. "Bilbo lagata, askatu egiten da Benja".

Aurkezpenean "adiskide desberdinak" izan direla-eta gustura agertu da Ibarzabal. Han izan dira, besteak beste, Roman Sudupe (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa eta Iñaki Aldekoa (Aralar) ezker abertzaleko kide historikoa. Aldekoa bera, gainera, idazlearekin batera egon da mahaian, eta esan du "1958-1968ko detailerik txikienak liburuan islatuta" daudela. "Nik neuk ederki ezagutu ditut pertsonaje batzuk".

Ibarzabalek bere bigarren eleberria du Cincuenta semanas y media en Brighton (Berrogeita hamar aste eta erdi Brightonen). Aurretik, La trampa (Tranpa) idatzi zuen.

Kazetaritzan Herri Irratian, ETBn, TVEn eta Muga aldizkarian ibili zen, eta politikan ere jardun zuen 1980ko hamarkadan, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabineteburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile izan baitzen, ahaldun nagusi eta lehendakari Jose Antonio Ardanza zela. 1989an lanbideari buelta bat eman, eta Ibarzabal & Line enpresa sortu zuen —horrek argitaratu du liburua—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.