Nafarroako Parlamentua ETB3 eta ETB4 LTD bidez Nafarroan ikustearen alde agertu da gaur egindako bozketan. Soilik UPNk eman du aurkako botoa. Onartutako mozioan, Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu dezala hartarako baliabideak paratu ditzan.
Nekane Perez Nafarroa Baiko legebiltzarkideak erran du mozioa onartuta nafarrak "lehen mailako hiritar" bilakatu direla. "Hizkuntza diskriminazioaren kutsu argia zuen gaia zen hau", zehaztu du.
UPN izan da aurka bozkatu duen alderdi bakarra. Ramon Casado parlamentariak adierazi du bere alderdia ETB Nafarroan ikustearen alde dagoela, baina Nafarroako telebistak "ito" ditzateketela ETB3k eta ETB4k.
Juan Jose Lizarbe PSNko parlamentariaren ustez, berriz, "telebistari dagokion arazoa" da soilik. "Euskadik eta Nafarroak sinatutako protokoloan biltzen dena da, eta hori betetzea bertzerik ez dugu nahi".
CDNk ere alde bozkatu du, baina Juan Cruz Alli parlamentariak ohartarazpena egin dio Nafarroa Bairi: "Euskararen Legearen auziarekin eta Hizkuntza Gutxituen Kartarekin ez du inolako zerikusirik".
Azkenik, NEBeko Ana Figuerasek erran du Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko protokoloa "lehenbailehen" bete beharrekoa dela.
komunikabideak
ETB3 eta ETB4 Nafarroan LTD bidez ikusi ahal izatea eskatu du bertako Parlamentuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu