Eten egin dute 'Topatu' eta Ernaiko kideen aurkako epaiketa

Herri harresi bat egin dute gazteek ahozko saioa hasi aurretik, eta epaimahaiak kanporatu egin ditu.Zigor eskaerei eutsi die fiskaltzak

Auzipetuak, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzaren aurrean, atzo. J. DANAE / ARP.
Igor Goikolea, Berriemaile berezia
Madril
2015eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ernai ezker abertzaleko gazte erakundearen zazpi kideren eta Topatu.info-ko kazetari baten aurka atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi behar zuen epaiketa etetea erabaki du epaimahaiak, eta ekainaren 11 arte atzeratzea, auzipetuek beraiek ahozko saioen lehen egunean eginiko protesta batengatik. Auzipetuek ekintza hori egin zuten duela hiru aste Auzitegi Nazionalak zigortu eta espetxeratzeko agindu zuen zazpi gazte independentistei elkartasuna agertzeko eta euren aurkako auzia salatzeko.

Fiskaltzak hemezortzi hilabete eta 2 urte arteko espetxe zigor eskaerak egin ditu zortzi gazteentzat, 2013ko martxoan Urduñan eginiko Gazte Danbadan «terrorismoa goratzea» egotzita; zehazki, martxoaren 30ean Frantziako espetxe batean hildako Xabier Lopez Peña ETAko buruzagiaren heriotzarekin loturik ustez eginiko mobilizazio eta adierazpen batzuengatik. Honako hauek dira auzipetuak: Ernaiko Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno eta Topatu.info-ko Iraitz Salegi kazetaria. Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa ere auzipetuta zegoen, baina, herenegun, jakinarazi zioten ez zutela epaituko, «osasun arrazoiengatik».

Epaiketa hasi aurretik, auzipetu guztien izenean hitz egin zuen Aitor Andak, eta «zirku juridikotzat» jo zuen auzia: «Ustezko terrorismo delitu batengatik izan behar ginen epaituak gaur, baina argi daukagu akusazioa guztiz faltsua dela eta benetan gaur epaitu nahi dutena dela ukazioaren kontra eta inposaketaren aurka euskal disidentziak egiten duen lana».

Salegik ere hitz egin zuen komunikabideen aurrean, eta baita lekuko gisa deklaratzera Madrilera joandako Axier Lopez Argiako kazetariak ere. Topatu.info-koak azaldu zuen «ekitaldi publiko baten berri» eman zuelako nahi dutela epaitu. Argia-koak, berriz, Salegi eta Topatu.info-ren lana defendatu zuen. «Euskal kazetaritzaren parte dira, eta, beraz, guztiz zilegia izan zen euren lana eta gaur egun egiten dutena».

Ondoren, eta epaitegi barruan jada, defentsak, fiskaltzak eta akusazioak hartu zuten hitza lehenik. Orain arteko akusazio eta zigor eskaerei eutsi egin zieten fiskaltzak eta herri akusazioa ordezkatzen duen AVT elkarteak. 2013ko Gazte Danbadan «gudariei omenaldia» egitea leporatu zieten zortzi gazteei, eta, horrenbestez, «terrorismoa goratzea». Defentsak, aldiz, hainbat dokumentu gehitu zituen kausara, epaimahaiak aintzat har ditzan. Horien artean, 500 kazetari eta hedabidek Salegiren kasua salatzeko sinatu duten Kazetaritza ez da delitua izeneko agiria.

Aldeek epaiketa hasi aurretiazko zalantzak argitu ondoren, auzipetuek deklaratzeko txanda iritsi zen, baina soilik batek hartu ahal izan zuen hitza. Maialen Etxebarriak bere abokatuaren aurrean deklaratzen bukatu zuenean, zortzi auzipetuak altxatu egin ziren, «Euskal Gazteria aurrera!» oihuen artean. Azkeneko asteetan atxilotutako zazpi gazteen aurpegiak euren kamisetetan ikus zitezkeen, eta, epaimahaiari bizkarra emanez, herri harresi bat irudikatu zuten. Horren aurrean, Angela Murillo epaimahaiburuak agindu zuen auzipetuek ez beste guztiek aretoa uzteko; hori bete ostean, esertzeko agindu zien auzipetuei, epaiketa haiekin bakarrik jarraitzeko. Zutik, eskutik helduta eta oihuka jarraitzen zutela ikusita, haiek ere kanporatzeko agindu zuen, eta Madrilera babesa ematera joandakoen txaloen artean irten ziren epaitegitik. Ia ordubete kanpoan egon ostean, aretoan sartu ziren berriz zortzi auzipetuak, fiskala, abokatuak eta akusazioa, eta, orduan, epaimahaiak jakinarazi zien epaiketa bertan behera gelditzen zela eta ekainaren 11n jarraituko zutela. Aldi berean, fiskaltzak eta AVTk epaimahaiari eskatu zioten auzipetuek egindakoa delitutzat har daitekeen aztertzeko eta aretoan zeuden pertsonen jarrera ere kontuan hartzeko.

Murga anaiak, aske

Bestalde, Patxo eta Isidro Murga anaiak aske geratu ziren atzo. Ia zortzi urte preso eman eta gero, goizean utzi zuten Leongo espetxea (Espainia). Auzitegi Nazionalak epaitu eta zigortu zituen 18/98 sumarioaren barruan, Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik, ETAri laguntza ematea leporatuta. 74 urte ditu Patxo Murgak, eta 69 Isidrok. Zigorra osorik bete ondoren irten dira espetxetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.