Imanol Kerejeta. Donostia Ospitaleko Psikiatriako burua

«Etorkizuneko itxaropenak dira pertsonaren motorrak»

Uste du datorren urtean azaleratuko dela krisi ekonomikoak buruko osasunean zer kalte egin duen; alegia, «arazoaren neurria» ikustean.

LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoa gurera heldu zenean ohartarazi zuten, nolabait, eragina izango zuela gizartearen buruko osasunean. Ia lau urteren buruan, ondorioak ez dira bereziki larriak izan, Imanol Kerejeta (Caracas, Venezuela, 1953) Donostia Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko buruaren ustez. Ordea, urte batean egoera alda daitekeela iragarri du, Gasteizko Psikiatriako Gaurkotze Ikastaroen 20. aldian.

Krisiak espero zen beste eragin al du depresio eta antsietate kasuetan?

Krisiak eragin ditzakeen ondorio gogorrenak ez dira heldu. Uste dut hemendik urtebetera gehiago nabarituko dela; alegia, arazoaren neurria ikustean. Lan egin arren, kobratzeko arazoak dituzten pertsonak daude. Hilabete bat, bi, sei eman ditzakezu horrela, baina gauzak luzatzean...

Eraginik agerikoena, berriz, krisiak pertsona langabeen osasunean izan dezakeena. Nola eragiten die?

Etorkizuneko itxaropenak dira pertsonaren biziaren motorrak. Gauzak zerbaitegatik egiten ditugu. Etorkizun ona ikusten ez bada, pentsaerak ez dira onak izango. Lana izatea baino gauza txarrago bakarra dago: lanik ez izatea. Lanak ekarpen asko egiten dizkigu: eragina dugu, prestigioa. Hori galtzeak buruestimuaaldarazten du.

Lanera bideratutako denbora libre izateak egoera okertzen al du?

Zaila da jakitea nola bete behar den denbora libre hori. Prestatuko direla erabakitzen dute batzuek, baina lau hilabete igaro ondoren ekarpenik izan ez badu... Abulia batera eraman zaitzake horrek, gogogabetasunera. Helbururik ez baduzu, desiorik ez badago, ez dituzu gauzak egiten. Denbora betetzea ondo dago, baina ez da hori bakarrik.

Bete gabeko denbora horrek hainbat menpekotasun izateko arriskua al dakar? Alkohola, ludopatia...

... tabakoa, gehiegi jatea... Denbora gehiago daukazu, eta drogak erabiltzen dira, onura bat antzematen delako. Onurak epe laburrekoak dira, baina kalteak handiak izan daitezke.

Lana galtzeagatik tristezia sentitzea naturala dela nabarmendu duzu.

Naturala eta beharrezkoa da. Triste ez bazaude, da zerbait ez duzulako ondo neurtu. Kezkatu egingo nintzateke, berri txar baten inguruan pertsona batek barre egingo balu.

Egoera berriei aurre egiteko, 'berrirotik hasteko aukeratzat' jo daiteke.

Bai; baina tristezia normala dago, eta tristezia patologikoa. Estres normala dago, eta estres patologikoa. Badago urduritasun normala, eta urduritasun patologikoa.

Noiz bihurtzen da tristezia naturala depresio?

Zaila da muga zehaztea. Denboran luzatzen bada bihurtzen da patologiko, eta luzapen horrekin pertsonaren gaitasunak murrizten badira. Ez da ohiko gauzak egiteko gai, ez du kontzentrazio ahalmen bera, ez du jaten, ez du indarrik, pentsamendu txarrak ditu... Hala bada, arazo bat dago.

Pentsamendu txarrak?

«Zer naiz ni?». «Ez dut ezertako balio». «Ez dut hau gainditzen». Erruduntasun sentimenduak sortzen dira. Deprimituek ez dute erabakitzen haien egoera zein den. Hanka bat apurtuta izatea nahiago dute, ikus daitekeelako, azal dezaketelako eta ez dutelako aitzakiarik jarri behar.

Tentsioa, lana izan arren hori galtzearen beldurra... Lana dutenen buruko osasunean ere eragin al du krisiak?

Orain arte ez da gehiegi sumatu, baina gaur egun azaltzen ari dira. Ikusi izan dut gaixoak kaleratu dituztela; gaixotasun kronikoak izan, gaixo agiria maiz eskatu... Azkenean, produktibitatearen datuak eta legea eskuan izanda, kaleratuta.

Krisiak berdin eragiten al du gizonen eta emakumeen buruko osasunean?

Emakumeen burmuina pentsatzeko prestatuta dago, eta gehiago pentsatzen duena gehiago kezkatzen da. Historian, gizonak baino gehiago deprimitu dira emakumeak, baina depresio kasuak bietan modu bertsuan ugaldu dira. Emakumeak gehiago kezkatzen dira, baina erresistentzia handiagoa dute.

Patologia arinez hitz egin dugu: depresioa, antsietatea... Krisiak buruko gaitz larriak azaleratu al ditzake?

Azaleratu ditu, eta aurrera begira ere hori egingo du. Seguru. Gai psikiatriko guztietan inguruak eragin handia du. Arazo psikiatrikoek iturburu biologikoa dute, baita soziala eta norberaren historiarekin lotutakoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.