EHU Euskal Herriko Unibertsitateko komunitateak aldaketa eskatu zuen 2024ko errektoretzarako hauteskundeetan: Joxerramon Bengoetxearen (Irun, Gipuzkoa, 1963) taldea aise gailendu zen, boto haztatuaren %64 lortuta. Etzi beteko da urtebete kargua hartu zuenetik. Lanean aritu da harrezkero, unibertsitateko kideak zaintzea xede nagusitzat hartuta.
Hauteskundeetan babes handia bildu zenuen. Urtebete honetan sumatu al duzu halako babesik?
Bai, urte osoan, baina udazkenetik batez ere: zentro guztietatik pasatu gara, entzute biraren barruan, eta etorri zaizkidan kideen gertutasuna sumatu dut; eskatu didate ari garen moduan jarraitzeko. Uste dut unibertsitatean bazegoela aldaketarako nahia, eta nahi zutela arazoei beste modu batera aurre egitea. Jakina, beti ezin dira den-denak pozik utzi, baina saiatzen gara pozik geratzen ez direnean ere azaltzen zergatik jokatzen dugun modu batera edo bestera.
Nolako urtea izan da?
Interesgarria bezain mugitua. Oso erronka interesgarriak izan ditugu; horietako batzuk kanpainatik identifikatuta geneuzkan, baina beti gertatzen dira ezustekoak: apirilaren 28ko itzalaldia, egun batean Leioako ur hornidurak huts egin eta campusa hustea... Horrelako gauzak gertatzen dira, eta gertatzen direnean, erabakiak hartu eta erabaki horiek ondo komunikatu behar dira, guztiengana heltzeko.
Lortu nahi zenuen zer lortu duzu?
Gauza asko. Errektoretza taldean, lan egiteko modu oso atsegina eta eraginkorra lantzen ari gara; lorpenak lantaldearenak dira. Identifikatuta geneukan kolektibo batzuk prekaritatean zeudela eta gure lehentasuna izango zirela. Ordezko irakasleak jardunaldi osoan kontratatu ahal izatea izan da lehentasun nagusietako bat; arazoari heldu diogu, eta konpondu dugu. Doktoretza aurreko ikerlariena da kolektibo horietako beste bat, eta hobekuntza txiki bat egon da; gauzak hobetu behar dira, eta, horretarako, funtsezkoak dira Jaurlaritzarekin egiten ari garen negoziazioak. Beste kolektibo bati ere heldu nahi diogu: Tekazel teknikarien eta kudeaketako, administrazioko eta zerbitzuetako langileen artean, hamahiru eta hamalau kategorietako langileak. Jaurlaritzarekin negoziatzen jarraituko dugu, eta tematuta, egoera horiek hobetzeko. Tekazel langileentzat kontziliazio neurriak hartzen ere ari gara, lana eta bizitza pribatua hobeto uztartzeko. Irakasleei dagokienez, beste lorpen garrantzitsu bat hauxe izan da: promozio bidean dauden irakasleentzako konponbide bat topatzea. Itxaron-zerrenda oso-oso luzea egon da, berrehun pertsona ingurukoa, eta horientzat ere ari gara, Jaurlaritzarekin negoziatuta, bideak topatzen, itxaron-zerrenda arintzeko. Ikasleei dagokienez, kanpaina garaian eskari nagusietako bat zen partaidetzarako sistema bat martxan jartzea, eta ari gara Agora digitala ezartzeko bidean.
Baina lortu nahi zenuen zer ez duzu erdietsi?
Beti gehiago lortu nahi duzu, edo azkarrago, eta konturatzen zara gauzak ez direla hain errazak kudeaketan. Duela urtebete sartu ginen, eta, bost asteren buruan, LEP baten emaitza kaleratu, eta administrazioko, kudeaketako eta zerbitzuetako langileen herenak lanpostuz aldatu ziren. Langile berriak zeuden tartean, eta, neurri handi batean horren eraginez, guk bizkorrago aurrera eraman nahi genituen erabaki eta prozesu batzuk geldotu egin behar izan ziren ezinbestean. Gainera, unibertsitatearen asmoek eta egitasmoek finantzaketa egokia behar dute, eta langile nahikoa: teknikariak falta zaizkigu.
Oihartzun handia izan du Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate sailburuarekin izandako tirabirak. Zer moduzko harremana duzue Jaurlaritzarekin?
Unibertsitatean autonomia daukagu, baina ez dauka zentzurik Jaurlaritzaren laguntza eta finantzaketa nahikorik ez badago. Horrek eskatzen du erakunde guztien artean harremana izatea beti, eta harreman hori ona izatea; erabat sinesten dugu horretan. Batzuetan, zarata handiagoa atera dugu, ikusi baitugu Jaurlaritzak, gizarteak eta gure komunitateak jabetu beharra zutela zeintzuk diren unibertsitateren premiak. Premien diagnostiko oso sendoa eta serioa landu genuen. Lortzen ari gara gizartea jabetu dadin zein diren gure premiak, baita Jaurlaritzak zehatzago jakin dezan ere; eta, batez ere, lortzen ari gara EHUko kideek zera esatea: «Unibertsitate oso ona gara, baina behar batzuk ere badauzkagu baldin eta onak izan nahi badugu aurrerantzean ere, eta pertsonak ondo zaindu».
Perez Iglesiasek, ordea, ukatu egin zuen EHUk behar besteko finantzaketarik ez duela, eta «datu okerrak» ematea ere egotzi zizuen. Nola hartu duzue sailburuak horrelakoak esatea?
Diagnostikoa kontzientziaz eta zintzotasun osoz egin dugu. Gerta liteke bat ez etortzea haien eta gure daturen bat? Gerta liteke; hori mahai gainean jarri behar da, zuzena zein den ikusi, eta zuzendu.
Esan zenuten ezinbestekoa izango zela 192 milioi euroko inbertsioa egitea, EHUren «degradazioa» eragozteko. Ikusten duzue hori lortzeko modurik?
Gure asmoa da finantzaketa hobetzea. Jaurlaritzaren aurrekontua beste parametro batzuetatik etorri zen, eta esan genuen: «Honekin, gauden mailan jarraitu dezakegu, baina arlo askotan arazo serioak sor daitezke». Adibidez: beharrezkoa da eraikinak eta azpiegiturak etengabe mantentzea; horretarako, finantzaketaren hobekuntza egonkor bat behar dugu. Eta gure irakasleen eta langile guztien lan baldintzak hobetu behar dira; bestela, arazoak izango ditugu egungoei eusteko, baita arlo batzuetan irakasle berriak sartzeko ere. Etorkizunean egin beharreko pausoei heltzeko akordio eta adostasun orokor bat lortzen ari gara Jaurlaritzarekin, marko bat. Uste dut ditugun premiez jabetzen direla eta borondatea daukatela horiei heltzeko, gurekin batera.
Palestinako auzia ere izan da eztabaida iturri. Zenbait protesta izan dira Gazako genozidioa salatzeko, eta leporatu dizuete Israelekin lotutako enpresekin eta unibertsitateekin harremanak izatea.
Unibertsitateak erabaki oso garrantzitsua hartu zuen 2024an: genozidioa salatu zuen, Israel batez ere Gazan egiten ari zen giza eskubideak zapaltzeko politika, genozidio politika; elkartasuna adierazi zion Palestinako herriari, eta, bereziki, Gazako herriari; eta, jakina, konpromisoa hartu ez izateko harremanik Israeleko zientzialariekin, unibertsitateekin, enpresekin eta erakundeekin ez badute beren estatuaren eta gobernuaren politika salatu. Horri leial izan gatzaizkio, bete dugu, eta, kasu batzuetan, Europako hainbat proiektutan harremanak apurtu ere egin ditugu, Israelgo erakundeek parte hartzen zutelako. Horrekin batera, guretzat oso garrantzitsua izan da Palestinako herriarekiko elkartasuna: bekak eskaini dizkiegu hango irakasleei, Euskadi-Palestina partidan Palestinako selekzioko jokalariak hartu genituen gure Unamuno egoitzan... Horrez gain, eskatu dugu CRUE eta G9 taldearen bidez eskaera bat egin diezaiotela Espainiako Gobernuari: Europan galdegin dezala Israel baztertzea Europako ikerketa eta zientzia programa guztietatik. Ahal dugun guztia egiten ari gara Israelgo Gobernuaren politika genozida eta giza eskubideen aurkakoa salatzeko, eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko; horretan jarraituko dugu.
«Ahal dugun guztia egiten ari gara Israelgo Gobernuaren politika genozida salatzeko»
Gaur egun, EHUk ba al du inolako harremanik edo loturarik Israelgo edo Israelekin lotutako enpresekin, unibertsitateekin edo bestelako eragileekin?
Akordioa 2024ko apirilaren 24koa da, aurreko taldearena, eta guk geure egin dugu, eta areagotu ere bai, batzorde bat sortu dugu. Guk, orduz geroztik, ez dugu harreman berririk egin. Nik ezin dizut ziurtatu... Unibertsitateak aurretik dituen harremanetan edo zeharkako harremanetan ba ote den enpresaren bat harremanak dauzkana gurekin eta beste enpresaren batekin... Baldin badago, aztertu egin beharko da zer egin daitekeen, baina zerbait berria proposatzen bada, guk ez dugu onartuko.
Zenbait eraikinen egoera ere salatu izan duzue. Eman al duzue aurrerapausorik?
Norbait orain Leioako campusera joaten baldin bada, ikusiko du ari garela. Beharrezko beste obra batzuk ere identifikatu ditugu, ez Leioako campusean bakarrik: duela bi aste, entzute biran, Donostiako Kimika Fakultatean egon ginen, eta ikusi ahal izan genuen nolako itoginak dauden, horiek zer arrisku sortu ditzaketen, leku falta... Arabako campusean ere identifikatuta geneuzkan urgentziazko obra batzuk, eta horiek ere konponbidean jarri nahi ditugu. Horretarako ere beharko dugu finantzaketa, eta Jaurlaritzak prestasuna erakutsi zuen urgentziazko lan horiei heldu ahal izateko.
Irakasle batzuekin ere izan dituzue arazoak. Bati baino gehiagori egotzi diote mezu arrazistak zabaltzea, sexu jazarpena egitea... Zertan dira kasu horiek? Ondu duzue protokolorik edo?
Kasu bat berdintasun zerbitzuetan dago aztergai. Beste kasu bat konpondu da; antza denez, gaizki-ulertu bat izan zen. Beste kasu bat izan dugu Donostian irakasle batekin: mehatxatuta sentitu da bere ideologiagatik, eta ikasle batzuek ere adierazi digute ezinegona irakasle horren ideologiagatik. Hori ere konpontzeko bidean dago. Auzi bakoitzari gertuko testuingurutik heldu behar zaio, eta konponbideak bilatzen saiatu; horretarako, funtsezkoak da bitartekaritza sistemak ezartzea, hitz egitea, gure bitartekaritza eta laguntza eskaintzea... ziurtatuta desberdintasun politikoak eta ideologikoak errespetatzen direla.
Euskarari dagokionez, zer neurri hartu dituzue?
Medikuntza Fakultatean postu gehiago jarri ditugu euskaraz. Eta neurri garrantzitsuak hartu ditugu tesiak euskaraz idazten direnean laguntzak bermatzeko. Euskararen aldeko neurri orokor batzuk ere hartu ditugu bai barrura begira bai kanpora begira. Gure asmoa da euskaraz ere eskaintzea gradu guztiak, hautazkoetan eskaintza nahikoa egotea, eta masterretan ere ziurtatzea behar besteko eskaintza egongo dela.
Leioako campuseko euskara taldeak salatu zuen hautazko 285 irakasgaietatik 113 ezin direla euskaraz egin. Apustu irmoago bat egiteko asmorik ba al duzue?
Apustu irmoa daukagu. Ikasle kopuru jakin bat behar da hautazko bati eusteko. Ari gara proposamenak lantzen eta irtenbideak bermatzen hizkuntzetako batean kopurua osatzen ez denerako. Imajinatu: hautazko bat euskaraz eta gazteleraz eskaintzen da, eta hizkuntza bakoitzean hamar ikasle behar dira. Euskaraz zazpi dauzkagu, eta gazteleraz hamalau. Lehengo joera hau izango zen: euskarazkoa ez egitea, eta gaztelerazkoa bai. Oraingo joera, berriz, hau esatea da: hamalau gehi zazpi 21 dira [bakoitzean batez beste 10,5]; beraz, uler daiteke badagoela ikasle nahikoa hori eskaintzeko.
«Baldintza egokietan, pertsonok geure onena emango dugu, eta hori ona izango da gizartearentzat»
Lehen urtea egin duzue. Hemendik aurrera, zein dira lehentasunak?
Pertsonak dira lehentasuna, hala izan dira orain arte, eta hala izango dira aurrerantzean ere. Baldintza egokietan, pertsonok geure onena emango dugu, eta geure onena ematea ona izango da gizartearentzat.