Etxe turistikoei, sarraila berria

Donostian turistei alokatzen zaizkien etxebizitzak arautzeko ordenantza aurkeztuko du gaur udal gobernuak. «Lehen solairuen legea» mantentzeko eskatu du oposizioak

EH Bilduko kide bat Donostiako Bulebarrean, turismoari buruzko orri informatiboak banatzen. ANDONI CANELLADA / ARP.
Samara Velte.
Donostia
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Uda baino beroago eta luzeago dator eztabaida: etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza onartuko du gaur Donostiako udal gobernuak. AirBnB, HomeAway eta antzerako plataformetan iragarrita dauden ehunka oporretarako etxebizitzari eragingo die, eta negozio gisa erregistratu ahal izateko bete behar dituzten baldintzak zehaztuko dizkie. Oposiziotik, Amaia Almirall zinegotziak (EH Bildu) adierazi du etxebizitza turistikoak «gehiago mugatzeko» balio behar duela araudi berriak.

Zaila da jakitea zenbat etxe alokatzen diren helburu turistikoetarako Gipuzkoako hiriburuan. Eusko Jaurlaritzaren erregistroan 889 ageri dira, baina Interneteko bilaketa azkar batekin aise ikus daiteke eskaintza dezente handiagoa dela. Tabakalerako Hirikilabs laborategiak abuztuan ateratako datuen arabera, 1.829 iragarki daude AirBnB plataforman soilik; denera, 7.349 ohe eskaintzen dira. Neurria hartzeko: Donostiako hotel, pentsio eta ostatuek 9.100 lagunentzako lekua daukate.

Iragarritako apartamentu gehienek ez daukate lizentziarik. Iaz, etxebizitza turistei alokatzeagatik jasotako diru sarrerak aitortu ez zituzten 600 pertsona atzeman zituen Ogasunak. Nolanahi ere, Jaurlaritzaren lizentzia edukitzeak ez du esan nahi negoziook legezkoak direnik: Donostian indarrean den legearen arabera, behe solairuetan edo lehenbizikoetan soilik jar litezke apartamentu turistikoak. Udaleko Hirigintza Sostengarrirako Zuzendaritzak urtarrilean egindako behin-behineko ikerketa baten arabera, erregistratutako etxebizitzen %26k bakarrik beteko lukete baldintza hori. EH Bilduren ustez, ordenantza berriak «ezinbestean» mantendu beharko du arau hori, eta «baliabide gehiago» beharko dira hura indarrean sartzen dela ziurtatzeko.

Oposizioko udal taldeak berripaper informatiboak banatu zituen atzo Bulebarrean. Haietan, eztabaidaren muineko galdera irakur zitekeen: «Non dago turismoaren muga?». Alderdiak azaldu duenez, Donostiako alokairu arrunten prezioa %16 igo zen iaz, eta horretan «eragin handia» izan du eskaintza turistikoak: «Gero eta donostiar gehiagok hiritik kanpo bizitzera alde egin behar izan dute». Turismoa jarduera ekonomiko garrantzitsua izanik ere —6.424 langile ari dira sektore horretan, EH Bilduren arabera—, «ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik iraunkorra» den eredu bat eskatu du koalizioak, eta herritarrak izan daitezela horren neurgailu: «Gure eremu kutunez gozatzeko aukera izatea, gazteek etxebizitza alokatu edo erosi ahal izatea, sektorean lan egiten dutenen lan baldintzak onak izatea, eta abar». Proposatutako neurrien artean daude, besteak beste, tasa turistiko bat ezartzea —Ernesto Gasco Turismo zinegotziak ere iradoki izan du aukera hori—, jardueren etekinak sektoreko langileen baldintzetan islatzea, eta legez kanpoko etxerik ez onartzea.

Auzoen banaketa

Gutxi da ezaguna ordenantza berriari buruz; oposizioak ere salatu du udal gobernuak ez diola «zirriborrorik ere» aurkeztu. Zenbait hedabidek filtratu dutenez, hiriko auzoak turistifikazio mailaren arabera sailkatzea da udalaren asmoa, saturatuta daudenei neurri bereziak ezartzeko.

Lau etxebizitza turistikotik hiru erdialdeko auzoetan daude: Parte Zaharrean, Mirakontxan eta Grosen. Parte Zaharreko biztanleak sarri kexatu izan dira, «parke tematiko gastronomiko» batean bizi diren irudipena daukatelako: auzo elkartearen arabera, 6.000 biztanleko auzo horretan gutxienez 275 etxebizitza turistiko daude, 62 pentsio eta bi hotel. Auzo horretan dagoen «arazo larria mugatzea eta beste auzoetan sor daitezkeen arazoak ez areagotzea» bada helburua, «ongi etorria» izango da ordenantza, Almirallen hitzetan. Ohartarazi du, dena den, kontuz ibili behar dela erdialdeko efektua ez dadin periferiara kutsatu: «Ordenantzak ezin du balio izan arazo bat konpondu eta beste hamaika sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.