EAJ-ezker abertzalea

Etxean ezin konpondu

EAJ eta ezker abertzalearen alderdiaren arteko hartu-emana historikoki hotza, gogorra eta zaila izan da. Lizarra-Garazi garaian baino ez ziren jarri ados. EAJ eta Sortu orain berriro ari dira hizketan, baina aitortu dute elkarrekiko konfiantzarik ez dutela.

enekoitz esnaola
2014ko irailaren 14a
12:04
Entzun

Herenegun bete ziren 16 urte Lizarrako akordioa izenpetu zutenetik. 1998ko irailaren 12a zen, larunbata. Aurreko egunean, gauez, HBko Mahai Nazionaleko kide bat Egunkaria-ren erredakzio nagsira joan zen, Andoainera (Gipuzkoa), gustura, indar abertzaleak eta beste hitzarmen historiko bat sinatzera zihoazelako. «Udan gauzak asko azkartu ziren», Joseba Egibar EAJko GBBko buruak zioenez, eta HBko arduradun hark bazeukan duda txikiren bat eragileren batek azkenean sinatuko zuen ala ez, baina ziurtatu zuen eragile hura ez zela EAJ. «Batez ere, HBk eta EAJk lotutako akordio bat zen», azaldu zuen gerora Arnaldo Otegi HBko orduko bozeramaileak. Urtebete pasatxo iraun zuen Lizarra-Garazik. EAJ-HB (EH, Batasuna, Sortu) harremanetan akordio hura parentesi bat izan zen. Beste ahalegin batean dira orain.

Historikoa da euskal abertzaletasunaren bi esparruen arteko elkar ulertze eza. Franco Espainiako diktatorea 1975ean hil ondoren, esaterako, 1977an Angeluko (Lapurdi) Xibertan EAJren eta euskal ezker esparruko erakunde asko bildu ziren, Espainiako Estatuko trantsizioan abertzaletasunak norabide bat hartu behar zuen aztertzeko. EAJ, KASeko partaideak, ETAren bi adarrak, Alkateen Taldea, EAE-ANV, EKA, ESB, ES eta ESEI izan ziren —HB sortzeke zegoen artean—. Ildo estrategiko desberdinak zituzten EAJk eta ezker abertzaleko eragile gehienek: autogobernuarekin eskumenak lortu eta bidea gradualki egin asmoz, EAJk sisteman parte hartzen hasi behar zela uste zuen; aldiz, ezker abertzaleak, amnistia orokorrean ez ezik lurraldetasunean eta autodeterminazioan oinarrituta, estatuarekin haustura bultzatu nahi zuen, euskal fronte zabala eratuta. Bi estrategia. Indarkeria zen beste arrazoi bat elkar ez hartzeko. Trantsizioko bidegurutze hartan, bakoitzak bere bideari ekin zion. HB: «EAJk alderdi interesak lehentsi zituen». Xabier Arzalluz (EAJ): «ETAk bere eskema inposatu nahi zuen». 1979an islatu zen abertzaleen haustura: EAJk baiezkoa EAEko Estatutuari, HBk ezezkoa, erreferendumean abstentzioaren alde egin bazuen ere.

HB 1978an sortu zen, eta 1992ra arte EAJk eta biek ez zuten elkarrizketa ofizialik izan. Dena dela, 1986an bi bilera egin zituzten. Aurrena, apirilean, Bergarako (Gipuzkoa) Arrano elkartean: EAJtik Arzalluz (EBBko buru 1980-1984 eta 1985-2004 artean), Jesus Insausti Uzturre, Markel Izagirre, Carlos Claveria eta Xabier Agirre izan ziren. HBtik, Jon Idigoras, Iñaki Esnaola, Jokin Gorostidi, Txomin Ziluaga eta Iñaki Aldekoa. Hurrengo batzarra maiatzaren 26an egin zuten, Durangoko (Bizkaia) batzokian, eta han izan ziren, besteren artean, EAJko Joseba Arregi eta HBko Tasio Erkizia. Ekainaren 22an Espainiako hauteskundeak izan ziren.

1990ean ere izan zen hartu-emanen bat. 1992ko maiatzaren 12an Poliziak LABeko zuzendaritzakide baten etxea miatu zuenean, Herri Batasunaren akta bat aurkitu zuen: 1990eko apirilaren 26an EAJ eta HBk egindako bilerakoa. EAJtik Arzalluz eta Agirre izan ziren, HBtik Jose Luis Elkoro eta Aldekoa. El Pais-ek egin zuen publiko akta, 1994an, esanez Agirrek berretsi egin zuela aktako edukia. Espainiako egunkari haren arabera, HBkoen informeak zioen Arzalluz «lankidetza motaren baten» alde agertu zela, «baina tiroek jarraitzen duten bitartean ez da bat egiteko aukera handirik. Dena dela, uneoro hitz egin daiteke; hitz egitea ez da txarra». «Euskadiren burujabetzaz» ere mintzatu zen EBBko presidentea; EAJk bazuela plan bat, «Euskadiren» subirania 1998-2002 artean aldarrikatzeko, «Lituaniaren estiora», eta bere alderdia «bukaeraraino» joango zela autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenarekin. Aktak zekarrenez, Arzalluzek ez zuen uste ETAk eskubide hori lortuko zuenik Espainako Estatuarekin hitz eginda, baina bi parteen arteko negoziazioaren alde agertu zen. «ETA garaitua» izatea ona ez zela izango ere uste zuen. 

EAJ-HB lehen elkarrizketa iraunkor eta ofizialak, 1992an

1992: EAJ eta HBren arteko lehen elkarrizketa ofizialak, ezker abertzaleko alderdiaren ekimenez. Orduan ez zuten fruitu zehatzik eman, baina arrastoa laga zuten. Maiatzaren 20 eta 29an bileren prestakuntzarako elkartu ziren, eta  azkenekoan agiri bateratu bat egin zuten. «Harremanak finkatu» nahi zituztela zioten, eta «estatu espainolaren eta Hego Euskal Herriaren arteko gatazkaren diagnostiko bateratua» egin nahi zutela. Halaber, «Euskal Herriari subiranotasuna eman diezaioketen instrumentuen ezagutza» eta «elkarrizketa eta negoziazio ereduak zehaztea» zituzten xede. «Hori guztia, gatazkaren indarkeriazko adierazpenak gainditzeko eta bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko asmoarekin».

Bilboko hotel batean egin zuten HBk eta EAJk jendaurreko aurreneko bilkura, ekainaren 5ean (ostirala), goizeko hamarretatik aurrera. Hedabide ugari azaldu zen lehen uneko irudiak jasotzera. HBtik Idigoras, Iñigo Iruin eta Floren Aoiz ziren. EAJtik, Egibar, Juan Maria Ollora eta Gorka Agirre. Lau orduko batzarra. ETAk bezperan agiria plazaratu zuen Egin-en: «EAJ eta HBren arteko elkarrizketak gatazkaren irtenbide politikorako lagungarri izan daitezke».

Ekainaren 12, 16, 23 eta 30ean, eta uztailaren 6, 16, 22 eta 29an ere bildu ziren bi alderdiak. Inoiz Arzalluz ere joan zen. Bederatzi bilera guztira —azkena, Abadiñon (Bizkaia)—. 70 orduko hizketaldia. Emaitza: adostasunik ez. Ollorak eta Aoizek BERRIAri aitortu diotenez, baldintzarik ez zegoen HB-EAJ akordiorako.

Alderdien arteko konfiantza eza zegoen, ez ziren «elkar fio», Aoizen arabera. HBk bere aktetan lehen juntadizoko «detaile txiki baina esanguratsu bat» dakar: «Bilera bukatzean adostu genuen haiek atera zitezela lehenengo eta erantzun zitzatela hedabideen galderak, eta bost bat minutura gu aterako ginela. Bost minutura irten ginen gu, eta goizeko hamarretatik deituta zeukaten prentsaurreko bat ematen ari ziren, eta ETB2 zuzenean ari zen...».

Bilerei izaera desberdina eman nahi zieten EAJk eta HBk, ekainaren 5 hartako hedabideetako adierazpenetan soma zitekeenez. Egibar: «Grafikoki esanda, ez dugu nahi Portugaleteko Itsas Eskolaren transferentzia ekarriko duen esparru-juridiko berria ateratzea. Bileren helburuetako bat, biolentzia helburu politikoak lortzeko tresna gisa desagertzea da». Aoiz: «Ezinbestekoa da Euskal Herria eta Espainiako Estatuaren arteko hitzarmena, lau herrialdeen batasuna eta autodeterminazio eskubidea onartzen dituena».

Ollorak uste du «metodologian» huts egin zutela. «Nagusiki, iraganaz aritu ginen: EAJk zergatik heldu zion 1979ko bideari, HBk zergatik ez... Bilera arteko egunetan gertatutakoa ere leporatzen genion elkarri: honek hau esan zuela, besteak hura, zera gertatu zela... Horrela zaila da ados jartzea. Etorkizuna, aldiz, eraiki egin behar da, eta hor jarri behar dira indarrak. 1992ko elkarrizketetan, ordea, ez genion etorkizunari eman lehentasuna. Aurreneko hartu-eman ofiziala genuen EAJk eta HBk, hasiberriak ginen, prestakuntzarik gabeak». Ados da Aoiz: «Bilera bakoitzean denbora asko pasatzen genuen elkarri gauzak egozten. Nekagarria zen. Puntu komunak bilatzea zen helburua, etorkizunean elkarrekin zer egin genezakeen jakiteko, baina ikusi genuen iraganarekiko adostasuna lortzea ezinezkoa zela».

Gainera, Olloraren arabera, egoera politikoagatik «heldutasunik» ez zegoen kontaktuek fruitua emateko. Hor ere bat dator Aoiz: «Ez zegoen baldintzarik aurrerapausoak emateko». Gogorra eta gaitza baitzen egoera: 1988an, HBk salbu, Ajuria Eneko Ituna sortu zuten; 1989an euskal presoen sakabanaketari ekin zion Espainiako Gobernuak; ETAk urte haietan jende asko hiltzen zuen...

1992ko martxoan Frantziako Poliziak Bidarten (Lapurdi) ETAko zuzendaritza atxilotu izana ere oso inportantea izan zen. Aoizek dioenez, operazioak «astindua» eragin zuen ezker abertzalean. «Kolpe handia izan zen. 1992a aukera garrantzitsutzat jotzen zen ezker abertzalean, Bartzelonako Olinpiar Jokoengaitk eta Sevillako Expoagatik, agian estatua baldintzatzerainokoa, baina Bidarteko operazioa egon zen». HBko orduko bozeramaileak esaten du eurentzat «estrategikoa» zela «konponbidera begira elkarrizketa aldarrikatzea eta erabiltzea», eta horregatik egin ziela EAJri bilera eskaintza —1991ko Urrats Berri prozesuaren ondorioa zen eskaintza hura—. Horregatik ez ezik, 1992ko garai zehatz harengatik ere «HBrentzat oso garrantzitsua izan zen EAJrekin biltzea». Aoizek uste du jeltzaleek ezker abertzalean zer gertatzen ari zen jakitea bilatzen zutela, eta kontaktuetarako PSOEren balekoa zeukatela. «PSOE Espainiako Gobernuan zen eta Jaurlaritzan 1986tik EAJk eta PSEk idilio bat bizi zuten».

Bilera hasieratan testuinguruaz jardun zuten asko: UAren gorakada, EAren egoera, Jose Maria Calleja ETB2ko kazetariaren papera, hedabideetako filtrazioak, 1991ko bozak —HBri hainbat alkatetza kendu zizkioten–, Leitzarango autobidea —EAJ-HB akordioa—, Txema Montero eta Iñaki Esnaola HBko kide ohien ustezko intentzioak...

Eta ETAren jardueraz ere aritu ziren. EAJ-HB lehen bilera egin eta lau egunera — ekainaren 9an—, erakunde armatuak bederatzi militar zauritu zituen Madrilen. Ekainaren 12ko bilkuran HBk galdera «argia» egin zion EAJri: «Atentatuek baldintzatzen al dituzte elkarrizketak, bai ala ez?». Egibarrek-eta esaten zieten ETAk indarkeria utzi beharra zuela, eta atentatuek «posizio zailean» jartzen zutela EAJ. Jose Antonio Ardanza (EAJ) Jaurlaritzako lehendakariak ekainaren 10ean adierazi zuen ETAk inor hilko balu EAJ-HB elkarrizketak eten egin beharko liratekeela. «EAJk presio handia izan zuen sektore batzuetatik, ezker abertzaleari arnasa eman ziola egotzita», dio Aoizek. Juan Mari Atutxa (EAJ) Herrizaingo sailburuak 1992ko ekainaren 14an, bigarren bilera egin berritan, esan zuen HBko Mahai Nazionaleko batzuk ETA «berrantolatzeko» lanetan zebiltzala. Tentsioa goraka zihoan. «Batzuetan somatzen genuen Egibarrek-eta ez zutela EBBren babesik», azaldu du Aoizek.

Euskal Herriaren eraikuntza nazionalaz eta lurraldetasunaz ikuspuntu desberdinak zituzten. «EAJ Nafarroa EAEn sartu beharraz ari zen, bere proiektua baskongadetako erregionalismoan oinarritzen zuelako, eta guretzat formula ez zen hori», dio Aoizek. Jeltzaleek uste zuten abertzaleek burujabetzaz inoiz akordio bat egin beharko zutela, baina haientzat arazo gehiago sortzen zituen «nola»-k, «zertarako»-k baino. Autodeterminazioaz batak zein besteak esandakoak haizeak eraman zituen.

Bileretan, azkenerako, indarkeriaz eta ETA eta gobernuaren arteko balizko harremanez aritu ziren. Hori irakur daiteke agiri bateratu baterako proposamenetan. Madril mugitzeko prest zela ohartarazi zieten EAJkoek HBkoei ekainaren 16ko bileran. Rafael Vera Estatu Segurtasun idazkariarekin harreman zuzena zuten jeltzaleek. EAJk nahi zuena zen bi alderdien izenean ETAri jarduera behin-behinean uzteko eskatzea. HBk erantzuten zion estatuaren aldetik ere bazela indarkeriarik, eta bi aldeei egin behar zitzaiela gelditzeko eskaera. EAJk ez zion horri balekorik ematen, eta nahi zuena zen HBk ETA konbentzitu zezala indarkeriari uko egiteko. Ez ziren ados jarri. Uztailaren 29an bukatu zen elkarrizketa sorta.

1992koaren arrastoa

Dena dela, ondoko urteetarako baliagarri izan zen gogoeta bat atera zen atzeneko bileran: EAJk galdetu zuen ea posible izango al zen abertzaleen arteko akordio bat —nahiz eta hori estatuak beteko zuen bermerik ez izan—, eta, hala, ETA bigarren plano batean geratuz. 1998an, adibidez, Lizarra-Garazin eskema horrekin abiatu ziren.

EAJ eta HB 1992an ofizialki eta publikoki bildu izana izan zen beste «jauzi bat», Aoizen iritzian. Bederatzi bilera eta prestaketarako beste juntadizo batzuen bidez mintzaideek egindako harremana ere gerora begira kontuan hartzekoa izan zen haren ustez; «dena ez zen bilera, bazkari batzuk ere egin genituelako». Ollorak beste bi apunte «positibo» egiten ditu: «Batetik, bake eta normalizazio politikorako hausnarketa batzuk atera ziren, eta, bestetik, bi parteok ikusi genuen metodologia harekin ez gindoazela inora hurrena».

Duela 22 urteko elkarrizketa saioaren «porrotak» ez zuen Ollora «pozik» utzi, eta gatazka «modu berritzaile batez» jorratzeko «dedikazio intelektual eta politikoa» egin zuen ondoren, 1996an Una vía hacia la paz liburuan (Bakerantz bide bat, Erein) idatzi zuenez. «Teknika eta praktika desberdinekin heldu nion gaiari; kalitate pertsonalaren hobekuntzari eta nazioarteko gatazkei buruzko liburu batzuk irakurriak nintzen. Paradigma aldatu beharra zegoen».

Esaterako, Quebecen 1995ean independentzia erreferenduma egin zuten, eta EAJko mintzaideari asko gustatu zitzaion subiranistek hilabeteetan burujabetza proiektua gizartean azaltzeko egindako lana. Ipar Irlandako eta Palestinako bake prozesuak ere aztertu zituen, eta uste zuen Euskal Herriko prozesu berri baterako beharrezko izango zirela konponbidea beste era batera planteatzea, diskrezioa, parte desberdinen arteko aitortza, aurrebaldintzarik gabeko elkarrizketa eta guztia posible dela pentsatzea. Hori guztia, bide baketsuak erabilita.

ETAk 1995ean Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuen, ia hogei urte lehenagoko «KAS Alternatiba gaurkotzearen ondorioz». Aoizentzat «oso garrantzitsua» izan zen, «ETAk posizio aldaketa eman zuelako, gizarteari protagonismoa emanda. Horrek gerora gauza asko ahalbideratu zituen». Euskal Herriaren aitortza eta autodeterminazioa aintzat hartu behar zirela zioen ETAk 1995eko apirileko agirian, eta «gizarte osoak hartu behar du parte, aukerak, eztabaida eta erabakiguneak zehaztuz» ere bazioen. Ollorak, 1996ko liburuan idatzi zuenez, uste zuen Alternatiba Demokratikoak «potentzialitate politikoa eta inguruan borondateak batzeko gaitasuna» zeukala, baina kezkatuta zegoen ezker abertzalearen jokabidearekin: «HBrekin bileratan egon izan naizenean, bestearen tokian jartzeko kasik gaitasunik ez duela ikusi dut. Badirudi ahaztu egiten dutela norberak ideiak dituela, beste alderdi batekoa dela eta eraikuntza nazionalerako zilegi den beste proiektu bat izan dezakeela. Ez dakit ohartzen ari diren gero eta bakartiago geratzen ari direla». «Tic faxistak» ere ikusten zizkien.

Estrategia zen Olloraren kezka nagusietakoa. «Aldarrikapen baztertuezintzat» zeukan autodeterminazio eskubidea, baina haren lege aitortzak baino gehiago kezkatzen zuen «aitortza lortzeko landu beharreko izaera politikoko prozesu estrategikoak». Ajuria Eneko Ituna ez zuen egoera onean ikusten, blokeoa nabarmena zela iritzi zion —ETA-Polizia  konfrontazioan, Gernikako Estatutuaren garapenean, eta Hego Euskal Herria-Espainiako Estatua eta EAE-Nafarroa harremanetan—, eta pentsatzen zuen «EAJk normalizaziorako eta bakegintzarako estrategia propioa landu» behar zuela, burujabetzaz zer ulertzen zuen eta autodeterminazioaren alde noraino iristeko prest zegoen «argituta». Alde horretatik EBBko ideologotzat zuten askok Ollora.

1995ean HBk eragileekin bilera sorta bat egin zuen, laburra; ez zen deus atera. EAJrekin batzar bat egin zuten; Egibar, Ollora eta Agirre izan ziren jeltzaleen ordezkariak, 1992ko beraiek. Eta hirurek gerora ere jarraitu zuten zeregin horietan.

Gero eta tentsio handiagoa

1992az geroztik, gogoeta edo eduki aldetik bederen, EAJren eta ezker abertzalearen estrategiak gertuago egon arren, haien artean eta, oro har, gizartean tentsioa handitu egin zen: ETAk Joseba Goikoetxea eta Ramon Doral ertzainak hil zituen 1993an eta 1996an, Gregorio Ordoñez eta Jose Luis Caso PPko hautetsiak 1995ean eta 1997an, 1993an Gurutze Iantzi HBko hautetsia hil zen Guardia Zibilaren kuartelean eta Xabier Kalparsoro etakidea Espainiako Polizia etxean —biak ere ustez torturak jaso ondotik—, Atutxaren jarrera oso gogorra zen ezker abertzalearekiko, ETAren bahiketa garaietan bi elkarretaratzeetako kideen arteko liskarrak, xingola urdinaren kanpaina, HBko Mahai Nazionala 1997ko otsailean behin-behinean kartzelara Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik —apirilean bermepean libre atera ziren—... Iñaki Anasagasti diputatu jeltzaleak 1996an: «Ez dago [EAJ-HB] harremanik, enfrentamendua baizik».

1997ko uztaila mugarria izan zen. Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotziaren hilketa —ETAk—, eta ondorena. «Blancorena inflexio puntu bat izan zen», Aoizek uste duenez. «Olatu batek gainditua ikusi zen EAJ; hau da, ikusi zuen berak urteetan sortzen lagundu zuen mamua bere begira jarri zela Blancorenaren ondoren. Mobilizazioak oso espainolistak izan ziren, eta EAJ usaintzen hasi zen ezker abertzalea legez kanpo utziko zutela eta euskal politikagintzan zentraltasuna galduko zuela».

Zigor epaia jaso, eta HBko Mahai Nazionala 1997ko abenduan sartu zuten berriz ere espetxean. Ordurako, ordea, berriro eragileekin elkarrizketa fase bat saiatzea erabakia zuen HBk. Kartzelan sartu bezperatan, Rufi Etxeberriaren bidez, mezu hori helarazi zion EBBri —Egibar: «Politikan sartu nahi zutela esan ziguten»—. Batzutan elkartu ziren. HBk garai haietan Irlandako Foroa sustatua zuen, hango prozesua euskal eragileen artean modu partekatuan aztertzeko. «Konponbide demokratikoaren aldeko indarrak bildu nahi dira», esan zuen Etxeberriak, Mahai Nazionalaren izenean. «Giro bat sortzen ari zen», dio Aoizek. «Neuk, adibidez, ELAren egoitzan eman nuen kartzelara sartu aurreko azken prentsaurrekoa». ELA eta LAB 1995etik lankidetzan ziren autodeterminazioaren alde eta. Edota ELAk 1997ko urrian «estatutua hilda dago» esaldia bota zuen; «ETAk enbarazu» egiten zuela ere bazioen sindikatuak.

1998an otsailean izan zen HB-EAJ lehen batzarra. Jeltzaleen aldetik, azken urteetako hirukotea: Egibar, Ollora eta Agirre. HBtik: Iruin berriro, eta, lehen aldiz, Otegi. Modu diskretuan hasi ziren hizketan. Hala ere, izan ziren filtrazioak. «Jazarpen» batzuk modu nabarmenean izan zituztela kontatu zuen Otegik Bihar Euskal Herria liburuan (2005, Gara); ironikoki zioen ez omen zekitela atzetik zeuzkatenak CESID, Ertzaintza, Espaniako Polizia edota Guardia Zibila ziren.

Batzarren xede bat zen etorkizunari buruzko akordioa lortzea. Otegik 2005eko liburu hartan aitortzen du Ollorak Una vía hacia la paz-en ezker abertzalearen «oso antzeko diagnostikoa» egina zuela. Bileren beste helburu bat: uneko gertakizunek ez moztea elkarrizketak. «ETAk militante jeltzale bat hilda ere» EAJk HBrekin hizketan segituko zuela adierazi zuen Egibarrek Euskadi Irratian 1998ko maiatzean. Ekainaren 5ean Ertzaintzak Ina Zeberio etakidea hil zuen Gernika-Lumon (Bizkaia), operazio batean. EAJk eta HBk egun hartarako bilerako ordua jarria zuten, eta ez zuten suspenditu; HBkoek galdetu zieten esateko zein zen hildakoa, esan zieten, eta han bukatu zen batzarra. Otegi izan zen Zeberioren hilkutxa eraman zuen bat. Beste batean, bilera bukatu ostean Otegi eta Joseba Permach autoa ezin arrankatuta geratu ziren, eta Ollorak lagundu zien pintza batzuekin. Otegi: «Txantxetan esan genuen, behingoagatik EAJk jarri zuela martxan ezker abertzalearen motorra». Harremana sendotzen ari ziren.

1998an otsailetik irailera hamabi bilera egin zituzten HBk eta EAJk. Sasoi hartan beste eragile batzuek ere hartu zuten parte elkarrizketa prozesuan: EAk, ETAk... Irailaren 12an sinatu zuten Lizarrako adierazpena 23 eragilek —gehiago batu ziren gero—, Nafarroako herri hartan. «Izaera politikoko gatazkaren konponbidea» zuen mami: elkarrizketa eta negoziazioa, gizartearen aniztasuna, aurrebaldintzarik, inposaketarik eta indarkeriazko adierazpenik ez, Euskal Herriak hitza eta erabakia, estatuen errespetua. ETAk irailaren 18an su-etena jarri zuen indarrean. Gerora ikusi zenez, eraikuntza nazionala ere bazen sinatzaileen beste xede bat, 1999ko irailean Udalbiltza jarri zutelako martxan, Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarra.

Aurretik, 1998ko urriko hauteskunde autonomikoen ondoren, EAJk, EHk —HBren ordez zen jada— eta EAk Jaurlaritzako gobernu akordioa sinatu zuten 1999ko maiatzaren 18an, EH exekutiboan sartu ez zen arren. Baina laster, 1999ko ekainaren 13ko udal eta foru bozetan, EAJ-EAk uste baino emaitza apalagoak atera zituen, eta EHk onak izan arren, bazuen kezkarik Otegik: «Permachi esan nion emaitza bikaina zela ezker abertzalearentzat eta ezin txarragoa prozesuarentzat, 'EAJk atzera egingo baitu'». Otegik aipatu zuen geroztik mintzaideak aldatu zituela EAJk, 1999ko hauteskunde osteko lehen bilkurara aurrekoetatik Egibar baino ez zelako azaldu; beste biak Joseba Aurrekoetxea eta Ricardo Ansotegi izan ziren —2005eko Bihar Euskal Herria liburuan Otegiren ñabardura: Josu Jon Imazen ildokoa zela Aurrekoetxea—.

ETAk 1999ko azaroaren 28an jakinarazi zuen su-etena bukatutzat eman zuela. Eta Lizarra-Garazi akordioa hautsi egin zen. «Modu gozo batean esanda, batzuen pazientzia ezagatik eta besteek amore ez emateagatik bukatu zen», Ollorak orain ere uste duenez.

Imaz: «Lehendabizi, bakea»

Garai gogorrak berriro: ETAk Joxe Mari Korta enpresaria hil zuen 2000n, Batasuna legez kanpo utzi zuen Espainiak 2002ko Alderdien Legearekin, ezker abertzaleko arduradun askoren espetxeratzeak... Batasunak harreman garrantzitsua izan zuen Juan Jose Ibarretxe (EAJ) Jaurlaritzako lehendakariarekin (1999-2009), baina ez EBBrekin. EAJren zuzendaritzan, gainera, aldaketa esanguratsu bat eman zen 2004ko urtarrilean, Arzalluz erretiratzean: Imaz jarri zuten buru, barne hauteskundeetan, iskanbila eta guzti, Egibarri ozta-ozta gailenduta. Imazek sintonia hobea zeukan Madrilekin, Batasunarekin baino. «Lehendabizi bakea, gero politika» zen haren esaldirik ezagunenetakoa —hori «eskema perbertsoa» zela txarretsi zuen Egibarrek—. 2004tik Imazen ildokoek agintzen dute EBBn; Iñigo Urkullu Jaurlaritzako egungo lehendakaria 2008-2012 artean izan zen EBBko buru, eta geroztik, Andoni Ortuzar dago.

EAJ gabe, gatazkaren konponbide baterako PSE-EErekin bide bat urratzen hasia zen, ordea, Batasuna: Otegi 2001etik zebilen Jesus Egiguren PSEko presidentearekin hausnarrean. Hura forma hartzen joan zen, Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) 2006ko udazkeneko elkarrizketetara iristeraino.

«Angelu zuzeneko U bat osatzen zuten solaskideek bilera gela karratuan, bakoitza bere mahai txikiaren atzean. Erdiko errenkadan, ateari bizkarra emanez eta leihoari begira, Iñigo Urkullu eta Josu Jon Imaz. Alboetako batean, Imazen eskuinetara, Rodolfo Ares eta Jesus Egiguren; eta beste aldean, Urkulluren ezkerretara, Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia eta Arnaldo Otegi. Gortina urdin handiak estaltzen zuen leiho orobat handia; gortina zabalduz gero, Loiolako Basilika ikusiko zuten negoziatzaileek parez pare. Diskrezio osoarekin iritsi ziren guztiak Loiolara irailaren 20an, goizean goiz, 8:30ean baitzuten hitzordua». Hala dio Loiolako hegiak liburuak (Imanol Murua Uria, Elkar-BERRIA, 2010) Hasi dira negoziazioak atalaren hasieran. Otegi: «Hirurok [Batasuna, PSE, EAJ] bildu aurretik. Egigurenekin esploratua genuen noraino irits gintezkeen». Liburu hark dakarrenez, 2006an, prozesua garai erabakigarrira gerturatzen hasitakoan, «akordio politikorako negoziazioetarako gai zerrenda posible bat proposatu zuen Batasunak, baina oraingoan PSE-EEri ez ezik EAJri ere helarazi zion». Otegiren-eta ekimena izan zen jeltzaleei deitzea Loiolarako. Akordioa «erabakitzailea» izateko Euskal Herriko ahal den «familia politiko» gehien nahi zituztelako hots egin zieten EAJkoei. Baita joan ere haiek.

Hamabi bilera egin zituzten Loiolan, eta 2006ko azaroan Elkarrizketa eta Akordio Politikorako Oinarriak izeneko dokumentua izenpetzear izan ziren. Akordioak bost puntu zituen funtsean: 1. Euskal Herriaren aitortza. 2. Euskal herritarrek hartutako erabakiak Espainiako Estatuak errespetatzea, eta proiektu guztiak defenditu eta gauzatu ahal izatea. 3. Nazioarteko ordenamendu juridikoan jasota dauden herritarren eskubideak errespetatzea. 4. Organo komun bat sortzea EAEko hiru herrialdeen eta Nafarroaren artean, eskumenekin. 5. Marko juridikoan erreferendumerako eskubidea jasotzea.

Saio hura ere ez zen atera. Batasunak «akordio zehatzagoa» nahi zuen erabakitzeko eskubidean eta lurralde egituraketan, eta proposamen bat egin zuen. Otegik gero aitortu zuen ezker abertzaleak «urduritasun puntu batekin» jokatu zuela. Dena den, Egibarrek eta Batasunak uste zuten Loiolan aurreratutakoa baliagarria izan zitekeela hurrengo prozesuetarako.

Formalki su-etenean zen arren, ETAk 2006ko abenduaren 30ean atentatua egin zuen Madrilen, Barajas aireportuan, bonba-auto bat lehertuta: bi lagunen heriotza.

Iaztik berriro biltzen, zailtasunekin

Ezker abertzaleak legez kanpo jarraitu zuen 2012ra arte, eta EAJ eta haren artean ez zen harreman iraunkorrik izan. Sortuk 2011ko otsailean aurkeztu zituen estatutuak —indarkeriaren errefusa, ETArena barne, eta soilik bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua– eta, oraindik Espainiako Justiziak legezko jo gabe, EAJrekin batzar bat egin zuen Bilbon, Sabin Etxean. Dena dela, harreman ofizial eta publikoei ekin, 2013ko uztailaren 3an ekin zieten.

Sorturen Donostiako egoitzan batu ziren Sortuko Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu, Hasier Arraiz eta Pernando Barrena, eta EAJko Koldo Mediavilla, Pilar Garcia de Salazar, Andoni Ortuzar eta Joseba Egibar. Hedabideak han ziren, ugari, hasierako irudiak jartzeko. Aurtengo otsailera arte hilero bildu ziren, baina eurek aitortu zuten ez zirela konpontzen: metodologian arazoak, gaitegian adostasunik ez —erakunde publikoetako kudeaketa gaiak ateratzen zituen EAJk—... 

Joan den uztailaren 24an ekin zioten berriro biltzeari, «elkarlanerako oinarriak» zehazteko asmoz baina elkarrekiko konfiantzarik ez dutela aitortuta. Sabin Etxean elkartu ziren. Aste honetan ere batu dira, asteartean —irailak 9—, leku berean. Azken bi batzarretan jeltzaleen aldetik Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea antolakuntza arduraduna izan dira, eta Sortutik Hasier Arraiz alderdiko Kontseilu Nazionaleko presidentea eta Rufi Etxeberria gatazkaren konponbiderako arduraduna.

Mahai gainean dituzte, batik bat: bizikidetza eta gatazkaren ondorioak —presoak, biktimak, ETAren desarmatzea, iraganarekiko irakurketa— eta erabakitzeko eskubidea. Ikuspuntu eta estrategia desberdinak dituzte. EAJk Madrilekin akordioa nahi du. Sortuk dio gaur-gaurkoz hori ezinezkoa dela eta lehendabizi Euskal Herrian lortu behar dela akordioa. Eraikuntza nazionalaz ere jokabide desberdinak dauzkate; kasurako, EAJk egun ez du Udalbiltza bultzatzen —desaktibatua du Udalbide—.

Baina badira bestelako osagai edota baldintza batzuk: ETAk bukatua du jarduera armatua, euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko aktibazio sozial handia lortu du Gure Esku Dago-k, Eskoziako eta Kataluniako independentzia galdeketak, edota Nafarroako datorren urteko foru hauteskundeetako gobernu alternatiba aukera.

Ikusteko dago zertara iristen diren EAJ eta Sortu.

Ipar Irlandan eta Katalunian, esaterako, abertzaleen bi esparru nagusiek lortu zuten ados jartzea, eta erabakigarria izan da hango prozesuetan. Ipar Irlandan, John Hume (SDLP) eta Gerry Adamsen (Sinn Fein) 1993ko akordioaren ondorioz, bake eta normalizazio politikoaren prozesua hasi zuten. Katalunian, CiUk eta ERCk 2012ko abenduan bide orria sinatuta, burujabetza prozesuan dira.
 

- Argazki bilduma: 1986, 1992, 1998, 1999 eta 2013ko irudiak.
- Oharra: papereko artikuluaren bertsio zabala da hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.