Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirain euskal presoen kontrako epaiketa berriro egin beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalak, haien tortura salaketak nahikoa ez aztertzeagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du Auzitegi Nazionalaren epaiketa bertan behera utzi eta prozesu judiziala berriz ere abiaraztea, Europa Press albiste agentziak iturri judizialak aipatuta adierazi duenez. Ondorioz, baliogabe geratu da Etxebarriaren eta Zapirainen kontrako hamabost urteko kartzela zigorra; ETAren izenean 2006ko urtarrilean Bilboko Santutxu auzoko INEMeko bulego batean lehergailu bat jartzea egotzita ezarri zieten kartzela zigorra.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatuaren kontra ebatzitakoa hartu du oinarri Gorenak. Hain zuzen, 2014an Etxebarriaren eta Oihan Ataunen tortura salaketak nahikoa ez ikertzeagatik zigortu zuen Espainiako Estatua Estrasburgok. Gorenaren erabakiak orain arte urratu gabeko bidea hartu du: Espainiako Justiziak lehenengo aldiz egin du bere Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, tortura kasuei lotuta, estatuaren aurka ezarritako zigor baten jurisprudentzia. Ikusteko dago erabakiak eraginik izango duen antzeko beste kasuetan.
Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirain 2011ko martxoan atxilotu zituen Guardia Zibilak, Bilbon, ETAko kide izatea leporatuta—Daniel Pastor eta Lorena Lopez ere atzeman zituzten—. Epaiketa prozesuan atxilotuek ukatu egin zituzten inkomunikazio egoeran egotzi zizkieten delituak. Adierazpenak torturapean egin zituztela salatu zuten Etxebarriak eta Zapirainek ere —Pastor, adibidez, bi aldiz ospitaleratu zuten—.
Etxebarriaren tortura salaketa nahikoa ez ikertzeagatik kondenatu zuen Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Estatua, 2014ko urrian: hari 29.000 euroko kalte-ordaina ematera behartu zuen. Horrez gain, inkomunikazio erregimena baliogabetzeko eskatu, eta torturaren prebentziorako eragileen gomendioei entzungor egitea leporatu zion Espainiari.
Europaren zortzi zigor
Zortzi aldiz zigortu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua, tortura kasuak direla eta. Lehenengoz, 2004. urtean, kataluniar baten salaketaren harira. Orduz geroztik, euskal herritarren auzien ondorioz jaso ditu Espainiak gainontzeko zazpi zigorrak. Azkena, joan den maiatzaren 31n jaso zuen. Xabier Beortegi iruindarrak 2011n aurkeztu zuen tortura salaketa «behar bezala» ez ikertzeagatik, 20.000 euroko ordaina eman behar izan zion Espainiako Estatuak.
Behortegi 2011ko urtarrilean atxilotu zuten, Nafarroan Ekinen kontra egindako sarekada batean. Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta pasatu zituen lau egunetan torturatu egin zutela salatu zuen epaitegietan, baina urtebeteren ondoren auzia artxibatu egin zuen Justiziak.
Kasuak «berrikusi» beharra
Torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen diren zigorrak «berrikusi» egin behar direla adierazi du Sortuk, hedabideetara igorritako ohar baten bidez, Auzitegi Gorenaren erabakiari buruzko informazioa jakinarazi eta gutxira. Ezker abertzaleko alderdiak esan duenez, «asko dira torturapean egindako aitorpenen ondorioz espetxeratuak izan direnak, eta horietako asko eta asko espetxean daude oraindik».
Sortuk nabarmendu du Gorenak aintzat hartu duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezarritako jurisprudentzia.
Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren aginduz Paco Etxeberria auzi medikuak gidatzen duen taldeak orain arte 4.009 tortura kasu atzeman ditu, oraingoz, ekainaren bukaeran jakinarazi zuenez. 1960. eta 2013. urteen arteko kasuak dira haiek denak. Urte amaieran izango dituzte behin betiko emaitzak.
Etxebarriaren eta Zapirainen zigorra baliogabe utzi dute, torturak ez ikertzeagatik
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Auzitegi Nazionalaren zigor epaia, eta epaiketa berriro egiteko eskatu du. Estrasburgok ebatzitakoan oinarritu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu