Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiak ados dira gauza batean: etxebizitzaren egoera kritikoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta tentsio hori arintzeko neurriak hartu nahi dituzte. Beste kontu askotan bezala, baina, neurri zehatzei buruz hitz egitean azaleratzen dira desadostasunak. Eusko Jaurlaritzako bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE, lege proposamen bat bultzatzen ari dira, etxebizitzaren, hirigintzaren eta lurzoruaren alorrean presazko neurri batzuk hartzeko, baina oposizioari ez zaizkio ez neurriak ez moduak gustatu. Gainera, adostasunik eza ez da soilik talde politikoen artean gertatu; horren adibide da Euskal Herriko hamazazpi talde ekologistak berriki sinatu duten dokumentua, non haien larritasuna plazaratzen duten, lege proposamena ingurumen bermeen kalterako izango delakoan.
Legea oraindik bere ohiko tramitazio bideari jarraitzen ari da Eusko Legebiltzarrean. Adrian Fernandez PSE-EEko legebiltzarkideak azaldu duenez, irailaren 10ean amaitu zituzten batzordeko agerraldiak, eta zuzenketen epea amaitu berri da; beraz, laster iritsiko da osoko bilkurara: «Saiatuko gara urtea amaitu aurretik onartzen».
1
Legearen xedea
EAJko legebiltzarkide Jonatan Morenok garbi du: «Etxebizitzari dagokionez, larrialdian gaude». Hain zuzen ere, legea arazo hori konpontzera datorrela nabarmendu du: «Milaka gazte gure zain daude etxebizitza aukerak handitzeko. Lege horren bidez, gure xedea da etxebizitza gehiago egitea eta prezioak merkatzea». Lege proposamen horrek sei lege aldatuko ditu, eta ziur dago nagusiki etxebizitzen promozioen tramitazioak azkartuko dituela: «Normalean, ondo bidean, etxebizitza promozio bat aurrera ateratzeko, bi urte edo bi urte eta erdi behar dira; lege hori indarrean jarrita, erdira jaitsi nahi dugu epe hori. Horrek asko arinduko du egoera, jendeak ezin baitu hamar urte itxaron bere etxebizitza beharrak asetzeko».
Ildo beretik defendatu du legea PSE-EEko hautetsiak, Fernandezek: «Legearen helburu nagusia etxebizitza parke publikoa handitzea da. Egun indarrean dagoen lurraren legea 2006koa da, urtean 15.000 etxebizitza eraikitzen zirenekoa, eta orain 5.000 inguru eraikitzen dira; hau da, egoera oso ezberdina da». Gaur egun «oztopo burokratiko» asko daudela uste du, eta neurri berriek egoera arintzen lagunduko dutela azaldu du.
«Egun indarrean dagoen lurraren legea 2006koa da, urtean 15.000 etxebizitza eraikitzen zirenekoa, eta orain 5.000 inguru eraikitzen dira; hau da, egoera oso ezberdina da»
ADRIAN FERNANDEZ PSE-EEko legebiltzarkidea
EH Bilduko legebiltzarkide Xabier Astigarragak BERRIAri azaldu dionez, bere koalizioa bat dator gobernuko alderdien diagnostikoarekin, eta beharrezkoa iruditzen zaie eraikuntza tramiteak azkartzea, baina ez daude ados hori konpontzeko alderdiek hartu duten bidearekin. Sumar alderdia ere legearen kontra agertu da, eta, Astigarragak salatu moduan, alderdi arrosak uste du kontraesankorra dela proposamena, legeak «uztargarri» egin nahi baititu «etxebizitzaren funtzio soziala eta izaera ekonomikoa»: «Etxebizitzak bizitzeko dira, ez espekulatzeko».
2
Legearen tramitazioa
Legeak aurrera egiten badu, oposizioko alderdien babesik gabe egingo du aurrera. Ostiral honetan amaitu da zuzenketak aurkezteko epea, eta, baten bat onartzeko aukera badago ere, legeak ziurrenik gobernu taldeko bi alderdien babesa izango du soilik: EAJrena eta PSE-EErena. EH Bilduk, lehenik eta behin, lege proposamena onartzeko bidea kritikatu du; izan ere, tramitazioa ez du Eusko Jaurlaritzak abiatu, EAJren eta PSE-EEren talde politikoek baizik, eta horrek tramitazioa azkartu duela salatu du koalizioak.
«Normalean, ondo bidean, etxebizitza promozio bat aurrera ateratzeko, bi urte edo bi urte eta erdi behar dira; lege hori indarrean jarrita, erdira jaitsi nahi dugu epe hori»
JONATAN MORENOEAJko legebiltzarkidea
Astigarragak azaldu duenez, «gobernuak egin du legea, eta sailburuak aurkeztu zuen», baina alderdien bidez tramitatu dute. Haren esanetan, lege proposamen bat gobernuak tramitatzen duenean, «berme gehiago» du, txosten gehiago egin behar baitituzte beste entitateek proposamena babesteko. Kasu honetan, adibidez, EH Bilduko hautetsiak nabarmendu du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak eta Eudelek txostenak aurkeztu beharko lituzketela, lege proposamenak «udalei eragiten baitie gehien», baina hori saihestu nahi izan dute.
3
Udalak, ingurumen organo
Guztira sei lege aldatuko ditu legeak, promozioen tramitazio epeak gutxitze aldera, Jonatan Moreno EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez. Udalen jardunean eragina izango dute aldaketa horietako batzuek, eta Astigarragak salatu du tokiko gobernuei lan karga handituko zaiela, eta diru iturriak murriztu. Izan ere, udalen esku egongo da ingurumen inpaktuaren txostena egitea, betiere 7.000 biztanletik gorako herriak badira.
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako alderdiek aurkeztutako proposamenak norbait asaldatu badu, talde ekologistak asaldatu ditu. Hasieratik salatu dutenez, legeak hainbat ingurumen berme higatuko ditu, eta hori argudiatzeko arrazoietako bat ingurumen ebaluazioa udalek egitea da. Zehazki, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 62. artikulua aldatuko dute: «Era berean, aurreko atalean ingurumen organoari aitortutako eskumena 7.000 biztanletik gorako udalari esleitzen zaio ingurumen ebaluazio estrategikoa duen plangintza orokorra unean-unean garatzen edo aldatzen duten plan eta proiektuei dagokionez, betiere eskumen hori bere gain hartzea erabakitzen badu», dio lege proposamenak egindako moldaketak.
«Ingurumen arloko bi lege garrantzitsu aldatuko dira, eta horrek esan nahi du gaur egun dauden bermeak gutxitu egingo direla»
ANDRES ILLANA Ekologistak Martxan-eko kidea
Ekologistak Martxan taldeak, beste hamasei ingurumen eragilerekin batera, adierazpen bateratu bat argitaratu zuen urriaren 8an, eta xehatu zuten zergatik uste duten ingurumen berme batzuen kalterako izango dela legea. Bertako kide da Andres Illana, eta kritikatu egin du udalak ingurumen organo izatea: «Horrela, ebaluazioa organo goren batek egiten ez badu, bermea galtzen duzu. Adibide bat jarriko dut: duela gutxi, argitaratu zen Eusko Jaurlaritzak kargu hartu ziola Gasteizko Udalari; antza, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean berdegune gehiago jarri behar dituela esan zion. Jakina, hori udalekoa ez den ingurumen organo batek esan dio; zer gertatuko litzateke udalak berak egingo balu ingurumen ebaluazio hori?».
4
Gainbalioa
Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 27. artikuluan ere aldaketa bat egingo dute: aurrez, gainbalio gisa, promotoreek lurraren %15 laga behar zieten udalei, baina lege proposamena onartu ostean, zati horren herena —hau da, %5— Eusko Jaurlaritzarentzat izango da.
EAJko Morenok adierazi duenez, %15 hori «babestutako etxebizitza eraikitzeko da». Haren ustez, udal batzuek finantzaketa indartzeko erabiltzen dute, eta «ulergarria» iruditzen zaio udal batzuen jarrera, baina nabarmendu du aurrerantzean zati hori benetan denerako erabiliko dela: «Horren bidez zera lortuko da, promozioak handitzea eta etxebizitza publiko gehiago eraikitzea». Kontrara, EH Bilduko Astigarragaren ustez, horrek udalen diru iturriak txikituko ditu, batez ere kontuan hartuta jada diruz justu ibiltzen direla eta ingurumen ebaluazioak egiteagatik lana handituko zaiela.
«Gure iritziz, prozedurari bermeak kendu beharrean, udalei baliabide gehiago eman behar zaizkie tramiteak azkartzeko»
XABIER ASTIGARRAGA EH Bilduko legebiltzarkidea
Hori dela eta, Astigarragak ondorioztatu du lege proposamen horrek «bermeak kentzen» dizkiola prozedurari: «Gure iritziz, hori egin beharrean, udalei baliabide gehiago eman behar zaizkie tramiteak azkartzeko».
5
Tramiteak azkartzea
Lege proposamenaren helburu nagusia tramiteak azkartzea denez, aurrerantzean administrazioek hiru hilabeteko epea izango dute promotoreei erantzuteko, eta, erantzunik ezean, isiltasunak zentzu positiboa izango du; hau da, baimena emango da. Hori larria iruditzen zaio Ekologistak Martxan taldeko Illanari: «Esan dutenez, promotore batzuek lanak hasteak ez du esan nahi bukatuko direnik, gerta daitekeelako bitartean txosten bat agertzea bertan lur kutsatuak daudela dioena. Baina behin lanak hasita, nork geldituko ditu? Kalte ordainak eta bestelakoak eska ditzakete».
Baina hori ez da izango prozedurak azkartzeko modu bakarra. PSE-EEko Fernandezek nabarmendu duenez, lurzoru erreserba estrategiko bat sortuko dute, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzari lurrak azkarrago eta modu automatizatuago batean uztea lortuko dute, etxebizitza gehiago eraikitzeko helburuz: «Lehen, udal bakoitzarekin hitzarmenez hitzarmen ibili behar genuen. Guretzat funtsezkoa da erreserba, automatikoki egingo baita lurraren lagapena».
Hori guztia jakinda, Illanak garbi du ingurumen bermeak urratuko direla: «Ingurumen arloko bi lege garrantzitsu aldatuko dira, eta horrek esan nahi du gaur egun dauden bermeak gutxitu egingo direla, eta hori agerikoa da, bestela ez lituzkete moldatuko».
6
Etxebizitza babestuak
Jaurlaritzako alderdiek egin duten proposamenaren arabera, aukera emango da promozioetan babestutako etxebizitza publikoetarako erreserba murrizteko; gaur egun %75 da gutxienez, eta %60raino murrizteko aukera izango da. EAJko Morenoren arabera, horrek lagundu egingo du orain geldirik dauden hainbat proiektu eta lurzoru mugitzen; kontrara, Astigarragak uste du lurzoruen errentagarritasuna igotzen lagunduko duela, eraikuntza enpresen eta promotoreen mesedetan. Sumar alderdiak ere horixe salatu du: «%75etik %60ra murrizteak Europako estandarretatik eta egiazko beharretatik aldentzea dakar».
 
     
    