Higiezinen burbuila lehertu zenetik, etxebizitzaren inguruko kezka inoiz ez da horren agerikoa izan. Azken hilabeteetan nabarmen egin du gora, eta gaur-gaurkoz hura da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren kezka nagusia, Soziometroaren emaitzek erakutsi dutenez. Gero eta alde handiagoz gainera; herritarren %51k du kezka hori, eta aurrea hartu die lan merkatuari eta osasungintzari lotutakoei.
Azken hemezortzi urteetan, emantzipatzeko edo etxebizitza eskuratzeko zailtasunen inguruko kezka ez da behin ere lehen postuan egon; 2007. urtean izan zen azkeneko aldiz postu horretan, Atzeraldi Handiaren atarian, hain zuzen ere. Azken bost urteetan nabarmen egin du gora etxebizitzaren inguruko kezkari dagokion ehunekoak, ordea, eta bost aldiz handiagoa da orain, 2020ko datuarekin alderatuta —%10 zen orduan, azken urteetako minimoa—. Halaber, lau hamarren egin du gora joan den otsailean argitaratutako azken inkestaz geroztik, eta inoiz erregistratutako ehuneko handienetik gertu kokatu da orain (%58); finantza krisian jaso zen datutik gertu, alegia.
Behera egin dute, aldiz, azken urteetan kezka nagusienak izan direnek: lan merkatuak eta osasungintzak; zazpi puntu jaitsi dira biak ala biak. Osasungintzari dagokionez, urte hasieran izandako %35eko datu errekorretik %27ra jaitsi da. Nolanahi ere, COVID-19aren pandemian izandako kopuruetatik gora jarraitzen du oraindik ere.
Lan merkatuari lotutakoak arazoek ere azken urteetako ehunekorik txikiena dute: inkesta erantzun duten herritarren %42rentzat dira kezka. Historikoki hura izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren kezka nagusia, alde handiz gainera. Eta oraindik ere herritarren arazo nagusiena da, arazo ekonomikoekin batera; hala erantzun baitute norberaren arazoei buruz galdetu zaienean.
Segurtasunik eza, goraka
Pertzepzioari dagokionez, ordea, nabarmen egin du gora segurtasun faltaren sentipenak. Bost puntu egin du gora azken inkestarekin alderatuta: herritarren %16ren kezka zen orduan, eta %21ena da orain. Inoiz ez bezalako datua da hori. Hamar herritarretik zortzik uste dute euren bizitokia segurua dela, baina kontrakoa pentsatzen dutenen kopurua bikoiztu egin da azken urtean. Jaurlaritzak kezka horri lotuta abiatu du segurtasun foroa, hain justu ere.
Gora egin dute immigrazioari eta arrazakeriari lotutako kezkek ere. Bikoiztu egin dira azken bi urteetan, eta Soziometroaren kezka nagusien zerrendan bosgarrena da orain, herritarren %14k aipatu baitute hiru kezka nagusien artean. Haren atzetik datoz arazo ekonomikoei lotutakoak (%12), egora politikoaren ingurukoak (%9) eta zerbitzu publikoen funtzionamenduari edo laguntzei buruzkoak (%8).
Azken horri dagokionez, Jaurlaritzak nabarmendu du orain arteko «asegabetasun joera» eten egin dela, inkestan parte hartu duten lau pertsonatik hiruk (%76) uste baitute zerbitzu publikoak «oso onak» edo «nahiko onak» direla. Urtebetean zazpi puntu egin du gora portzentajeak. Pandemia aurreko datuaren azpitik dago oraindik ere, 2019an %91ra iritsi baitzen datua. Hain justu, inkestaren arabera, Osakidetzarekin batera, ekonomia eta garraioa hobetzea izan dira Jaurlaritzaren ardura nagusienak azken hilabeteetan.
Balekoa Jaurlaritzari
Imanol Pradales Ajuriaenera iritsi zenetik urtebete den honetan, haren gobernuaren jardunaren balorazioa ere jaso du Soziometroak. Inkestan parte hartu dutenen %41ek ontzat edo oso ontzat jo dute; aldiz, beste hainbestek uste dute hala moduzkoa izan dela. %14k adierazi dute txarra edo oso txarra izan dela. Halaber, herritarrek ontzat jo dute Jaurlaritzaren elkarrizketarako eta akordioetara iristeko duen prestutasuna, baita haren kudeaketarako gaitasuna ere. Aitzitik, iritzi diote autokritikarako gaitasun apala duela eta herritarren arazoetatik urrun dagoela
Nolanahi ere, azterketa gainditu egin du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: 5,7ko nota eman diote herritarrek, buruzagi guztien arteko notarik onena. Are gehiago, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Sumarreko hautesleen artean gehiago dira haren lanari 5etik gorako nota eman diotenak, gainditu gabe uzten dutenak baino.
Azterketa gainditu duen bestea Pello Otxandiano EH Bilduko oposizioburua da, 5,3ko notarekin. Koalizio subiranistaren hautesleek ez ezik, haren lanari 5etik gorako nota eman diote EAJkoek, PSE-EEkoek eta Sumarrekoek ere. Pradalesen aldean ezezaguna da, ordea.
Azterketa ez dute gainditu, horrenbestez, Eneko Anduezak (%4,5), PSE-EEko idazkari nagusiak; Jon Hernandezek (%4,2), Sumarreko legebiltzarkideak; eta, Amaia Martinezek (%2,8), Voxeko legebiltzarkideak. Guztietan notarik txarrena Javier de Andres popularren bozeramaileak eskuratu du (%2,7).
Politikarekiko interesa, gora
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren bosten bat euskal herritarra soilik sentitzen da, eta beste laurden bat «euskal herritarra, espainiarra baino gehiago». Denera, gizartearen %43 dira. Kontrara, %10 dira soilik espainiar edo «espainiarra euskal herritarra baino gehiago» sentitzen direnak; eta %41 «euskal herritar bezain espainiartzat» dutenak euren burua.
Euskal Herriaren independentziaren aldeko jarrerari dagokionez, ez da aldaketarik, azken azterlanarekin alderatuta: %21ek diote babesten dutela, eta %41ek kontra daudela. Alderdiei dagokionez ere ez da aldaketarik: EH Bilduren hautesleen erdiek babesten dute, eta EAJkoen %16k. Subiranisten %37k eta jeltzaleen %41ek ez dute argi zer bozkatuko luketen, eta egoeraren arabera erabakiko lukete baiezkoa edo ezezkoa eman.
Aldiz, gora doa herritarrek politikarekiko duten interesa. Inkestaren arabera, herritarren %42k interes handia edo interes nahiko handia dute. Azken 30 urteetako daturik handiena da hori: hiru puntu egin du gora urte hasieratik, eta bikoiztu egin da 2010etik.