Etxebizitza emakumeen kontrako indarkeria espazioa dela salatu dute

Indarkeria matxistaren eta etxebizitza arazoaren arteko loturak aztertu dituzte Itaiak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Itaiak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaur aurkeztu dute erradiografia, Bilbon. BERRIA
Itaiak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaur aurkeztu dute erradiografia, Bilbon. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko azaroaren 7a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarkeria matxista eta etxebizitza bat izateko aukera. «Harreman estua» duten «egiturazko bi arazo». Gizarte kapitalistaren «berezko arazoak». Batak bestea okertzen du: «Etxebizitzak babesleku izan beharko luke, baina irabazi ekonomikoak lehenesten dituen sisteman, etxebizitza emakume langilea zapalduta mantentzeko espazioa bihurtzen da».

Bi arazoen arteko loturak aztertu dituzte Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hego Euskal Herriko egoerari buruzko erradiografia kaleratu dute. Gaur aurkeztu dute, Bilbon. Bat egin dute asteazkeneko greba orokorrarekin.

Etxea eguneroko bizitza egiteko, biltzeko eta intimitaterako tokia da. Norbera askatasunez garatzeko espazioa izan beharko lukeena, ordea, emakume langileak «kontrolatzeko eta menderatzeko espazio» bihurtzen dela salatu dute.

«Isolamendurako gunea»

Alde batetik, etxea erreprodukzio lanetarako gunea bihurtzen delako: «Etxea isolamendurako gunea da, emakume langile asko eta asko etxearen garbiketa eta familiaren zaintza egitera behartuta baitaude». Bereziki larria iruditzen zaie etxeko langileen egoera, isolatuago daudelako eta zaurgarriagoak direlako, «ez baitute eskubide ekonomikorik eta politikorik, eta ezta etxebizitza propiorik ere».

Bestetik, etxeko intimitatea erasotzaileen «inpunitate gunea» bihur daitekeelako. Baita xantaia ekonomikoa egiteko tresna ere. Haien erasotzailetik alde egin nahi duten emakumeek etxe bat behar dute, baina, zenbait kasutan, «mendekotasun ekonomikoagatik», ezin dute, eta erasotzailearekin bizitzen jarraitzen dute. Eta etxea gizonaren izenean dagoen kasuetan, hark etxea uzten duenean, «emakumeak etxegabetu egiten dituzte».

Arrazoi horiei gehitu behar zaie emakumeen lan baldintzak gizonenak baino okerragoak izan ohi direla: soldata apalagoak, lanaldi partzialeko kontratu gehiago, sektore prekarioagoetan lan egin beharra... Ondorioz, zailtasun gehiago dituzte etxe bat eskuratzeko.

Toki kaskarragoak, arrisku handiagoa

Zailtasun horien eraginez, bizitzeko toki kaskarragoak onartu behar izaten dituzte: partekatutako pisuak, logelak, aterpetxeak, harrera baliabideak... «Toki horietan indarkeria handiagoko egoerak jasan behar izaten dituzte», ondorioztatu dute Itaiak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Etxebizitza bermatuta ez dutenez, «emakume langile askok» etxejabeekin —gizonekin— sexu indarkerian oinarritutako kontratuak onartu behar izaten dituztela salatu dute txostenaren egileek.

Erakundeek indarkeria matxistaren biktimei eskaintzen dizkieten erantzunak eta baliabideak salatu dituzte: baliabide falta eta erakundeen «kontrol burokratikoa». Biktimei «biktimizazio bikoitza» eragitea egotzi diete erakundeei: «Ez dute haiengandik behar duten laguntza logistiko, material eta psikologikorik jasotzen eta, baliabide faltaren ondorioz, erakundeek prozesu burokratiko amaigabeak eta emakumeen gaineko tutoretza ezartzen dizkiete emakume horiei».

«Mezu kezkagarria»

Itaiak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak uste dute erakundeek esaten dutenaren eta «emakume askoren» benetako esperientziaren arteko aldea «esanguratsua» dela. Eta horrek «mezu kezkagarri bat» helarazten diela indarkeria matxistagatik salaketaren bat jartzen duten emakumeei: «Salaketa jartzeak egoera isolatuagoan, babesgabeagoan eta zaurgarriagoan utz ditzakeela». Ondorioa izan daiteke salaketa ez jartzea eta, beraz, babes sistematik kanpo geratzea. Sindikatuak eta Itaiak indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat kalitatezko etxeak bermatzeko eskatu dute, «hasieratik eta inolako baldintzarik gabe».

Ez dira estatistika ofizialak, baina Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bere datuak eman ditu generoak etxebizitzaren arazoan duen garrantzia erakusteko asmoz. Lau mila pertsona inguru artatu ditu 2002tik 2025eko abendura. Horietatik %55 emakumeak. Emakumeen %14k esan diete indarkeria matxista jasan dutela. Eta %14 horien artean, lautik hiruk etxegabetze prozesu batengatik jo dute sindikatura.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA