Adostasun zabala diagnostikoan, baina ez konponbidean

Etxea eskuratzeko zailtasunak eta bizitzaren garestitzea arazo direla aitortu dute eragile gehienek, baina EAJk eta PPk ez dute mobilizazioa babestu, «greba politikoa» izan dela argudiatuta.

Sindikatuen banderak, gaur eguerdian Bilbon egindako manifestazioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sindikatuen banderak, gaur eguerdian Bilbon egindako manifestazioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko azaroaren 11
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzaren arazoa agenda politikoaren erdigunean jarri du gaurko greba orokorrak, baina ez du erantzun bateraturik izan alderdi politikoen eta sindikatuen artean. Etxea eskuratzeko zailtasunak eta bizitzaren garestitzea arazo direla adierazi dute gehienek; greba orokorra horiei aurre egiteko tresna egokia denik ez, ordea. EAJk eta PPk adierazi dute «arrazoi politikoak» daudela gaurko mobilizazioaren atzean. Greba babestu duten sindikatu eta alderdiek, berriz, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, eta etxebizitzaren merkatuan esku hartzeko neurriak eskatu dizkiete erakundeei.

Mitxel Lakuntza (ELAko idazkari nagusia):

«Presioa handitzen jarraitu beharra dago»

 

ELAk ontzat jo du grebak izandako oihartzuna. Mitxel Lakuntzaren hitzetan, «begi bistakoa» izan da deialdiaren arrakasta. Etxebizitzaren arazoa agenda politikoaren ardatzetako bat bihurtu izana azpimarratu du, eta adierazi presioa handitzen jarraitu behar dela erakundeen jarrera aldarazteko.

Garbiñe Aranburu (LABeko koordinatzaile nagusia):

«Autogobernuaren tresnak erabili behar ditugu»

 

LABek ere bereziki nabarmendu du grebak izandako babesa. Garbiñe Aranbururen iritziz, neurri puntualak ez dira nahikoa etxebizitzaren krisiari aurre egiteko: «Erakundeek merkatuan esku hartu behar dute, eta herritar gehienen beharrak lehenetsi». Autogobernuaren tresnak erabiltzeko ere eskatu du.

Santi Martinez (EAEko CCOOren idazkari nagusia):

«Orain arteko urratsak arriskuan daude»

 

CCOOko buruaren arabera, gaurko grebak «herritarren egonezina» bideratzeko balio izan du. Adierazi du etxebizitzaren auziari ez ezik prezioen igoerari eta zerbitzu publikoen ahultzeari ere heldu behar zaiela. Aurrera begira, ohartarazi du eskuin muturraren gorakadak arriskuan jartzen dituela orain arte egindako urratsak, eta arrisku horri aurre egin behar zaiola bai kalean, bai erakundeetan.

Tximi Lopez (EAEko UGTren burua):

«Greba politikoa da, eta lan arlokoa ere bai»

 

UGTko Tximi Lopezek grebaren kutsu politikoa defendatu du, eta gaineratu lan munduan ere eztabaidagai izan behar duela etxebizitzaren gaiak, soldatekin eta lan baldintzekin batera: «Zertarako balio du lan egiteak, hilabete amaierara iristen ez bazara edo etxerik erosi ezin baduzu?».

Karla Pisano (Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako eleduna):

«Klase antolakuntza da berme bakarra»

 

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nabarmendu du grebak eta, bereziki, eguerdiko mobilizazioek «arrakasta izugarria» izan dutela. Halaber, Poliziak goizeko piketeetan izandako jarrera salatu du. Mobilizazioen amaieran, espekulatzaileak desjabetzea, jarduera errentista debekatzea eta etxebizitza planifikazioa gizarte beharren arabera egitea proposatu du. Gaineratu du langile klasea antolatzea eta borroka egitea dela etxebizitzaren auziari konponbidea emateko «berme bakarra».

EAJ:

«Herrialdea geldiaraztea ez da konponbidea»

 

Grebaren harira, ohar bat kaleratu du EAJk. Greba egiteko eskubidea errespetatzen duela adierazi du, eta hala etxebizitzaren arazoari nola bizitzaren kostuaren garestitzeari aurre egin behar zaiela. Baina esan du «herrialdea geldiarazten saiatzea» ez dela konponbidea. Harrituta agertu da deialdien arteko kontraesanengatik: «Estatuaren kasuan oposizioko alderdiei egiten baitzaie kontra, eta Euskadiren eta Nafarroaren kasuan, gobernuan dauden taldeei». EAJk gaurko agendari eutsi dio: arratsaldean maiatzeko hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztuko ditu.

Oihana Etxebarrieta (EH Bilduren Espainiako Kongresurako diputatugaia):

«Promesen garaia amaitu da»

 

EH Bilduk alderdi guztiei eskatu die babestu ditzatela Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean aurki bozkatuko diren etxebizitza dekretuak. Oihana Etxebarrietaren esanetan, ez da promesak egiteko garaia, erabakiak hartzekoa baizik. EAJri eta gainerako alderdiei eskatu die «ekidistantzia alde batera uzteko» eta «etxebizitzarekin negozioa egiten dutenei aurre egiteko». EH Bilduk kudeatzen dituen udalerrietan hartutako neurriak jarri ditu adibide gisa: tentsio handiko eremuak izendatzea, prezioak eta etxebizitza turistikoak mugatzea, hutsik dauden etxeak mobilizatzea eta etxebizitza publikoen eskaintza handitzea.

Borja Corominas (PPren Donostiako zinegotzia):

«Greba politiko prebentiboa izan da»

 

Borja Corominas PPren Donostiako zinegotziak esan du gaurkoa «greba politiko prebentiboa» izan dela, PPk hauteskundeak irabaziko balitu ere protesta egiteko deitua. Haren ustez, sindikatuek oposizioaren aurkako greba orokorretara deitzea ez da ohikoa demokrazia liberaletan.

Richar Vaquero (EAEko Ahal Dugu-ren koordinatzaile orokorra):

«EAJk eta PSEk ez dute ezer egin»

 

Richar Vaquerok Espainiako Gobernuari eskatu dio espekulazioa amaiarazteko, alokairuak mugatzeko eta etxebizitzarekin negozioa egiten dutenei aurre egiteko. Euskal erakundeei ere mintzatu zaie, eta EAJri eta PSE-EEri egotzi die urte luzez gobernatu arren «ezer ez» egin izana arazoa konpontzeko.

Lander Martinez (Fronte Zabalaren Espainiako Kongresurako diputatugaia):

«Egoera eutsiezina da»

 

Lander Martinezek «egun historikotzat» jo du gaurko greba. Etxebizitzaren egoera «eutsiezina» dela adierazi du, eta, dekretuen bozketari begira, EAJri mintzatu zaio. Jeltzaleei galdetu die zergatik ez duten babestuko «Europako eredura hurbiltzen den eta jabeei zein maizterrei egonkortasuna ematen dien» neurri bat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA