Badira oroimenean gelditzen diren manifestazio batzuk, eta gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan eginikoak ez dira berehalakoan desagertuko memoria kolektibotik. Etxebizitza eskubidearen eta espekulazioaren aurkako manifestazioak aspaldiko jendetsuenak izan dira. Etxebizitza krisiak sorturiko amorruak eta hura konpontzeko itxaropenak haien tokia eskatu dute, eta errepideak estu eta kaleak txiki gelditu dira. Kaleek ozen hitz egin dute: arazo bat dago eta ezin da beste alde batera begiratu.
Bilboko manifestazioa ikusgarria izan da. Dozenaka mila lagun bildu dira Etxebizitza bermatzeko, Espekulazioari Ez! zioen pankarta baten atzean. Hari eutsi diote deitzaile nagusien ordezkariek —ELA, LAB, Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Steilas, ESK...—, eta ondo kostata egin dituzte hasierako metroak bertan bilduta zegoen jendearengatik.
Sindikatuen arabera 70.000 lagun elkartu dira; udaltzaingoak 50.000ra jaitsi du. Bietako edozein dela ere, datu ikusgarriak dira. Zifren dantzaz harago, BERRIAk neurturiko bi datu objektibo: pankarta Jesusen Bihotzara iritsi eta hogei minutura manifestazioaren amaiera irteera puntuan zegoen oraindik, Arriagako Zubian. 13:45ak ziren, bertan zeudenek ordu eta laurden itxaron behar izan dute martxari ekiteko.
Burua helmugara iristerako irteera puntuan jendea egotea lau hiriburuetan errepikatu den egoera bat da. deitzaileen arabera, hauek dira beste mobilizazioetako kopuruak: Donostian 55.000 lagun; Gasteizen 35.000; Iruñean 25.000; Eibarren (Gipuzkoa) 8.000 eta Tuteran 2.000 (Nafarroa). Kopuru horien arabera, 200.000 pertsona atera dira kalera goizeko manifestazioetan.

Bilbokoa izan da manifestazio jendetsuena, eta deigarria izan da halaber parte hartu duen jende gazte kopurua, eta haien indarra asko nabaritu da oihuen bolumenean. Aldarri errepikatuenak Etxebizitza eskubidea da!; Borroka da bide bakarra; Espekulatzaileak espropiatu!, Etxegabetzeak gelditu! eta Gora langileon borroka! izan dira. Kale Nagusiko denda eta negozio ia guztiek pertsiana jaitsi dute, eta inolako istilu edo liskarrik gabe garatu da manifestazioa.
«Etxebizitzaren arazoa konpontzea ez da utopia, badaude bitartekoak. Arazoa politikoa da baina, bizitzeko behar ditugun baliabideak kapitalisten esku daudelako eta ez langile klasearen esku»
ANE SALVADOR ETA KARLA PISANO Etxebizitza sindikatuetako ordezkariak
Jaurlaritzak Kale Nagusian duen bulegoaren aurrean amaitu da martxa, eta bertako biribilgunean dagoen Jesusen Bihotzaren estatuaren begiradapean hartu dute hitza ELAk, LABek eta etxebizitza sindikatuek. Arazo hain larri bat konpontzeko neurri «errealak eta erradikalak» behar direla aldarrikatu dute hiruek, eta bat egin dute haietako hiru nabarmentzeko: baga, espekulatzaileak desjabetzea, «milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daudelako»; biga, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatzea, eta higa, etxebizitza politika eta baliabide guztiak langile-klasearen beharren arabera antolatzea.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak batera egin dute hitzartzea. Ane Salvador eta Karla Pisano txalo ozenen artean igo dira tranpaldora. Egungo egoera jasanezina dela esan dute, eta krisia baino gehiago, «lapurreta» dela: «Euskal Herriko langile krisia pobretzen ari da. Soldatak ez dira igotzen eta bitartean biziaren kostua goraka da. Horrek izena du: lapurreta. Langileen soldaten eta aurrezkien lapurreta, enpresariek, espekulatzaileek eta errentistek egina».
«Jendearen bizitza hobetuko duten neurriak hartzeko botere ekonomikoari, bankuei, eraikuntza enpresei eta errentistei aurre egin behar zaie, eta zoritxarrez euskal politikan ez dago halakorik»
MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia
Etxebizitza aitzakia hartuta, «faxismoak pobreen arteko borroka elikatu» nahi duela ohartarazi dute, eta alderdi politiko gehienek «espekulazioa eta errentismoa» aktiboki babesten dutela. PPk, EAJk, eta UPNk «ezkutatu gabe» egiten dutela esan dute, eta bestetik PSOE dagoela, «alderdi errentista» eta azken zortzi urteetan «etxebizitzaren negozioaren aldeko politikak bultzatu dituena».

Aldarrikatu dute etxebizitzaren arazoa konpontzea ez dela utopia, eta badaudela «bitartekoak». Etxebizitzak eskubide bermatua izan beharko lukeela esan dute, eta ez dagoela ez arazo teknikorik ezta etxebizitza faltarik ere: «Nola faltako dira etxebizitzak Euskal Herrian 150.000 etxe baditugu erabilera sozialik gabeak? Arazoa politikoa da, bizitzeko behar ditugun baliabideak kapitalisten esku daudelako eta ez langile klasearen esku».
«Etxebizitza militanteei» aitortza
Mitxek Lakuntzak hartu du hitza ELAren izenean, eta argi utzi du «arazo politiko bat konpontzeko» egin dela gaurko greba, eta egungo egoera gobernuek, aldundiek eta neurri apalagoan udalek harturiko erabakien ondorio dela. Eta konpontzeko, haien eskuduntzak zukutu behar dituztela eta botere ekonomikoei aurre egin: «Jendearen bizitza hobetuko duten neurriak hartzeko botere ekonomikoari, bankuei, eraikuntza enpresei eta errentistei aurre egin behar zaie, eta zoritxarrez euskal politikan ez dago halakorik».
Sindikatuko idazkari nagusiak gorazarre egin die etxegabetzeei aurre egiten dieten «etxebizitza militanteei», kapitalismoaren krudelkeriaren aurrean «elkartasun harresiak» eraikitzen dituztelako eta hien borrokaren bitartez sendotzen delako langile klasearen duintasuna eta itxaropena. Eta gogoratu du langileek eta militanteek estutzen jarraitu behar dutela «etxebizitzak negozio izateari utzi» eta «eskubide bilakatu arte».

Lakuntzak, halaber, goratu du deialdi honek aktibatu duen borroka: «Elkarrekin jarraitu behar dugu borrokan, kontrabotere autonomo espazio batean, erakundeei egiten diegun presioa handiagoa izan dadin». Idazkari nagusiak, mugimendu sozialistako eta ezker abertzaleko erakundeek eginiko elkarlanari egin nahi izan die erreferentzia hitz horiekin: «Lan munduan bezala, garaipenak borrokatzeko daukagun gaitasunarekin lotuta daude».
EAJri mezu zuzena
LABen izenean, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorretako batek hartu du hitza. Grebalariak zoriondu ditu eta gogoratu du Euskal Herrian borroka ez dela egun bateko txinparta bat, «inoiz itzaltzen ez den su bat» baizik, «belaunaldiz belaunaldi zaindutakoa», eta iraganeko garai ilunei desafio egin zien bezala, «bizirik mantenduko dela etor daitezkeen garai ilun berrietan ere».
«Esteban jauna, EAJko presidentea, aukeratu egin behar duzu, maizterrekin zaude ala funts putreekin? Alokairu kontratu mugagabeen alde bozkatu, ez dago aitzakiarik»
GARBIÑE ARANBURU Koordinatzaile orokorra

Diskurtsoaren bigarren zatian bi mezu politiko argi egin ditu. Batetik, gogoratu du etxebizitza eskuduntza nagusiak «Gasteizen eta Iruñean» daudela, eta autogobernua gehiengo sozialaren alde jartzeko garaia dela, eta «Madrilen ezinezko diren aldaketak Euskal Herrian bideragarri egiteko».
Bigarrena EAJri eginiko interpelazio zuzen bat izan da, bihar Espainiako Kongresuan bozkatuko diren etxebizitza dekretuen harira: «Ez dute arazoa konponduko, baina lasaitasuna emango diote maizter askori. Esteban jauna, EAJko presidentea, aukeratu egin behar duzu, maizterrekin zaude ala funts putreekin? Alokairu kontratu mugagabeen alde bozkatu, ez dago aitzakiarik!»