Etxebizitza eskuratzeko arazoek eragiten duten ezinegona gero eta handiagoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean. Hala berretsi dute Deustobarometroaren abenduko emaitzek. Deustuko Unibertsitateak aldiro egiten duen galdeketa zabal horren arabera, lurralde horietako elkarrizketatuen %50en kezka nagusia da; aurtengo ekaineko inkestan, berriz, %43,9k jarri zuten arazo larrien artean. Beraz, kezkak goranzko joera izan du azken hilabeteetan. Zerotik hamarrerako eskala batean, galdetutakoek batez beste 3,8 puntuko balorazioa eman diote etxebizitza politikei. Gainera, herenek (%33) uste du etxebizitzaren prezio altuak direla jaiotza tasa baxuaren arrazoietako bat.
Deustobarometroa, hain zuzen, Deustuko Unibertsitateak sei hilabetean behin egiten duen inkesta da, Maria Silvestrek eta Braulio Gomezek zuzendua. Haiek eta Iratxe Aristegi ikerlariak eman dituzte ezagutzera azken galdeketaren ondorioak Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Inkestak 1.000 elkarrizketa ditu oinarrian.
Gaur aurkeztutako emaitzetan ikus daitekeenez, Osakidetzaren egoerak gero eta herritar gutxiago kezkatzen ditu: ekainean bigarren arazoa (%36,2) izan zen, eta abenduan, berriz, hirugarrena (%33). Galdetutakoek 5,4ko puntuazioa eman diote Osakidetzari zerotik hamarrerako eskala batean, eta 6,1ekoa osasun zerbitzu horretan duten konfiantzari. Osakidetzaren lekua erosketa saskiaren prezioen igoerak hartu du, inkesta erantzun dutenen %40k uste baitute garestitu egin dela. Ekainean %34k uste zuten hori.
Hala ere, inkestatu gehienen iritziz, Eusko Jaurlaritzako buru den EAJ da etxebizitza eskuratzea bermatzeko «gaitasunik handiena» duen alderdi politikoa, baita Osakidetzaren arreta eta hezkuntza publikoa hobetzeko, «immigrazioaren kudeaketa» egiteko, segurtasuna areagotzeko, euskal industria defendatzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta ahulenak babesteko ere, EH Bilduk oso gertutik jarraituta. Hirugarren aukera PSE-EE litzateke, hau da, jeltzaleen gobernukidea.
Bitartean, azken sei hilabeteetan apalduz joan da herritarren segurtasun gabezia arazoa dela pentsatzen dutenen kopurua: galdetutakoen %23k uste dute hori. Ekainean, %25ek zuten iritzi hori. Ildo horretan, segurtasun politikei 5 puntu eman dizkiote batez beste, eta Ertzaintzarekiko konfiantza gora doa (5,5).
Arrazismoa eta faxismoa
Immigrazioa ere arazotzat jotzen dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %20,4k, Deustobarometroaren arabera; ekainean %22 ziren. Pentsaera hori apalduz joan arren, ia bi herenek (%61,4) ez lieke etxebizitza bat eskuratzen utziko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan modu irregularrean dauden etorkinei, eta %19,8k legearen barruan daudenei ere ez. Erdiek baino gehiagok (%55,4) ez liekete utziko gizarte laguntzak eskuratzen ere Egoera erregularizatua ez dutenei, eta %15,6k legearen barruan daudenei ere ez. Aitzitik, herritarren erdiek baino gehiagok begi onez ikusten dute migratzaileek osasun arreta jaso (%57,9) eta ikasi (%52,1) ahal izatea, modu ilegalean ala legalean dauden kontuan hartu gabe.
Francisco Franco diktadoreaz zer iritzi daukaten ere galdetu dute Deustobarometrokoek: besteak beste, 1997 eta 2012 bitartean jaiotakoen ia lautik batek (%22,7) erantzun du «garapen ekonomikoa eta gizarte ongizatea» ekarri zituela Francok. Eta jaio zirenean frankismo garaia aspaldi pasatuta egon arren, %12,9k esan dute «herrialdearen ongizateagatik kezkatuta zegoen estatu gizona zela».
1946 eta 1964 bitartean jaiotakoek, ordea, ezagutu zituzten frankismoaren atsekabeak. Hala ere, lautik batek baino gehiagok dio Francok «egonkortasun eta oparotasun ekonomikoa» ekarri zituela (%13,9), frankismoa «Euskadiren garapenerako konpromiso garaia» izan zela (%6,9), eta «Espainia nazioartean aitortua izateko hasiera» izan zela (%6). Hala ere, inoiz bozkatuko ez lituzketen alderdi politikoen artean Vox (%68,4) eta PP (%52,6) aipatu dituzte gehienek.
Jaiotza tasa eta adimen artifiziala
Beste gai batzuk hizpide, Deustobarometroaren abenduko emaitzek adierazten dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek arazo hauekin lotzen dutela jaiotza tasa baxua: lana eta familia bateragarri egiteko arazoak (%40), gazteen soldata baxuak (%40), etxebizitzaren prezio altuak (%33) eta gazteenen lehentasunen aldaketa (%26). Horrekin lotuta, jaiotza kopurua handitu eta seme-alaben hazkuntza errazteko, laguntza publikoak igotzearen alde daude gehienak (%70). Aitzitik, %69k uste dute gizarteak presioa egiten diela emakumeei, seme-alaben hazkuntzan aitek baino parte hartze handiagoa izan dezaten.
Bestalde, eguneroko bizitzan adimen artifiziala erabiltzearekin lotutako emozio hedatuenak hauek dira: kezka (%50), mesfidantza (%48) eta interesa (%38). %73k ez liokete adimen artifizialari aurrezkiak kudeatzen utziko, ez autoa gidatzen (%78), ezta ebakuntza kirurgiko bat egiten ere (%75). Gehienek (%58), ordea, adimen artifizialeko laguntza tresnak erabiltzen dituzte. Izan ere, %42k uste dute produktibitatea hobetzen duela, eta %72ri gustatuko litzaieke adimen artifizialari buruz gehiago ikastea. Hala ere, %87k uste dute mugak jarri behar direla eta zorrotz erregulatu behar dela haren erabilera.