Etxebizitza politikak «birpentsatu eta eraikitzera» deitu du Bilgune Feministak

Greba egunaren atarian, etxebizitzaren arazoa «egiturazkoa» dela gogoratu nahi izan du eta «modu gordinagoan» pairatzen dutela maiz emakumeek, sexu genero disidenteek, eta herritar migratu eta arrazializatuek.

Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio bat irailean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio bat irailean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2026ko azaroaren 10a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Etxebizitzarekin negoziorik ez! Espekulaziorik ez. Etxegabetzerik ez». Biharko greba egunaren mezua gaur ozendu du Bilgune Feministak eta etxebizitza politikak «birpentsatu eta eraikitzera» deitu du. Grebarako deiaren harira egin duen irakurketan gogora ekarri du etxebizitzaren arazoa «egiturazkoa» dela, «prekarizazio prozesu baten» ondorioa dela, eta «modu gordinagoan» pairatzen dutela emakumeek, sexu genero disidenteek, eta herritar migratu eta arrazializatuek. 

«Funts putreek eta espekulatzaileek prezioak markatzen dituzte, eta irizpide arrazistek, soldata arrakalak eta emakumeen pobretzeak, bikotezentrismoak eta zisheteroarauak etxebizitzarako sarbidea oztopatzen dute», deitoratu du. «Desjabetzea», gainera, gizartearen sektore askotan aspalditik zuztartuta dagoen ukazio baten «segida» dela gogoratu du. «Urteetan zehar jabetza bera ukatu izan zaigu emakume, arrazializatu eta sexu genero disidenteoi. Ez gara geure etxeen jabe izan, ez geure lurren, ezta geure gorputzen jabe ere».

Bilgune Feministak propio erreparatu nahi izan dio biharko grebaren harira atera duen oharrean migratzaileen egoerari, eta eskari zehatz bat egin du. «Besteak beste, egoera zaurgarri edo irregularrean dauden pertsona migratu eta arrazializatuentzat erroldarako ezinbesteko baldintza bihurtzen da etxebizitza, eta hortaz, bestelako eskubideetarako sarbidea ere bai. Horren aurrean, guztiontzako errolda eta erregularizazio erreala exigitzen dugu». Beren-beregi gogora ekarri ditu, halaber, zaintza lanetan «langile egoiliar» gisa aritzen diren emakumeak, gehienak migratu eta arrazializatuak baitira. Eta berritu egin du lehendik hainbatetan plazaratutako aldarria: «Deuseztatu beharko litzatekeen lan eredu bat da». 

Zaintza

Lotu nahi izan du, baita ere, etxebizitza eskubidearen aldarria zaintza lanak taxuz eta modu bidezkoan egiteko aldarriarekin. «Etxebizitzaren auziak zuzeneko eragina du egun zaintza lanak aurrera eramateko baldintzetan. Etxebizitzen prezioak, egiturak zein antolaketak ez dute ahalbidetzen zaintza lanak bestela antolatzea: familia nuklearretik kanpo, modu duinean, komunitatean...». Hala ere, feminismoak «utopiak irudikatzen eta bizi eredu alternatiboak materializatzen» jarraitzen duela gogoratu du eta hor golda daitezkeen borroka ildoetan sakontzen jarraituko duela. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA