Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, Alokabidek alokairu sozialeko etxebizitzetan bizi ziren lau familia utzi ditu kalean Arabako hiriburuan, eta beste horrenbeste familiak arrisku bera dute.
Sindikatuak Alokabideren bulegoen aurrean egin du agerraldia, eta zortzi familia horien egoeraren berri eman du. Ana Mendiguren kideak adierazi duenez, lau ama ezkongabeak dira, eta hiruk indarkeria matxista pairatu dute. Sindikatuen datuen arabera, gainera, zazpi adingabe daude tartean.
Salatu dute egoera ez dela salbuespen bat, eta Alokabidek Araban hemezortzi etxegabetze egin zituela 2023an; 24 etxegabetze 2024an, eta beste hogei iaz. Era berean, salatu dute Alokabide erakunde publikoak ez zituela berritu Araban zituen alokairu kontratuen laurdenak. «Beraz, lau familiatik batek euren etxebizitza utzi behar izan zuten».
Horiek hala, sindikatuak gogor egin du Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza politiken eta Denis Itxaso Etxebizitza sailburuaren kontra. Itxasori egotzi dio «erdiko klasearentzako baliabideak apur bat areagotzea», eta horretarako egoera zaurgarrienean dauden herritarrak baztertzea: «Etxebizitza politika erdiko klasearentzako eskaintza handitzera bideratzen ari da, sektore proletarizatuenak etxebizitza publikotik kanporatuz». Are gehiago, sindikatuak uste du sailburuak pertsona horiek «kriminalizatzen» dituela bere adierazpenekin. Zehazki, modu «klasista» batean «kontakizun» bat eraiki nahi izatea egotzi diote: «Zenbait pertsonak etxegabetuak izatea merezi dutela, euren pobreziaren errudun izateagatik».