EHESS Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia egin du Erandion (Bizkaia), joan den ostiralean herrian izandako hiru etxegabetzeak salatzeko. Bikote bat eta haien seme adingabea Kukularra bideko euren etxetik kaleratu zituzten ostiral goizean, Santander bankuarena den UCI Union de Creditos Inmobiliarios finantza erakundearen eskariz eta Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiaren aginduz. Kontratua gehiegizko klausulaz beterik zegoen; Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik ez du ezer erabaki familiak aurkezturiko helegitearen inguruan, eta Erandioko gizarte zerbitzuek egiaztatu zuten familia zaurgarritasun egoeran zegoela, baina horiek guztiak ez ziren oztopo izan etxegabetzea gauzatzeko. Gainera, kontratuan, bikotekideen gurasoak agertzen ziren abal emaile gisa; ondorioz, horiek ere euren etxebizitzatik kaleratu zituzten geroago.
Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, hiru etxegabetze horiek «sistemaren porrota» utzi dute agerian: «Sistema honek huts egin du langile klasearen beharrei erantzuteko orduan. Hotz bolada betean eta etxebizitza eskuratzeko krisian, egin beharko litzatekeenaren kontrakoa egin dute: etxeak bankuei kendu beharrean, familiak etxebizitzetatik botatzen dituzte bankuei emateko».
Etxegabetzeen kontra protesta egiteko antolatutako mobilizazioak zapuztu izana ere gaitzetsi du sindikatuak, eta salatu «polizia operazio zabal bat» oldartu zitzaiela «elkartasuna adierazteko bildutakoei». Gogorarazi du etxegabetzeen aurka protesta egitea ez dela «delitua», ezpada «gizatasun ekintza zilegizko eta beharrezkoa».
Sindikatuaren ustez, etxegabetzeak ez ziren gertatu behar, eta eskatu du finantza erakundeak hiru familiei etxebizitzak berehala itzultzeko. Horrez gain, bankuen etxebizitzak «langile klasearentzat» izatea, etxegabetze guztiak bertan behera uztea, alternatiba «bidezko, iraunkor eta kalitatezkoak» eskaintzea eta protestarako eskubidea bermatzea galdegin dute.
Duintasun ekintza
Mezu bat igorri diete antzera daudenei: etxebizitza sindikatuetara «lehenbailehen» jo dezatela. Esan dutenez, horrelako prozesuak ez dira «lotsaz edo erruduntasunez» bizi behar; aitzitik, «duintasun ekintzatzat» jo dute «horrelako bidegabekeriei aurre egitea».
Asier Garcia eta Naiara Iglesias ere egon dira agerraldian, Kukularra bideko etxebizitzatik kaleratutako bikotekideak. Oraingoz, hotel bateko gela batean ari dira ostatu hartzen, eta honek guztiak sortu dien ziurgabetasuna salatu dute.