Etxebizitza Sindikatuak auzitara eraman du La Caixa, «abusuzko klausulak» ezarri dituelakoan

Salatu dute bankua bere jabetzakoak diren zortzi etxebizitzatako maizterrei presio egiten ari zaiela errentagarritasun handiagoa lortzeko. Gaineratu dutenez, ez du negoziatzeko borondaterik agertu.

Giza Eskubideen 41. zenbakiko bizilagun batzuk, Etxebizitza Sindikatuko kideekin batera, eraikinaren patioan gaur egindako agerraldian. BERRIA
Giza Eskubideen 41. zenbakiko bizilagun batzuk, Etxebizitza Sindikatuko kideekin batera, eraikinaren patioan gaur egindako agerraldian. BERRIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko ekainaren 18a
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Giza Eskubideen etorbideko 41. zenbakian da hitzordua. Zabalgana auzoan dago, hiriaren ertz batean; are, errepidearen beste aldean zaindu gabeko soroak besterik ez daude, eta urrutira Jundizko industrialdea ikusten da. XXI. mende hasieran eraikitako auzoa da Zabalgana, hiriaren hazkundeari erantzuteko, eta etxebizitza bloke guztiek antzeko itxura dute. Etxebizitza handienek ehun metro koadro izango dituzte, gutxi gorabehera. 2008ko krisi ekonomikoan, La Caixak inguruko hainbat bloke bereganatu zituen, eta alokairuan eskaini zituen. Egun, balio handiagoa dute etxebizitza horiek, eta hogei bat bizilagunek salatu dute bankua presio egiten ari zaiela eraikinak utz ditzaten, bankuak etxe horiekin negozioa egiteko. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren laguntzarekin, judizializatu egin dute auzia, gaur iragarri dutenez.

«Behin baino gehiagotan deitu didate esanez etxea berehalakoan erosten ez badut prezioa biderkatu egingo zaidala», kontatu du Enara Gonzalo bizilagunak. Abenduan jaso zuen azkeneko deia, baina beste bizilagun batzuek esan dute otsailean eta martxoan ere jo zuela telefonoak. Bakoitzari, gainera, prezio bat eskaini zioten. Bizilagun horiek ez dute etxea erosi nahi, konforme baitaude ordaintzen duten alokairuarekin.

Bestelako presio neurriak ere salatu dituzte. «Abusuzko klausulak», esaterako. Ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainketa ezartzea, nomina nahitaez CaixaBanken helbideratzea, eta aseguruak edo hornidura espezifikoak kontratatu beharra aipatu dituzte, besteak beste. Halaber, salatu dute etxebizitzek «kalte larriak» dituztela baina La Caixak ez dituela konponketak bere gain hartzen. «Ezinezkoa da kudeatzaileekin hitz egitea», esan du Gonzalok.

Gasteizen lau dira egoera horretan dauden etxebizitza blokeak, Etxebizitza Sindikatuaren arabera, baina Arrasaten (Gipuzkoa) eta Bilbon beste lau kasu ere identifikatu dituztela azaldu du Ane Mendiguren bozeramaileak. «Denera 300 bat familia izango dira», azpimarratu du.

Batzuek amore eman eta beste etxebizitza batera lekualdatu direla kontatu du Gonzalok. Tartean, adingabeak zituen familia bat. Eta Mendigurenek gehitu du gehiago izan daitezkeela datozen hilabeteetan, zenbait kasutan aurten iraungitzen direlako kontratuak eta susmoa dutelako La Caixak alokairuak garestituko dizkiela. «Aurretik ere egin dute hori, inolako justifikaziorik gabeko prezio igoerak». 

Bukarazte akzioak

Bozeramaileak gogoratu duenez, hilabeteak daramatzate La Caixarekin negoziatu nahian, baina ez dute ezer lortu. «Ez dute inolako interesik agertu. Entzungor egin digute». Apurka, mobilizazioak indartuz joan dira, eta, esaterako, otsailean protesta egin zuten La Caixaren Bilboko egoitza batean; Ertzaintzak identifikatu egin zituen bertaratutakoak, baina gaur Mendigurenek kontatu duenez, ez dute jakinarazpenik jaso. Orain, salaketak aurkeztu dituzte epaitegietan.

«Luze joko du. Baliteke urteak pasatzea. Ez dago gure esku», adierazi du Mendigurenek. Baina aurkeztutako demandak bukarazte akzioak dira. Hau da, sententzia bizilagunen aldekoa balitz, La Caixak klausulak kontratuetatik kendu beharko lituzkete, eta antzeko kontratuak dituen edozein maizterrek sententzia hau erabili ahalko luke bere egoera hobetzeko. Era berean, horrelako sententzia batek aukera emango luke gastuak bueltan jasotzeko.

La Caixak etxebizitza batzuk turismo sektorean erabiltzeko planak dituela salatu dute gaurko agerraldian. Beste batzuk, berriz, AEBetako Farley Capital funtsari eta Kataluniako Arusa Europa Capital higiezinen enpresari saldu dizkiete, sindikatuak adierazi duenez. Baina azpimarratu dute bizilagunek ez zutela salerosketaren berri izan, eta kontratuek berdin jarraitzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.