Etxe eskubidearen aldeko eta espekulazioaren kontrako aldarriek bete zituzten herenegun Hego Euskal Herriko kaleak. Bada, EHESS Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak karriketan aldarrikatutakoa berretsi du: «Espekulatzaileak, etxebizitzarekin negozioa egiten dutenak eta horretarako baldintzak jartzen dituzten arduradun politikoak seinalatuko ditugu».
Ohar bidez egin dute grebaren balorazioa, eta gogoratu «borroka eta antolakuntzari esker» lortuko dela etxebizitzaren auziari konponbidea ematea. Hala, greba egunak berretsitako hiru gako ekarri dituzte gogora.
Batetik, adierazi dute Euskal Herrian etxebizitzaren arazoaren erroa jomugan jarriko duen «mugimendu zabala» artikulatzeko aukera dagoela; greba egunean milaka lagun mobilizatu zirelako etxebizitzaren negozioa eta espekulazioa zuzenean seinalatzera. «Greba honek izan duen izaera politikoa kontuan hartuta, eta zenbait alderdik egin duten erabilera elektoralista ahaztu gabe, uste dugu diskurtso erradikala erdigunean jartzeko helburua bete zela», gehitu dute.
Bertzetik, grebak Euskal Herriko marko politikoa indartzeko balio izan zuela uste dute, gogoratuta sindikatuek hasieratik lan egin dutela deialdi bateratua antolatzeko helburuarekin. Adierazi dutenez, «arrisku handia» zegoen grebak «marko espainolista politiko zein instituzionala» legitimatzeko, eta Euskal Herriko «klase borrokarako marko autonomoa» desitxuratzeko. Horren aitzinean, baina, greba «Euskal Herriratzeko apustu argia» egin dutela nabarmendu dute: «Diskurtso eta aldarri propioak eraikiz, gure borroka moldeak erabiliz eta hemengo erakundeak seinalatuz».
Azkenik, gogoratu dute herenegun berretsi egin zela duela urte batzuk EHESSk egindako hipotesi politikoa: «Etxebizitza sindikatuok potentzialtasuna dugu langileak antolatu eta mobilizatzeko, eta klase sindikatuetatik zein zenbait mugimendutatik urrun egon diren subjektuak interpelatzeko». Beren erranetan, etxebizitza sindikatuak «ezinbesteko subjektuak» dira etxebizitzaren aldeko borrokan, eta ezinbertzekoa izan da horiek egin duten ekarpena greba aitzinerat eramateko. Hortaz, lanean segituko dute, bi norabidetan: «Auzoetan errotuta, gatazka eta borroka konkretuak gorpuzten; eta nazio mailan, Euskal Herriko etxebizitzaren aldeko mugimendu sendoa eraikitzeko lanean».