Etxe turistikoak gutxitu egin ziren Hego Euskal Herrian iaz, baino berriro goraka doaz

2025ean, 6.246 etxebizitza turistiko zeuden Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino %12,7 gutxiago. Aurtengo lehen datuek, ordea, erakusten dute gorako joera berritu dela, 6.629 baitira orain, %6,1 gehiago, alegia.

Etxebizitza turistiko baten ataria, Donostian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Etxebizitza turistiko baten ataria, Donostian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 24a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernua harro agertu zen iaz, Espainiako Estatistika Institutuak etxe turistikoei zegozkien datuak argitaratu zituenean. Izan ere, beherakada handiak erakusten zituzten datu horiek etxe turistikoen kopuruetan. Hego Euskal Herrian, esaterako, %12,7ko beherakada adierazten zuten, 2024ko 7.152 etxebizitza turistikoetatik 6.246 geratzen baitziren. Aplikaturiko neurrien arrakastaren erakusgarritzat jo zuten administrazioek beherakada hura.

2026ko lehen datuek, ordea, erakutsi dute joera ez dela egonkortu. Izan ere, 2026ko lehen seihilekoan berriro egin du gora etxebizitza turistikoen kopuruak Hego Euskal Herrian. Zehazki, 5.072 dira EAEn, eta 1.557 Nafarroan; guztira, 6.629. %6,1eko gorakada da hori.

2024ko datuetatik urrun daude oraindik zenbaki horiek, baina beheranzko joera eten dela egiaztatu dute. Izan ere, duela urtebeteko datuekin alderatuta, 893 etxebizitza gutxiago daude Hego Euskal Herrian.

Hego Euskal Herriko lurralde historiko guztietan gertatu da azken sei hilabeteetako itzulia. Lau lurraldeen artean, Arabak du kopururik txikiena, 276 etxebizitza, eta Bizkaiak handiena, 2.736. Toki kopuruari dagokionez, berriz, 30.195 pertsonarentzako edukiera dute etxe turistiko horiek. Hori ere emendatu egin da, 28.217 baitziren 2025eko azaroan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA