Etxebizitza turistikoak %12,7 murriztu dira urtebetean Hego Euskal Herrian

6.246 pisu turistiko zeuden erregistratuta azaroan, urtebete lehenago baino 906 gutxiago. Espainiako Gobernua harro agertu da: «Datuek indarrean jarri genituen neurrien eraginkortasuna erakusten dute».

Etxebizitza turistiko baten ataria Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxebizitza turistiko baten ataria Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 9a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eten da etxebizitza turistikoen loraldia. INE Espainiako Estatistika Institutuak eman dituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian %12,7 murriztu da pisu turistikoen kopurua urtebetean: 7.152 ziren 2024. urteko azaroan, eta 6.246 dira urtebete geroago, hau da, 906 gutxiago.

Mota horretako etxebizitzetako loleku kopuruak ere nabarmen egin du behera: 32.413tik 28.217ra, hau da, 4.196 gutxiago (%-12,9). Lurraldeka, Bizkaian 2.546 pisu turistiko zeuden iazko azaroan —urtebete lehenago baino 265 gutxiago—, Gipuzkoan 1.982 (-291), Nafarroan 1.463 (-216) eta Araban 255 (-134).

6.246

Zenbat etxebizitza turistiko dauden Hego Euskal Herrian. Azaroan 6.246 pisu turistiko zeuden Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 906 gutxiago. Gehien 2024ko abuztuan erregistratu ziren: 7.611.

INE 2020. urteko uztailean hasi zen etxebizitza turistikoei buruzko datuak argitaratzen. Hego Euskal Herrian 5.669 zeuden orduan, eta urtez urte handituz joan da kopurua, orain arte: 2022ko abuztuan, 5.918 ziren; 2023koan, 6.461, eta 2024koan, 7.611.

Iaztik, maiatzeko eta azaroko datuak ematen ditu institutuak, eta aipatzekoa da gaur eman duen beste datu bat ere: Hego Euskal Herriko etxebizitzen %0,44 dira erabilera turistikokoak.

Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak pozarren hartu ditu datuok, iaz indarrean jarritako neurrien ondorio zuzena direlakoan baitago, eta adierazi du lanean segituko duela merkatuan «lehen etxebizitza izango diren ahalik eta pisu gehien prezio eskuragarrian izateko».

Aurkako neurriak

2025eko uztailaren 1etik, etxebizitza turistikoek erregistro zenbaki bat izan behar dute, eta hori ez dutenak ezin daitezke plataforma digitaletan iragarri. Gainera, eraikin bateko egoiliarrei mota horretako etxebizitzei betoa jartzea errazten dien lege bat ere indarrean izan da apiriletik. Gaur emandako datuak neurri horiek abian jarri zirenetik emandako lehenak dira.

Lege horrekin lotuta, Madrilek joan den astean eguneratu zuen legez kanpoko etxebizitza turistikoen zerrenda. Hego Euskal Herrian 1.067 identifikatu ditu, eta Airbnb-ri eta enparauei eman die horiei dagozkien iragarkiak erretiratzeko agindua. Pisu turistiko horien jabeek eskaera egin dute pisuok erregistratzeko, baina, Espainiako Gobernuaren arabera, «ez dituzte betetzen legeak ezarritako baldintzak», eta atzera bota dituzte eskaerak.

Gobernuaren esanetan, «alokairu turistikoen iruzurrari aurre egitea» da neurri horren xedea. Izan ere, erregistroa behar bezala egina duten etxebizitzei identifikazio zenbaki bat ematen zaie, eta datu horiek alderatzen dira plataformetan argitaratutako iragarkiekin, erregistro zenbakirik ez duten pisuak atzemateko.

Neurri horiez gain, zenbait udalek etxe turistikoei lizentziak emateari utzi izanak ere eragina izan du beherakadan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.