Eusko Jaurlaritzak neurri bat jarri du abian etxebizitzaren krisiari aurre egiteko; horren muina ez da eraikin berriak egitea, baizik eta herrietan hutsik dauden eraikinei beste bizialdi bat ematea. Hala, gaur-gaurkoz erabili gabe dauden eraikin publikoak eta industriara bideratutakoak eskuratu, eta moldatzen hasi dira han etxebizitzak jartzeko. Lakuak Gipuzkoan eta Bizkaian abiatu ditu proiektuak, eta 170 dotazio etxe egitea aurreikusi du.
Alokairu merkeak izatea aukera ematen du proiektuak, zoru gehiago «kontsumitu» gabe, Jaurlaritzaren aburuz. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Zoru eta Arkitektura zuzendari Pablo Garcia Astrainek ohar bidez azaldu duenez, hori da proiektuaren gakoa: «Ekintza horien baliorik nabarmenena da hiriek lehendik duten hori berrerabiltzea». Gainera, «herrien memoriaren eta paisaiaren parte» diren eraikinak erabiltzen jarraitzeko aukera emango duela azpimarratu du Lakuak.
Etxebizitza horiek gobernuarenak izango dira, eta alokairuan emango zaizkie beharra duten herritarrei, gehienez ere bost urterako eta «arrazoizko» prezioan. Bereziki gazteentzat direla adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
Oraingoz, bi eraikin berritu dituzte, denak Gipuzkoan: Azpeitiko Esklaboen komentuan obrak egin, eta 48 etxebizitza egin dituzte; Arrasaten, Sindikatuen Etxea erabili dute, eta hamabi etxebizitza sortu. Hirurogei alokairu horiei, beste lau berritze proiektutan egin nahi dituztenak gehitu behar zaizkie.
Gehienak Gipuzkoan dira: Eibarren, Elgoibarren eta Orion, hain zuzen. Eibarren, epaitegi zaharrak eta AIBE eraikin industriala egokitzen hasiak dira. Horiei esker, 59 etxebizitza sortuko dituzte herrian. Elgoibarren, berriz, hamalau etxebizitza egin nahi dituzte anbulatorioko eraikina erabilita. Orion, Nueva Ceramica fabrika egokituko dute, eta berrogei etxe jarri.
Bizkaian, Elorriok baino ez du proiektu bat aurreikusia, oraingoz: XVI. mendeko eraikin batean, 11 dotazio etxe jarriko dituzte.
Donostia, «erdiko klaseari» begira
Eusko Jaurlaritza ez da izan gaur etxebizitzaren inguruko albisteak eman dituen bakarra. Jon Insausti Donostiako alkateak ere ildo beretik jo du. Onda Cero irrati katean iragarri duenez, udalak Altzaberri proiektua onartuko du gaur. Horren bidez, Donostian 3.000 eta 4.000 etxebizitza artean eraikiko dituzte. Insaustik adierazi du babes ofizialeko etxebizitzetan kontuan hartzen ez den profil batekoentzat izango direla: «Erdiko klasea».
EAJko alkatearen arabera, gaurko egoerak etxe merkatutik at utzi du gizartearen parte hori, «donostiar gehienek» osatzen dutena: «Goizero lanera joateko esnatzen diren herritar horiengan jarri behar dugu arreta. Ezin dute merkatu libreko etxerik eskuratu, baina, aldi berean, etxe babestu bat lortzeko muga gainditzen dute».
Gainera, Insaustik esan du Donostiako gizartea «aldatu» egin dela; hortaz, lehendik eraikita dauden etxebizitzak berrantolatzea proposatu du. Adierazi duenez, hiru etxetik batean pertsona bakarra bizi da, eta, askotan, 70 urte baino gehiago ditu. «Metro koadro asko izaten dituzte etxe horiek. Banan-banan azter ditzakegu; banaketak edo erabilera aldaketak egin ditzakegu haien bizitzako etapara moldatzeko eta, era berean, etxe aukera gehiago izateko», adierazi du alkateak.
Sopela eta Urduliz tentsio eremu izendatu dituzte
Hego Euskal Herriko hainbat udalerri tentsio eremu izendatu dituzte azken hilabeteetan, eta gaur beste bi gehitu dira zerrendara: Urduliz eta Sopela (Bizkaia). Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak bi agindu argitaratu ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinetan zehazten den tentsio eremu izango direla bi udalerriak hiru urtez. Tarte hori igaro ostean, berriz aztertuko da haien egoera. Neurriak indarrean sartzeko, dena dela, Espainiako BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dituzte; datozen egunetan izango da.