Etxebizitzaren krisiari eta hirigintzari buruzko eztabaida sortu da Euskal Hirigune Elkargoko biltzarrean

Tokiko Etxebizitza Planak ez du lortu Ipar Euskal Herrian behar litzatekeen etxebizitza sozialen kopurua. Aramendik lursailen prezioa mugatzeko tresnak galdegin dizkio Frantziako Estatuari, eta Marieneari buruzko debatea antolatzeko eskatu Etxegarairi.

Euskal Elkargoko biltzarra, gaur goizean, Baionan. BERRIA
Euskal Elkargoko biltzarra, gaur goizean, Baionan. BERRIA
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko ekainaren 21a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

PLH Tokiko Etxebizitza Planaren inguruan izan da eztabaida handiena Euskal Elkargoko gaur goizeko biltzarrean. 2021 eta 2026 artean finkatu planak Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeen etxebizitza politikan eragiten du. Hainbat helbururen artean, elkargoko lehendakariorde Roland Hirigoienek aurkeztu dituen lehen emaitzek argi utzi dute ez dela betetzen etxebizitza sozialen kopuruaren tasa: %33koa da gaur egun. Planean, berriz, %47ko helburua finkatu zen 2021ean.

Emaitza txarra da, beraz, etxebizitzaren krisiaren parte bati erantzun behar zion mekanismo bat izateko. Filipe Aramendik, Bil Gaiten taldeko eledun eta Urruñako auzapezak (Lapurdi), esplikatu du etxebizitza sozialak egin ahal izateko herriko etxe bakoitzak erosi behar izaten dituela lurrak. Lursailen salmenta prezioa «ikaragarria» denez, ezin dute erosi nahi luketen kopurua.

Ondorioz, Frantziako Estatuko egiturei dei egin die alokairua mugatzen den bezala lursailen salmenta prezioa mugatzeko tresnak sor ditzan. «Eskubide konstituzionala da teilatu bat izatea, hots, etxebizitza batean bizitzea. Beraz, gure gainekoak mugitu daitezela hori hala izan dadin». Bide beretik, Marie Pierre Cassou Getariako auzapezak (Lapurdi) adibide konkretu bat eman du: herriko etxeak merkatuko prezioan erosi behar badu lursail bat etxebizitza sozialak eraikitzeko, metro karratua «mila euro» pagatu beharko luke; «jasanezina», beraz, aurrekontuari dagokionez.

«Eskubide konstituzionala da teilatu bat izatea, hots, etxebizitza batean bizitzea. Beraz, gure gainekoak mugitu daitezela hori hala izan dadin»

FILIPE ARAMENDI Bil Gaiten talde politikoko eleduna

Bertzalde, bigarren etxebizitzen egoera nabarmendu du Aramendik. Nahiz Ipar Euskal Herriko kostaldean kopuru «handiegian» diren, bigarren etxea etxebizitza nagusi emateko tranpak salatu ditu. «Jabe anitzek bigarren etxea etxebizitza nagusi bihurtzen dute, eta horrek zailtasunak ematen dizkigu etxebizitza zinez hutsak zein diren ikusteko». 

Azken finean, etxebizitza sozialak eraikitzeko eta 2026rako finkatu helburuak ezin lortuzkoak dira, milaka oztopo zerrendatu dituztelako hemiziklo ttipian: merkatuko prezio ikaragarriak, inflazioa eta etxe hutsen presentzia, bertzeak bertze. 

Baina etxebizitza kooperatibak aipatu ditu Nicole Etxamendi Bil Gaiten-eko kideak. Elkargoari galdegin dio kooperatibak sustatzeko urrats «ausartagoak» egitea, etxebizitza eredu hori «jasangarria eta merkatu kapitalistatik haragokoa» delako. Diru laguntzak banatzen dira etxebizitza kooperatiben esperimentazio faserako, baina laguntza handiagoa galdegin du kooperatiben aldeko garapena sustatzeko.

Herriarteko tokiko hirigintza 

Behin betiko PLUI Herriarteko Tokiko Hirigintza Plana bozkatu bizkitartean, horren ituntze fasearen txostenak bozkatu dituzte biltzarrean. Hautsak harrotu ditu gaiak, hirigintzarako planak finkatzen baitu lurren erabilpena. Horren harira, Aramendik hitza hartu du elkargoko presidente Jean Rene Etxegarairi —nahiz hor ez izan— mezu argi bat helarazteko Marieneko lurrei buruz. «Marieneari buruz eztabaida bat egitea hitzeman genuen, baina momentuz ez da deus gertatzen, eta espero dut Etxegaraik hori entzuten duela». 

«Ez da ariketa teknokratiko hutsa, baizik eta palanka demokratiko bat gehiago, gure hautuen eragina neurtzeko eta hobeki bideratzeko molde bat, betiere herritarrak bilduz gure prozesuan»

NICOLE ETXAMENDIBil Gaiten taldeko kidea

Laborantza lurren babesa ez da bakarrik Marieneko aferaren kontua. Aramendik hirigintza pentsatzerakoan laborantza lurrak kontuan hartzea galdegin du. Hazkurri lurrak babestea «ezinbestekotzat» jo du. Bide beretik, Egoitz Urrutikoetxea Bil Gaiten taldeko eledunak aintzat hartu ditu Zuberoako hirigintza planaren lehen zertzeladak, bere herrian, Lexantzü-Zunharren, laborantza lurrek ahalik eta artifizializazio gutien jasanen dutelako. Errate baterako, laborantza lurren defentsa aldarrikatu du; lurren artifizializazioa saihestu eta jadanik existitzen diren laborantza lurrei balioa emateko deia zabaldu du. Bide batez, Urrutikoetxeak euskaraz hasi duen hitzartzea trabatu du Francis Gonzalez Bokaleko auzapezak (Lapurdi), aginduz frantsesez mintza dadila «denen ulermenerako».  

Kontuen berrikuspena 

Azkenik, iazko kudeaketa kontuak onartu dituzte hautetsi guziek. Hala ere, Etxamendik salatu du elkargoko aurrekontua «hobeki» kudea daitekeela. Izan ere, aurrekontuaren kudeaketa «finagoa» eskatu du hurrengo urterako. Hala, elkargoaren proiektuak gurutzatu nahi lituzke terrenoan ematen dituzten emaitzekin.

Behin emaitzak analizaturik, haren ustez, elkargoak argiago identifikatuko luke zein diren proiektu eta inbertsio ahulenak edo emaitza txarrekoak. Horrela, proiektuak doitzeko gaitasuna irabaziko luke elkargoak, eta aurrekontua terrenoan gauzatzeko «erraztasun handiagoa» lortu, tresna demokratiko bat izanez. «Ez da ariketa teknokratiko hutsa, baizik eta palanka demokratiko bat gehiago, gure hautuen berri emateko, haien benetako eragina neurtzeko eta haiek hobeki bideratzeko molde bat, betiere herritarrak bilduz gure prozesuan». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.