Etxebizitzaren negozioa gazteen bizitzen gainean jartzen ari direla salatu du EH Bilduk, eta etxe jabe txikien interesei so egin dio EAJk

EH Bildu, PSE-EE eta EAJ etxebizitzaren merkatuan esku hartzearen alde agertu dira. Etxebizitzaren funtzio soziala negozioaren gainetik jarri behar dela diote EH Bilduk eta sozialistek; EAJk nabarmendu du jabe txikiari ere segurtasuna eman behar zaiola.

Oskar Matute eta EH Bilduko beste bi ordezkari Sestaon egin duten kanpaina ekitaldian. EH BILDU
Oskar Matute eta EH Bilduko beste bi ordezkari Sestaon egin duten kanpaina ekitaldian. EH BILDU
Xabier Martin-Kristina Martin
2026ko azaroaren 18a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitza, edo, hobe esanda, etxebizitza duin bat lortzeko zailtasuna, lehen lerrora ekarri dute gaur Euskal Herrian hautagaitzak dituzten hiru alderdik. Bilbon bi emakume eta bi adingabe etxegabetu dituzten egun berean proposatu dituzte larrialdiari aurre egiteko neurriak EH Bilduk, EAJk eta PSEk. Denek Bizkaia aukeratu dute hauteskunde ekitaldiak egiteko: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean EH Bilduk eta PSEk, eta eskumaldean EAJk. 

Etxebizitzaren merkatua arautzea, prezioak mugatzea eta negozioaren gainean funtzio soziala jartzea dira EH Bilduren proposamenak etxebizitzaren beharrari aurre egiteko, eta horiek plazaratu ditu Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak gaur, Sestaon (Bizkaia). Matutek gogora ekarri du etxebizitza duina eskuratzeko ezintasuna dela euskal herritarren kezka nagusia, eta egoera larri horren pairatzaile nagusiak gazteak direla. «Gure gazteak ikusten ari dira batzuek erabaki dutela negozioa haien bizitzen gainetik jartzea», salatu du.

EH Bilduk zerrendatu ditu egoeraren larria samurtzeko koalizioak hartu dituen neurriak: «Prezioei muga jartzen dien gune tentsionatuen legea bultzatu eta onartu du, alokairuen inguruko bi dekretuak onartu ditu eta pertsona eta familia ahulenak babestu ditu».

Hala ere, hori nahikoa ez dela iritzita, neurri ausartagoak hartzeko prest dago. Matutek onartu duenez, hori egin ahal izateko EH Bilduk boto eta indar gehiago beharko luke erakundeetan: «Indar gehiago behar dugu espekulazioarekin amaitzeko, ostatu turistiko irregularrekin amaitzeko, Hego Euskal Herri osoa gune tentsionatu izendatu eta prezioak arautu eta jaisteko».

EAJ, etxe jabe txikiei begira

Sestaotik kilometro gutxi batzuetara, Leioan, egin du agerraldia Idoia Sagastizabal EAJren Bizkaiko zerrendaburuak. Hark ziurtatu du beharrezkoa dela etxebizitzaren arloan politika integrala egitea, «jabeak eta maizterrak elkarren kontra jarri gabe eta betorik jarri gabe eta inor deabrua balitz bezala aurkeztu gabe».

EAJ etxebizitza
EAJko ordezkariak Leioan egindako ekitaldian. EAJ

Sagastizabalek azaldu duenez, etxebizitzaren arazoaren atzean aldagai ugari daude: «Biztanleriak gora egin du; familiak gero eta txikiagoak dira; babes ofizialeko etxebizitzen parkea ez da nahikoa; eta etxebizitza falta da enplegua eta biztanleria elkartzen diren lekuetan». Horri guztiari gehitzen zaizkio «prezio garestiak eta hila bukatzeko gai ez diren soldatak». Horregatik, hautagai jeltzaleak esan du erantzunak «askotarikoak» izan behar direla.

EAJk azken legegintzaldi honetan Espainiako Kongresuan lortutakoa azpimarratu du Sagastizabalek: «Maizter kalteberak babestea eta jabe txikiari segurtasuna ematea, bien beharrei erantzun behar zaizkie eta». Sagastizabalek argi esan du «gizarte-babesaren kostua» ezin dela «etxebizitza alokairuan jartzen dutenen bizkarrean». Erantsi du EAJk lortu duela administrazioak izan daitezela maizter zaurgarrientzat etxebizitza bilatzearen erantzuleak. «Bitartean, alokairua ordaindu gabe uzteagatik jabeari konpentsatuko diote. Izan ere, etxebizitzaren beharra duenari bizitokia bermatzea erantzukizun publikoa da, eta ezin zaie jabe txikiei bakarrik egotzi». Bukatzeko, hautagai jeltzaleak helarazi du EAJk lortu duela «putre funtsek etxebizitzak erosteari mugak jartzea».

PSE-EEk Jaurlaritzan egindako lana goraipatu du

EH Bilduk bezala, EAEko sozialistek ere Sestao aukeratu dute etxebizitzaz hitz egiteko. Maria Guijarro PSE-EEko hautagaiak kritikatu du eskuin eta eskuin muturreko alderdiek merkatu librearen alde erakusten duten jarrera: «Etxebizitzaren merkatua bere kaxa arautzen dela diote, eta tentsio handiko eremuek eskaintza urritzen duela diote. Etxebizitza negozio gisa ikusten dute». Haren hitzetan, «ez dute arautzen eta ez dute arautzen uzten». Horren beste aldean alderdi sozialista dagoela esan du eta etxebizitza larrialdia samurtzeko hartu dituzten neurriak gogora ekarri ditu: «Parke publikoa handitu dugu, etxegabetzeak geldiarazi ditugu eta espekulazioaren aurkako neurriak hartu ditugu».

PSE-EE etxebizitza Sestao
PSE-EEko ordezkariak Sestaon egin duten ekitaldian. PSE-EE

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu sozialistak ere hitz egin du ekitaldian. Zalantzan ipini du PPk milioi bat etxebizitza eraikitzeko egin duen promesak nori ekarriko dion onura. «Ez du esan babestuak, publikoak izango diren». Eta gogora ekarri du PP gobernuan zegoela eztanda egin zuela finantza burbuila, eta gobernuak sustatutako etxebizitza askok banketxeetan amaitu zutela «aktibo toxiko gisa».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA