Egoera irregularrean dauden hiru migratzaileren aurkako jazarpenaren berri eman dute Beran (Nafarroa). Herriko ostatu «ezagun» bateko langileak ziren, eta hango jabeak alokatzen zien etxea soldataren zati baten truke, baina, lana utzi zutenetik, jabeak «ahalak eta bost egin ditu pertsona horiek etxegabetzeko». Ez hori bakarrik: salatu dute pertsona horien bizitza ezinezko egiten ahalegindu dela aktiboki.
Meta Mendialdeko Etxebizitza Taldeak agerraldia egin zuen herenegun, «xehetasunak emateko eta hiru lagunei babesa helarazteko». Haien arabera, egoera okerrera egiten hasi zen jabeak langile horien beharrik izan ez zuen unean. «Lana uztera behartuak» izan ziren beharginak, baina, lana utzita ere, etxe horretan segitzeko beharra zutela helarazi zioten errentatzaileari.
Kontatu dute dirua hartzeari uko egin ziola etxejabeak, eta orduan hasi zela haiek etxegabetu nahian, oihuka, mehatxu eginez, etxera sartu eta armairuak hustuz, gasa eta argindarra moztuz... «Whatsapp bidez kontakizun distortsionatu bat ere hedatu zen, atzerritarrak kontratatzearen arriskuak iradokiz».
Etxebizitza taldearen arabera, errentatzaileak ahaleginak egin ditu migratzaileek beste lanpostu bat lortu ez zezaten: beste ostatu batzuen jabeak konbentzitzen ahalegindu da, eta lan ikuskaritzan salatzeko mehatxua ere egin die.
Kontakizun erreakzionarioa
Azkenik, hiru lagunei salaketa bat jarri die epaitegietan, «gezurrez betetako kontakizun bat baliatuta»: «Oporretatik bueltan etxea okupatu ziotela eta bera eta bere alaba euren ohiko etxetik kanporatu dituztela kontatu du».
Izatez, apirilaren 30ean izango da kaleratzea, baina Meta taldeko kideek adierazi dute litekeena dela ordurako beste etxe bat lortzea. Azpimarratu dute «azpijoko eta kontakizun faltsu eta erreakzionario horiek» onartezinak direla, eta kasuak argi erakusten duela langile atzerritarren etxebizitzarako eskubidea «are meharragoa» dela.