Etxegabetze demanda jaso dute alokairu kontratua luzatu duten hiru familiak

Stop Kaleratzeak plataformak salatu duenez, Donostiako eta Errenteriako hiru familia kalean geratzeko arriskuan daude. Espainiako Etxebizitza Legean kontratuaren ezohiko luzapena jasota badago ere, etxejabeek auzitara eraman dituzte maizterrak.

Kaleratzeak Stop plataformako kideak, etxegabetze arriskuan dauden familietako kideekin batera, Donostiako Bulebarrean. GORKA RUBIO / FOKU
Kaleratzeak Stop plataformako kideak, etxegabetze arriskuan dauden familietako kideekin batera, Donostiako Bulebarrean. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2026ko urtarrilaren 16a
14:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carmen Flores alokairuan bizi da, Errenterian (Gipuzkoa), Jaime Jimenez ere bai, eta Stephane Teynat, Donostian. Hirurek ordaintzen dute errenta hilero, baina hiru etxebizitza horien jabeek etxea uzteko eskatu diete eta salaketa jarri; kalean geratzeko arriskuan daude orain. Kaleratzeak Stop plataformak familia horien egoeraren berri eman du, eta alokairuan bizi diren beste hainbat familiaren babes falta salatu du gaur, Donostian. 

Carmen Flores, Jaime Jimenez eta Stephane Teynat maizterrek sinatutako ohiko etxebizitzarako alokairu kontratuak —bost urtekoak— iaz iraungi ziren. Urte horietan errenten prezioek izandako gorakadaren ondorioz, ez zuten beste etxe batera joateko modurik. Espainiako Etxebizitza Legean —2023ko maiatzaren 25ean argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean— jasota dago kontratu mota horietan maizterrek aukera dutela kontratua hiru urte arte luzatzeko. Eta horri heldu zioten hirurek.

Orduz geroztik, hilero-hilero ordaindu dute errenta, beti bezala: Carmen Flores Errenterian bizi da, 600 euroko alokairua ordaintzen du, guraso bakarra da, eta semearekin bizi da etxebizitza berean 2016tik. Jaime Jimenez ere Errenterian bizi da, 2018tik egungo etxean, eta 850 euro ordaintzen ditu. Stephane Teynat emaztearekin eta hiru seme-alabekin bizi da, Donostian, 2020an sinatu zuten alokairuaren kontratua, eta 880 euro ordaintzen ari da. Teynatek hilaren 22an izango du epaiketaren ahozko saioa. 

Gaurko prentsaurrekoa zehazki hiru familia horien egoera salatzeko egin dute. Dena dela, familia horiei elkartasuna erakutsi dieten beste 26 familietako asko eta asko, prentsaurrekoan babesa adieraziz haien atzean egon direnak, egoera berean egon zitezkeen. Izan ere, denei amaitu zaie bost urteko kontratua, eta denek baliatu dute legeak aurreikusten duen ezohiko luzapen hori. Oraingoz, baina, ez dute jabeen salaketarik jaso. Familia horiei guztiei babesa ematera bertaratu dira EH Bildu, Sumar eta Ahal Dugu alderdi politikoen ordezkariak. 

Legez jasota dago ezohiko luzapena

Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformaren bozeramaileak hartu du hitza: «Bizitegiei dagokienez krisialdi handiko garai honetan, onartezina da horrelako salaketak egotea». Lopezek azaldu duenez, Espainiako Etxebizitza Legearen xedapen batek garbi jasotzen du ezohiko luzapen horretarako aukera, eta «Eusko Jaurlaritzak bere webgunean aitortzen du aukera hori baliagarria dela etxebizitzaren legea argitaratzen den egunean indarrean dauden alokairu kontratu guztientzat».

Kaleratzeak Stop plataformaren esanetan, garrantzi berezia du Eusko Jaurlaritzak data hori ontzat emateak; izan ere, «Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak berak esan bezala, 2026an 25.695 kontratu amaituko dira Euskadin». Etxebizitzaren merkatuaren egoera ikusita, «etxegabetzeen tsunamia» etor daitekeela ohartarazi du Garciak. 

Sinetsita daude instituzio publikoek onartutako legeen babesa badutela, baina zalantza dute epaileek horren gainean egin dezaketen interpretazioarekin. Horregatik, dei egin diote «estamentu judizialari sentsibilitate soziala» erakuts dezala luzapen horien baliozkotasuna egiaztatzeko orduan. Izan ere, etxejabeek argudiatu dute ezohiko luzapen hori soilik aplikagarria dela Espainiako legea indarrean dagoen datatik aurrerako kontratuetan.

25.695

2026an zenbat alokairu kontratu amaituko diren EAEn. Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak berak esan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia 26.000 kontratu amaituko direla aurten. «Etxegabetzeen tsunamia» etor daitekeela ohartarazi du plataformak.

Hartara, Garciak gogorarazi duenez, etxegabetze eskariak «izugarri» handitu dira, bi arrazoirengatik: «Batetik, alokairuen prezioak higiezinen burbuila gertatu zenean baino handiagoak direlako, eta, bestetik, ez direlako kontratuak berritzen ari».

Kaleratzeak Stop plataformak nabarmendu duenez, 29 familia horietako bakar batek ere ez du jaso kontratua berritzeko etxejabeen eskaintzarik. Espekulatzeko grinari egotzi diote jokaera hori. Jabe handiak, putre funtsak eta banketxeen jarrera deitoratu dute, baina baita «haien babesean espekulatzen duten jabe txikiena ere».

Garciak gogorarazi du tentsio handiko udalerri izendatzeak mugak jartzen dizkiola etxejabeen espekulazioari, eta, hala, etxejabeek ezin dutela egungo kontratuetan jarritako errentaren prezioa neurri gabe igo. Egoera horretan daude Errenteria eta Donostia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.