Save The Children-eko Haurtzaro Politiketako arduraduna

Carmela del Moral: «Etxegabetzeek eragina dute haurren ongizatean: estresa eta antsietatea handitu ditzakete»

Save the Children erakundeko arduradunak ohartarazi duenez, etxebizitza politikek ez dituzte behar bezala aintzat hartzen haurren beharrak. Etxegabetzeak eragoztea ezinezkoa denean haien eskubideak eta interes gorena bermatu beharko liratekeela dio.

ANGEL NAVARRETE
ANGEL NAVARRETE
edurne begiristain
2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxegabetze baten atzean dagoen ziurgabetasun ekonomikoak, bizilekuz aldatu beharrak eta eguneroko erreferentzien galerak ondorio sakonak izan ditzakete adingabeen ongizate emozionalean, garapen sozialean eta hezkuntza ibilbidean. Carmela del Moral Save the Children erakundeko Haurtzaroko Politiken arduradunaren arabera, kontuan hartu beharko litzateke haurrak nora joango diren, zer baldintzatan biziko diren, eta zer eragin izango duen aldaketa horrek haien bizitzan.

Etxegabetze batek zer eragin izan dezake haur edo nerabe batengan?

Etxegabetze baten eragina etxea galtzen den unea baino lehen hasten da. Izan ere, etxegabetzea familia baten egoera ekonomiko zaurgarriaren ondorio izan ohi da, eta egoera horrek estres ekonomikoa eragiten du, estres emozional eta psikologiko bihur daitekeena. Horrek, noski, etxean bizi diren haurrei ere eragiten die.

Etxegabetzea aurretik datorren prozesu baten amaiera da, eta prozesu horrek berak eragina du haurren ongizatean. Ondoren, etxegabetzea nola gauzatzen den ere garrantzitsua da. Haurrak bizi diren etxea utzi behar dutela ikusteak estres handia sor diezaieke, eta haien eskubideak urratu ditzake.

Gainera, funtsezkoa da jakitea zer gertatzen den gero: zer etxebizitza alternatiba eskaintzen zaie? Ez da nahikoa haurrek etxea utzi behar izatea; jakin behar dugu nora joango diren. Etxebizitza berriak haien beharrak asetzen al ditu? Behar adinako espazioa eta kalitatea al ditu? Zer eragin izango du haien harreman sozialetan, eskolara joateko distantzian edo inguruko zerbitzuetan? Zer auzotan biziko dira? Etxebizitza berria aurkituta ere, haurrak segurtasun sentsazioa berreskuratzeko prozesua egin behar izaten du. Etxea funtsezko elementua da pertsona guztien egonkortasunerako eta segurtasunerako, baina are garrantzitsuagoa da haurrentzat. Haien harreman sareak eta eguneroko espazioak helduenak baino mugatuagoak dira, eta etxeak berebiziko garrantzia du haien garapenean.

Zer ondorio izan ditzake aldi baterako etxebizitza batean bizitzeak edo etxez behin eta berriz aldatu behar izateak?

Egoera horiek haurren eguneroko bizitzan eragiten dute zuzenean. Ondorioak haurraren adinaren eta egoeraren araberakoak izango dira, baina eragina izan dezakete, besteak beste, errendimendu akademikoan. Ikasteko lekurik ez izateak edo etxebizitza aldaketek eragindako ezegonkortasunak zaildu egin dezakete eskolako jarduna. Autoirudian eta autoestimuan ere eragina izan dezakete. Izan ere, etxegabetzeak edo bizilekuz behin eta berriz aldatu behar izateak norberaren segurtasun sentsazioa eta ingurunearekiko konfiantza ahuldu ditzake. Horrek guztiak eragina du haurren ongizatean: estresa eta antsietatea handitu dezake. 

Save the Children-ek dio haurrak ikusezinak direla etxebizitza politiketan. Non sumatzen duzue bereziki hori?

Haurrak ez dira behar bezala aintzat hartzen etxebizitzari buruzko politiketan. Etxebizitza publikoari eta sozialari buruzko planetan, esaterako, seme-alabak dituzten familiak ez dira normalean lehentasunezko kolektibotzat hartzen. Etxegabetzeei buruzko errege dekretuetan ere hutsune hori ikusi dugu: ez da haurrei edo adingabeei buruzko aipamen zehatzik egiten, ezta haien interes gorena kontuan hartzeko edo bizileku alternatiba egokia bermatzeko beharrari buruzkorik ere.

«Haurren eskola ibilbideari ahalik eta kalterik txikiena egin behar zaio, eta haurrek ez lukete etxegabetzearen unea zuzenean bizi behar»

Badirudi etxebizitzaren arazoak ez diela haurrei zuzenean eragiten, haur batek bere kabuz etxebizitza bat erosi edo alokatzeko aukerarik ez duelako. Baina haurren bizitzaren zati handi bat etxean igarotzen da. Etxebizitzak haien garapenean, segurtasunean eta ongizatean duen eragina handia da, eta, hala ere, haurrak sarritan kanpoan geratzen dira etxebizitzari buruzko eztabaidetatik.

Zer neurri hartu beharko lirateke haurrak etxegabetzeetatik babesteko?

Haurraren interes gorena kontuan hartu behar da. Erabaki judizial edo administratibo batek haur bati eragiten dionean, haren interes gorena aztertu behar da. Hau da, aztertu behar da zer den onena haur horrentzat eta zer alternatiba dauden haren interesak errespetatzeko. Abiapuntua, noski, etxegabetzea eragoztea da, baina, hori egiterik ez badago, prozesua haurren eskubideak errespetatuz egin behar da. Auzitegi Gorenak ezarritako irizpideen bidetik, haurren eskola ibilbideari ahalik eta kalterik txikiena egin behar zaio, eta haurrek ez lukete etxegabetzearen unea zuzenean bizi behar.

Era berean, eskaini behar zaien bizileku alternatibak egokia izan behar du haien beharretarako, eta ez lituzke haien bizi baldintzak, hezkuntza inklusioa edo gizarteratzea okertu behar. Azken batean, haurraren interes gorenak gidatu behar ditu haurren bizitzari eragiten dioten erabaki judizial, administratibo eta bestelako guztiak. Eta, zalantzarik gabe, haur bat bizi den etxeari buruz hartzen diren erabakiek ere printzipio hori izan behar dute oinarri.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA