Lehen atera da Jean Rene Etxegarai, 1.300 bat boto gibelago utziz bigarren atera dena, Henri Etcheto sozialista bozen %29,76rekin. Baina berri nagusia abstentzioaren heina izan da, Baionan %62koa izan baita. Baionarren %32,7 baizik ez dira joan bozkalekura egun. Argiki, koronabirusaren inguruko neurriek eta beldurrak eragina izan dute Ipar Euskal Herriko hiri nagusian. Etxegarai arras kezkaturik mintzatu da egoeragatik: "Ezin dugu erran hauteskunde hau baldintza normaletan iragan denik. Ezkor uzten nau. Macronek egin dituen deklarapen guziekin, hartu izan diren neurri guziekin, klima biziki kezkagarri batean martxan jarri da lehen itzuli hau; jendeak ezin izan du normaltasunean bozkatu". Horiek horrela, 2014ko lehen itzulian egin zuen emaitzari so eginez, Etxegaraik berrehun bat boz gutiago ditu testuinguru berezian. Baina aldi honetan berekin aurkeztu den Sylvie Durrutik egin zituen ia 3.000 botoetarik asko faltatu zaizkiola ondoriozta daiteke. Etchetoren zerrendak, berriz, bi mila boto gutiago ditu aldi honetan. Bi hautagaitzei eragin die, beraz, abstentzio handiak. Gehienbat Etxegarairi, gehiengo osoa lor baitzezakeen Durrutiren jarraitzaileen bozkak osoki batuta. Hortik igande arrats honetako auzapezaren kezka, hain segur.
Hirugarren lekuan, Jean-Claude Iriart eta Sophie Buisssieren zerrenda atera da: %13,12. Laugarren, Mathieu Bergerena: %11,20. Eta, azken, Leselieren eskuin muturreko zerrenda: %5,57. Horrek ez du, beraz, bigarren itzulirako aukerarik.
Duela sei urteko lehen itzulian, Iriart abertzaleak zuzendu zerrendak %10,3ko emaitza egin zuen. Emendatu du, beraz, portzentajean, nahiz berrogeita hamar bat boz galdu, kopuruan.
Bigarren itzuli bat egiten balitz, gauzak irekiak gerta daitezke, baina estuki lotuak ezkerreko zerrendek egingo luketenari. Hauteskundeetako eta legealdiko giroa ikusita, zaila ikusten da Etcheto, Iriart eta Bergeren zerrenden arteko aliantza bat, baina ondoko egunek argituko dute. Dudarik gabe, koronabirusaren garatzearen aurrean Frantziako gobernuak aste hasieran hartu behar lituzkeen erabakiek dute trenkatuko auzia. Izan ere, bigarren itzulia ezeztatua balitz, badaiteke hauteskundeak berriz egin behar izana.