Sorpresa gutxi eman ditu herriko bozen bigarren itzuliak. Lehen itzuliko joerak berretsi ditu lehian ziren 11 herrietan: Bokalen abertzaleak barne zituen ezkerreko zerrenda gailendu da, baina Urruña galdu dute ezkerreko abertzaleek; gainerako herrietan ere oposizioan aritzera mugatu beharko dute. Dezepzioa nabarmena zen Kanbon, Urruñan eta Arbonan emaitzak jaso ondotik egin dituzten adierazpenetan. Hala ere, balorazio positiboa egin du EH Baik: «Aldaketa sozial eta demografikoaren testuinguruan, ezkerreko abertzaletasunaren proiektuak, ideiek eta haren aldeko sostengu zabalak aitzinamendu nabarmena izan dute Ipar Euskal Herrian». Herriko bozetako zerrenden osaketa ikusirik, harrigarria gerta liteke adierazpena; irrigarria ere bai, jakinik EH Baiko kide diren zerrendaburu bat baino gehiago kexaka aritu izan zaizkiela kazetariei kanpainan zehar haien abertzaletasuna azpimarratu dutelarik. Haatik, ukaezina da EH Baik ezkerreko zerrenda zabalak bultzatzeko estrategiak gero eta emaitza sendoagoak dituela, eta Ipar Euskal Herriko ezkerraren izaera baldintzatzen ari dela. Baina aitzina egin nahi badute, komeni zaie porrotak izan dituzten herrietan zertan huts egin duten gogoetatzea.
Baionan, garaipen argia eskuratu du Etxegaraik. Lehen itzulian baino 1.850 boto gehiago bildu ditu; boto emaileen %50,7ren babesa. Eskuin muturretik eta abstentziotik jaso ditu boto batzuk, baina ezkerreko aliantzak ez du lortu hautesleek ezkerreko hautagaitzei lehen itzulian emandako babesa bigarren itzulian berrestea. Pentsatzekoa da abertzale batzuek Etxegarairengana jo dutela Etxetorekin egindako aliantzarekiko desadostasunez; gisa berean, lehen itzulian Etxetoren alde egin zuten batzuek ere ez zuten ontzat emanen Iriart buru zuen zerrenda bati babesa ematea. Zaila da neurtzea zenbat izan diren bakoitzetik. Haatik, argi da gaur-gaurkoz ez Etxeto ez Iriart ez direla gai ezker guzia batzeko.
Etxeto buru izan zezakeen aliantza oztopatzeko indar guziak eman zituzten, barne mailan zein publikoki; aurten isilik egon dira Iriart auzapez bilaka zezakeen aliantzaren aitzinean.
Funtsean deigarria da bi aldeen jarrera: Etxeto ez da zinez sartu bigarren itzuliko kanpainan; publikoki aliantza onartu bazuen ere, ez ditu bere aldekoak aktibatu. EH Baiko Baionako militanteak osoki inplikatu badira ere, ez dute araberako babesa jaso alderdiaren Ipar Euskal Herriko egituraren aldetik. Ez da izan ez agiririk ez sare sozialetako mezurik lortutako aliantza goretsi eta hautesleria abertzalea aktibatzeko. Duela sei urte Etxeto buru izan zezakeen aliantza oztopatzeko indar guziak eman zituzten, barne mailan zein publikoki; aurten isilik egon dira Iriart auzapez bilaka zezakeen aliantzaren aitzinean. Badirudi ikuspegi ezberdinak zituztela alderdiak eta Baionako militanteek: abertzaleen ordezkaritza hobetu eta Etxegarairekin boterearen lehian aritzearen artean.
Zaila bazen ere, ezkerreko abertzale anitzek sinetsi dute Iriart Baionako auzapez bilakatzeko aukeran; dezepzio bat da emaitza. Baina baionarren %41ek sartu dute hautetsontzian EH Baiko kide bat buru zuen zerrenda baten papera; sinbolikoki badu pisua, muga mental batzuk gainditu dira. Ikusi beharko da orain ezkerrak oposizioan talde bakarra atxikitzen duen ala bitan banatzen diren: bost eserleku dituzte Iriarten taldekoek —bera da EH Baiko kide bakarra— eta lau Etxetoren taldekoek.
Etxegarairen segida
Hau izanen da Etxegarairen azken agintaldia; batzuen ustez, agintaldia bukatu aurretik emanen du lekukoa. Joseba Erremundegiren izena aipatzen da segida hartzeko. Baina ikusteko dago hain erraz onartuko dioten Sylvie Durruti LRko buruak eta Olivier Allemand macronistak. Ezkerrean, Etxeto erretiratuko zela aipatzen zen hauteskunde lehian agertu zen arte. Segituko ote du beste sei edo zazpi urtez oposizioan? Baionako soziologia anitz aldatzen ari da azken urteetan; hauteskundeetako konfigurazioa ere anitz alda daiteke geroari begira. Abertzaleek badute aukera gaurdanik ondoko aldia pentsatzen hasteko, ezkerraren gidaritza atxikitzen entseatu eta tokian-tokian presentzia eta ikusgaitasun handiago lortzen saiatuta. Alda-rekin lan bat abiatu dute auzoetan, baina ez dute lortu elektoralki kapitalizatzen. Hor ere bada zer gogoetatu.
Etxelekuri esker bakarrik existitzen dira jeltzaleak. Etxegarai erretiratzean, haren inguruko batzuk hurbilarazten lortuko ote du?
Peio Etxelekuk parioa irabazi du Kanbon; hari esker, jeltzaleak ez dira osoki desagertuko Ipar Euskal Herriko mapa politikotik. Baionan ez dute lortu Etxegarairekin akordiorik; Maider Arostegik galdu ondotik, gehiengotik kanpo egonen dira Miarritzen; Arrosako eta Makeako auzapezak ez dira gehiago jeltzaleak, eta Laurent Intxauspe Donibane Garazikoak alderdikide izateari utzi dio. Tokian-tokian biltzarrak osatu eta kide berriak egitea izan da azken urteetako jeltzaleen apustua, baina nekez ari dira tokia egiten. Etxelekuri esker bakarrik existitzen dira. Etxegarai erretiratzean, haren inguruko batzuk hurbilarazten lortuko ote du?
Ondoko egun eta asteetan, hirugarren itzulia abiatuko da: Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzarako lehia. Etxegaraik alde du haizea, baina ez dira gutxi haren kudeaketarekin deseroso sentitu diren hautetsiak. Ikusteko dago zer indar harremana izanen den; kalkulagailuak atera dituzte batek baino gehiagok. Oraindik publikoki erran nahi izan ez badu ere, jakina da Etxelekuk anbizioa duela. Elkarrekin Herriarentzat talde politikoa osatu zuenean, herri txikietako ordezkaritza bat lortu zuen, elkargoan zuten tokiarekin desados zirenak. Hori baino gehiago beharko du gehiengoa osatzeko. Ezkerreko abertzaleek ez dute oraindik trenkatu Alain Iriarten hautagaitza aurkeztu nahi ote duten. Batzuek Etxegarairen figura babestea lehenesten dute oraindik, elkargoko buruzagitzan karguak negoziatzeko. Baina lehendakarigai bat aurkeztea ez da bakarrik aurten elkargoaren gidaritza hartzeko lehian aritzea, Etxegarairen segida prestatzea ere bada.