Donostiako Udalak etxejabe handiei begirako neurri sorta bat iragarri du, etxegabetzeak gelditzeko

«Udal aseguru bat» eskainiko diete Azora eta Naiz Homes funtsei, Alokabide programan bermatua izan dezaten errentaren eta kalte ordainen kobrantza. Bizitoki alternatiba bat ere eskainiko diete etxetik «bidegabeki» egotzi dituzten herritar kalteberei.

Etxegabetze baten aurkako elkarretaratzea, Donostiako Bulebarrean. GORKA RUBIO / FOKU
Etxegabetze baten aurkako elkarretaratzea, Donostiako Bulebarrean. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko urriaren 5a
08:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako etxejabe handiek bermatuak izanen dituzte errentaren kobrantza eta ager litezkeen kalteengatiko ordainak, beren etxebizitzak alokairu eskuragarriaren modalitatean jartzen badituzte. Jon Insausti alkateak egin du iragarpena, prentsa ohar baten bidez, etxegabetzeak gutxitzeko beste neurri batzuen artean. «Etxegabetzeen aurkako ezkutu bat» izanen dela esan du, zehazki.

Donostian higiezin gehien duten bi funtsei begira iragarri dute neurria: Azora eta Naiz Homes. Azorak 166 etxebizitza dauzka hirian, eta horietatik %40 inguru hutsik daude; Naiz Homesek, berriz, 75 higiezin ditu Donostian, eta gehienak hutsik daude: %80. Etxebizitza horietako batzuetan, etxejabeek kaleratze prozesuak abiaraziak dituzte bertan bizi diren maizterren aurka.

Insaustik «udal aseguru bat» eskainiko die funts horiei, etxebizitzak Alokabide programaren alokairu eskuragarriaren modalitatean jarriz gero errenta eta kalte ordainak kobratuko dituztela ziurtatzeko. Horrez gain, Donostiako Udalak «bizitoki alternatiba bat» eskainiko die egoera zaurgarrian diren herritarrei, «ordainketak egunean badituzte» eta etxegabetzea «bidegabea» bada. Orain iragarritako neurri sortaren bidez, pagatu gabeko errenten edo kalte ordainen arriskua murriztu nahi du udalak, halakoak ez daitezen izan etxegabetze prozedura bat abiatzeko aitzakia.

Bizitoki alternatiba, baldintzapean

Etxejabe handiek Alokabideren aukera onartu ez eta orain arteko bideari eusten badiote, alkateak iragarri du «bizitoki alternatiba bat» ere eskainiko diela «egoera zaurgarrian diren donostiarrei», horretarako etxebizitza parke publikoa erabilita. Edonola ere, alternatiba hori eskuratzeko, baldintza batzuk bete beharko dituzte maizterrek: hala nola «ordainketak eguneratuak izatea», eta etxegabetze prozedura «bidegabe» baten biktima izatea.

Donostiako Udalak 2.000tik gora etxebizitza eta dotazio etxe ditu, eta, hortaz, konpromisoa betetzeko gai dela ziurtatu du Insaustik, «inor ez dadin atzean geratu, ezta hiriko etxejabe handiek etxetik egotzita ere». Alkateak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei, eta kargu hartu die beste erakunde publiko batzuei, antzeko konpromisoak ez hartzeagatik.

Etxegabetze bat Bilbon

Alokabide programako etxebizitza batean alokairuan bizi den emakume bat etxetik egotzia izateko arriskuan dela salatu du Bilboko AZET etxebizitza sindikatuak. Epaitegiko ordezkariak bihar goizean bertaratuko dira etxegabetzea baimendu eta maizterra kalera aterarazteko. Hortaz, AZET sindikatuak «erresistentziarako deia» egin du, prozesua gelditzen saiatzeko. Ortutxueta kaleko 3. zenbakian egin dute hitzordua, 08:30ean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA