«Etxejabe handien interesei men egitea» egotzi dio EH Bilduk Urkulluri

Urruzunok «kezkagarritzat» jo du Jaurlaritzak Espainiako etxebizitza legeari helegitea jarri izana. Erkorekak esan du sei hileko epea dutela gobernuek «elkar ulertzeko»

Unai Urruzuno atzoko prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon O. Urain - Aitor Garmendia Etxeberria
Donostia
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Espainiako etxebizitza legeari jarritako helegitea «oso kezkagarritzat» jo du EH Bilduk, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari egotzi dio etxejabe handiak lehenetsi izana: «Noren interesak babesten ditu? Euskal herritarren gehiengoak etxebizitzaren merkatua erregulatzeko eskatzen duenean, Urkulluk bizkar emango die, jabe handien interesei men eginez».

Unai Urruzuno bozeramaileak prentsaurrekoa eman zuen atzo Donostian. Haren hitzetan, legeak Euskal Herriko udalei eta instituzioei «tresna juridikoak» ematen dizkie alokairu prezioei muga jartzeko eta etxebizitza publikoaren promozioa tentsio handiko eremuen bidez lortzeko. Eta ondorioztatu du: «Badirudi Urkulluren gobernuak horri bizkarra emango diola, entzungor egingo diola, eta lege horren onurak bertan behera utzi nahi dituela».

Urruzunoren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «milaka» dira etxebizitza bat eskuratzeko «izugarrizko zailtasunak» dituztenak, eta Jaurlaritzari dei egin dio «behingoz» has dadin etxebizitza legeak ematen dizkion tresnak «herritarren zerbitzura» jartzen: «Eztabaida ez da juridikoa, erabat ideologikoa baizik; zerikusi gutxi du burujabetzarekin eta subiranotasunarekin».

Izan ere, «aitzakiatzat» jo du legeari buruzko eztabaida eskumen gatazka gisa aurkeztea: «2015ean legebiltzarrean etxebizitza legea onartu zenetik ez da ezer egin, eskuduntza falta izan da aitzakia, eta, orain, teorikoki tresna juridikoak ezarri diren honetan, Jaurlaritzak eskuduntza inbasioaz hitz egiten digu, aitzakia baino ez dirudien maniobra batean». Gainera, gogorarazi du PPk ontzat jo duela Jaurlaritzaren helegitea, eta galdetu du: «Orain PP alderdi subiranista bihurtu da?». Ezezkoan da Urruzuno.

Jaurlaritzak PSE-EEko sailburuen babesik gabe aurkeztu du helegitea. Gaiaz galdetuta, Urruzunok uste du horrek adierazten duela «nolako aliantzak» egiten diren: «Etxebizitzaren kontuan desadostasunak baditu, ikusiko dugu zer-nolako aukerak dituen halako gobernu batek».

Urkulluri ere galdetu diote gai horren gainean. Hark, ordea, ez du xehetasunik eman. Denbora eskatu du, «gogoeta lasaiagoak» egiteko. Gainera, Josu Erkoreka lehendakariordeak esan du helegitea Auzitegi Konstituzionalean «formalizatu» aurretik sei hilabeteko epea dutela «elkar ulertzeko eta akordioa lortzeko».

Iritzia eman du Denis Itxasok ere, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak. Haren hitzetan, EAJ etxebizitza legearen aurka egoteak «lotura estuagoa du legearen edukiarekin, eskumenekin baino». Gogorarazi du 2015ean Eusko Legebiltzarrean proposaturiko legearen aurka ere agertu zela EAJ, «edukiaren aurka zegoelako». Espainiako legeari helegitea jartzeko arrazoia ere edukia izan da, dioenez. Halere, ez du uste eztabaidak eraginik izango duenik Espainiako presidentearen inbestidurarako «negoziazioetan».

Ezker Anitzaren arabera, berriz, legea «motz samar» geratu da, baina aplikatzea «ezinbestekoa» da. Horregatik gaitzetsi dute Jaurlaritzaren jarrera: «Tamalgarria da eskumen arazo faltsu batez baliatzea eskumen gehiago ematen dizkigun lege bati, euskal herritarren arazo nagusietakoari heltzeko beharrezkoa den bati, helegitea jartzeko». Gainera, gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrak etxebizitza lege bat onartu zuela; «eta hori onartu eta zortzi urtera, EAJk eta PSEk oraindik ez dituzte garatu lege horren funtsezko alderdiak».

Bestalde, Olatz Garamendik, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza sailburuak, atzo adierazi zuen Espainiako Gobernuari idazki bat bidali diola, proposatzeko bi gobernuen artean etxebizitza legeari buruz negoziatzen hastea. Nabarmendu du akordio batera heltzea «posible» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.