Agoizko Lehen Instantziako Epaitegiko epaileak etxeko atxiloaldia ezarri dio igandean Labion (Nafarroa) semea hil zuen 83 urteko gizonari. Epaileak ez dio komunikatzeko eskubiderik mugatu, eta ez dio bermerik ezarri. Hilketa delitua egotzi dio. Aitak 55 urteko semea hil zuen tiroz, bere etxean. Foruzaingoak atxilotu egin zuen, eta gaur pasatu da epailearen aurretik.Â
Etxeko atxiloaldia ezarri dio, auzi medikuak egindako azterketaren emaitzak ikusi eta gero: urologia, nefrologia, onkologia eta kardiologia zerbitzuen zaintza behar du, eta epaileak ondorioztatu du ez dagoela espetxean sartzeko moduan, ez orain, ez gero.
Fiskalak behin-behineko espetxe arindua eskatu du, zaintzapean, uste baitu ihes egiteko eta frogak suntsitzeko edo ezkutatzeko arriskua dagoela. Defentsak, berriz, azaldu du ez dagoela ihes egiteko eta frogak suntsitzeko edo ezkutatzeko arriskurik. 15.000 bermea eskatu du etxeko atxiloaldia saihesteko eta aita prozesuan izango dela ziurtatzeko. Epaileak, ordea, etxeko atxiloaldia ezarri du, ihes egiteko arriskua dagoela uste duelako eta aitaren ekintza «bereziki bortitza» izan zelako. Hilketagatik jaso dezakeen zigorrak eta ingurukoen aldetik jaso dezakeen laguntzak ihes egiteko «tentazioa» eragin diezaioketela zehaztu du epaileak, baita ikertuaren adina eta osasun egoera zein diren ikusita ere.
Epailearen ebazpenaren arabera, semea aitaren etxera joan zen ostiral goizaldean, ordu biak aldera. Aitari agindu zion hurrengo goizean 200 euro emateko edo, bestela, hil egingo zuela. Labana jarri zion lepoan. Goizalde horretan bertan, aita txakurra ateratzetik bueltatu zenean, semea aurkitu zuen etxean. Berriro ere 200 euroak eskatu zizkion eta labana jarri lepoan. Aitak uko egin zion semeari dirua emateari.
Aita logelara igo zen, eskopeta hartu, hiru kartutxo kargatu eta semearengana jaitsi zen. Semea erdi lo zegoen sofa ohean, baina esnatu zenean labana hartzen saiatu zen. Aitak hiru tiro egin zizkion, bi bihotzaren parean eta hirugarrena aurpegian.