Etxerat-ek azken ostiraletako elkarretaratzeak ez egiteko gomendioa egin die koronabirusaren intzidentzia tasa handia duten herrietako herritarrei, «Eusko Jaurlaritzaren semaforoaren arabera gorriz sailkatutako udalerriei», alegia. Ostiral honetarako zeuzkaten programatuta elkarretaratzeak, eta herri horietan ez dituzte eginen. Bai, ordea, egoera horretan ez dauden herrietan eta Nafarroan, «hori bai, segurtasun neurri guztiak bermatuz eta maskarak eta eskatutako distantzia fisikoak mantentzeko ahaleginak areagotuz».
Bestalde, euskal presoen senideen elkarteak adierazi du «konponbide eta elkarbizitzaren bidean urrats nabarmena» dela Frederic Haranburu Xistor euskal presoa baldintzapean aske uztearen erabakia. Etxerat-ek jakinarazi du azaroan aterako dela Haranburu Lannemezango espetxetik (Okzitania). Erabakia txalotu egin du elkarteak, eta «merezi duen garrantzia» eman behar zaiola adierazi du: «Aurrerapen garrantzitsua da, salbuespen egoera bat konponbiderako bidean kokatu delako». Oroitu dute, halere, egoera berean direla Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot, baita larriki gaixo direnak eta adineko presoak ere.