Etxerat-ek Gasteizen duen egoitzari berriro eraso diote

Preso eta iheslarien senideen elkarteak esan du «inolako eraso eta oldarraldik» ez duela euren lana amaiaraziko

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Etxerat euskal preso eta iheslarien senideen elkarteak Gasteizen duen egoitzari berriro eraso diote. Elkarteak jakinarazi duenez, ostiral goizaldean izan zen lapurreta: egoitzaren leihoak apurtu, ordenagailuak eraman, eta bertan zeuden txostenak eta paperak nahasi zituzten. Bere egoitzaren aurkako erasoa gaitzetsi du Etxerat-ek, eta salaketa judiziala ezarri duela jakinarazi du.

Ez da lehenengo aldia Etxerat-en Gasteizko egoitzari eraso diotela, abuztuaren 4an beste lapurreta bat jasan baitzuen —orduan bi ordenagailu eta dirua lapurtu zizkioten—. Ordukoa baino «bortitzagoa» izan da oraingoa, elkartearen arabera. Mattin Troitiñok eta Ane Zelaiak eman dute gertatutakoaren berri, Gasteizen. Egoitzaren argazkiak eskuetan zituzten hainbat seniderekin batera egin dute agerraldia.

Erasoa nork egin duen ez daki Etxerat-ek, baina argi du ez dela «kasualitatea» izan. Izan ere, abuztuko erasoa elkartearen aurkako «presioa areagotzen» ari zenean gertatu zela gogorarazi du. Elkarteko kideek ohartarazi dute «inolako eraso eta oldarraldik» ezin izango duela Etxerat-en lana amaiarazi. «Ezarri nahi dizkiguten traba guztien gainetik, gure senide eta lagun preso eta iheslarien eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoa berresten dugu».

Elkarteak salaketa lanarekin jarraituko duela jakinarazi dute, eta ezerk ez duela lortuko euren elkartasuna amaitzea. Etxerat-eko kideek azpimarratu dute euren lanaren bitartez «eskubide urraketa, eraso, oldarraldi eta jazarpenik gabeko jokalekua» eraiki eta betikotu nahi dutela: «Pertsona guztien eskubideak errespetatuak diren jokalekua nahi dugu. Preso, deportatu, erbesteratu eta iheslaririk gabeko jokaleku bat».

Bihar, batzar nazionala

«Erasoen aurkako erantzunik onena» lanean jarraitzea dela argi du Etxerat-ek, eta horren isla izango dabihar Estibalizen (Araba) egingo duen XI. Batzar Nazionala. Bertan, elkarteak urteko balantzea egin eta aurrera begira landuko dituen ildoak aurkeztuko ditu.

Biharko batzarrean, «Euskal Herrian zabaltzen ari den aro politiko berriak sortutako itxaropena» agertzearekin batera, indarrean dagoen espetxe politikaren salaketa eta presoen senide eta lagunen egoeraren inguruko «kezka» ere azalduko dute Etxerat-eko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.