Espainiako Estatuko «beste probintzia» batzuetako espetxeetan daudenez, bost euskal presok ezin dituzte baimenak erabili, Etxerat-ek salatu duenez. Euskal preso politikoen senideen elkarteak ohar bat plazaratu du, eta zehaztu du egoera horretan daudela Jagoba Codo, Xabier Agirre, Oier Urrutia —Logroñoko (Espainia) kartzelan daude—, Idoia Martinez eta Fernando Alonso —Asturiasen daude—. «Arabako eta Gipuzkoako espetxeetan egongo balira, irteerak izango lituzkete», nabarmendu du Etxerat-ek.
Agirre, Alonso eta Codo hirugarren graduan daude sailkatuta, eta, horrenbestez, «egunero eta/edo asteburuetan atera ahalko lirateke beren probintzian» egonez gero. Presoen senideen elkarteak eskatu du «beren etxeetara» eraman ditzatela kontrol telematikoa ezarrita, edo, bestela, lekualdatu ditzatela «beren probintzietako zentroetara».
Espainiako Barne Ministerioak joan den maiatzaren 13an jakinarazi zuenez, Hego Euskal Herriko eta Espainiako kartzeletan dauden presoak komunikazioak eta irteteko baimenak berreskuratzen hasiko ziren «pixkanaka». Etxerat-entzat, Codoren, Agirreren, Urrutiaren, Martinezen eta Alonsoren egoerek «lotura zuzena» dute osasun krisia dela-eta «Espainiako presoen eskubideak murriztu» izanarekin. Senideen elkarte horrek gogoratu du joan den martxotik ez dela «tratamendu batzorderik» egin, eta, beraz, «ezinezkoa» izan dela baimen berriak proposatzea eta onartzea preso horientzat, «ezta bigarren graduan sailkatutako beste euskal presoentzat» ere.
Horregatik, espetxeetan «arintze prozesua» egiteko dokumentuaren zazpigarren puntua mahai gainean jarri nahi du Etxerat-ek. «Dokumentu hori estatuko hainbat gizarte erakundek adostu genuen, eta Barne Ministerioan aurkeztu». Proposatzen du, senideen elkartearen arabera, espetxe onurak eta konpentsazio neurriak lortzeko baldintzak malgutzea. «Presoek ezin dute tratamendu jardueretan eta programetan parte hartu; zehazki, hirugarren graduen eta baldintzapeko askatasunen aurrerapenean».
Oroitu du Etxerat-ek euskal presoek hiru hilabete egingo dituztela, laster, bisitarik jaso gabe. Horregatik, eta Eusko Jaurlaritzaren «planarekin» bat eginda, «preso guztiak» Euskal Herriko espetxeetara «hurbiltzen hasteko» eskatu du. Presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu zion Jaurlaritzak Madrili joan den maiatzaren 27an.
Oier Goitia, aske
Oier Goitia Abadia euskal presoa (EPPK) aske geratu da gaur, Topaseko (Salamanca, Espainia) kartzelatik aterata. Hamabost urtean egon da preso. Galdakaokoa (Bizkaia) da. 2005ean atzeman zuten, Frantzian, ETArekin lotuta. 2010ean, Espainiaratu egin zuten, eta Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela ezarri zion.
BERRIAren datuen arabera, 239 euskal preso daude orain: Euskal Herriko espetxeetan lau —bat, zentro batean—, Espainiako Estatuko besteetan 200, eta Frantziakoetan 35.