Euskal presoak

Etxerat-ek salatu du pintaketa naziak egin dizkietela Gasteizko egoitzan

Svastikak margotu dituzte presoen, iheslarien eta haien senideen alde lan egiten duen elkartearen lokalean.

Esbastikak, Etxeraten Gasteizko egoitzan. ETXERA
Edu Lartzanguren.
2019ko abenduaren 2a
09:05
Entzun

Atzo goizaldean svastikak margotu zituzten Etxerat elkarteak Gasteizen duen egoitzaren kanpoaldean, eta sakabanaketaren aurkako taldeak salaketa publikoa egin du.

«Espainiar estatuan gaur egun pairatzen den inboluzio politikoaren testuinguruan ulertzen dugu gure egoitza seinalatzearena, ikur naziak marraztuz», idatzi du elkarteak, prentsa agiri batean. Gaineratu du bizikidetzaren eta konponbidearen bidean egindako lanari «oztopoak jarri eta ondoeza zein ezinegona sortzeko helburuarekin» egin dituztela.

Nabarmendu dute euskal preso, iheslari eta deportatuen senide eta gertukoei laguntza eta sostengua emateko lanean «zailtasun eta eragozpen ikaragarriak» eta, askotan, erasoak ere jasan dituztela, eta gaineratu Gasteizen egindako erasoak eta antzekoek ez dituztela inoiz «geldiaraziko».

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi dio Etxerat-i, gaur goizaldean zabalduriko ohar batez. «Gaur egun Etxerat-ekin mantentzen ditugun ezberdintasun ideologiko argiak alde batera gelditzen dira horrelako erasoak salatzeko orduan».

Mugimenduak idatzi duenez, ez dago elkarbizitza posiblerik «gure eskubideak errespetatzen ez dituztenekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.