Polemikarik gabeko izendapenak egin ditu Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordean. Aurreko aldian berritu zutenean, zeresan handia eragin zuen Jon Juaristi batzordeko kide egin izanak; euskararen aurkako adierazpenengatik ezagun zen idazlea, eta hura izendatzea iraintzat hartu zuten euskalgintzan ari diren eragile batzuek eta alderdi politikoek —EAJk ere bai—. Juaristi bera kendu egin du batzordetik gobernuak orain. Hemezortzi aldaketa egin ditu denera. Etzi egingo du lehenbiziko bilera batzorde berrituak.
Abenduak 3 izango ditu asteazkenean: Euskararen Nazioarteko Eguna. Astelehenean, Euskararen Egunerako adierazpena adosteko bilduko da batzordea. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria izango da bileraren buru, eta hark irakurriko du ondoreneko adierazpena. Batzordean daude, orobat, hiru aldundietako eta Eusko Legebiltzarreko talde politikoek aukeratutako ordezkariak.
Hemezortzi kide berri
Gehienak, ordea, gobernuak hautatutako adituak dira: batzordeko 59 kideetatik, 40. Hiru urterakoa da izendapena, baina batzordea berritu arte karguan jarraitzen dute kideek; berriz izendatzeko aukera dago. Hemezortzi lagunek ez dute jarraituko; Jon Juaristi eta Joseba Arregi daude haien artean.
Hauxek dira kide berriak: Kike Amonarriz, Itsaso Andueza, Iban Arantzabal, Miren Azkarate, Maren Belastegi, Jasone Zenoz, Maite Etxaniz, Jone Miren Hernandez, Itziar Idiazabal, Pilar Kaltzada, Elena Laka, Joseba Lozano, Xabier Paya, Jon Sarasua, Pablo Suberbiola, Kirmen Uribe, Vanessa Velez de Pablos eta Xarles Bidegain. Beste 22 lagunek jarraituko dute: Joseba Arruti, Lourdes Auzmendi, Martin Auzmendi, Francisco Javier Azpiazu, Mikel Belasko, Garbiñe Biurrun, Allande Boutin, J. Iñaki Etxezarreta, Ramon Etxezarreta, Aizpea Goenaga, Maite Goñi, Jokin Gorozika, Miren Elixabete Larrinaga, François Maitia, Koldo Martinez, Iñaki Martinez de Luna, Mertxe Mugika, Joxean Muñoz, Eneko Oregi, Carlos Ruiz, Pello Salaburu eta Miriam Urkia.
Etzi egingo du lehenbiziko batzarra Euskararen Aholku Batzorde berriak
Jaurlaritzak aldatu egin du batzordearen osaera: besteak beste, kendu egin du Jon Juaristi.Euskararen Egunerako adierazpena egingo dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu