Ehun atxikimendutik gora jaso dituzte etziko Iruñeko elkarretaratzerako, autogobernuaren defentsan

Nafarroaren autogobernuaren alde kalera irteteko deia egin dute ‘Nafarroa defendatu’ agiriaren sinatzaileek. Horretaz gain, lurraldeko gainontzeko alkateei gonbita egin diete agiria sinatzeko.

Agiria aurkeztu zuten alkateak, joan den larunbatean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Agiria aurkeztu zuten alkateak, joan den larunbatean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
2024ko otsailaren 29a
17:05
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak trafiko eskumena Nafarroaren esku uzteko dekretua bertan behera utzi zuenean sinatu zuten Nafarroa defendatu agiria. Hain zuzen, Nafarroako 11 udalerritako alkateek Nafarroako autogobernua errespetatzeko manifestua sinatu zuten. Agiriarekin bat egitera deitu dituzte lurraldeko gainontzeko alkateak, eta, halaber, herritarrei eskatu diete joateko larunbatean 17:30ean Iruñeko Sarasate pasealekuan egingo duten elkarretaratzera. Orain arte «ehun atxikimendutik gora» jaso dituztela iragarri dute sinatzaileek.

Besteak beste, Nafarroa zabaleko hainbat herritako alkateek sinatu dute manifestua: Iruñea, Altsasu, Baztan, Bera, Burlata, Izaba, Leitza, Tafalla, Urrotz eta beste. Agirian salatu dutenez, Nafarroako gehiengoaren borondate politikoaren aurkako eraso da Auzitegi Gorenaren epaia. Sinatzaileek adierazi dute «ezin direla nafarren borondate politiko demokratikotik kanpoko tresnen menpe egon»; bestalde, gaineratu dute Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak eragin zuzena duela politika publikoak garatzeko Nafarroak duen gaitasunean. Izan ere, agiria babestu duten udalerrietako alkateen ustez, ez da izan lehen aldia «autogobernuari eraso egin eta atzera eginarazi zaiona».

Duela bi aste eskas Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Nafarroako Gobernuari trafiko eskumena itzultzeko prozesua. Erabaki horren ondorioz, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak aurreratu zuen Foru Hobekuntzaren erreforma egitea bultzatuko duela. Izan ere, beharrezkoa da Foru Hobekuntzaren erreforma, trafiko eskumena ez baitago hor jasoa, ezta eskubide historikoen artean ere.

Esanahi sinbolikoa du larunbateko elkarretaratzearen lekuak: XIX. mendearen amaieran foruen eta orduko erabaki ahalmenaren defentsan egin zen herri protestaren omenez eraikitako monumentuan elkartzeko deia egin dute arratsaldeko sinatzaileek; 17:30ean bilduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.