Foru Hobekuntzaren erreforma bultzatuko du Txibitek, Nafarroak trafiko eskumena eduki ahal izan dezan

Auzitegi Gorenak eskumenaren transferentzia bertan behera utzi ostean etorri da erabakia. Foru Hobekuntzaren aldaketa Nafarroako Parlamentuak onartu beharko du lehenik, eta Espainiako Gorteek gero.

ESPAÑA TRAFICO NAVARRA
Maria Txibite, astelehenean, Gorenaren erabakiaren berri izan ostean. JESUS DIGES / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko otsailaren 22a
10:00
Entzun

Maria Txibitek, Nafarroako Gobernuko presidenteak, adierazi du Foru Hobekuntzaren erreforma bultzatuko duela —1982tik hirugarrena—, Nafarroak trafiko eskumena eduki ahal izan dezan. Espainiako Gobernuak errege dekretu bidez egindako transferentzia bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak astelehenean, eta bi aukera zabaldu ziren trafiko eskumena Nafarroak bere gain har dezan: lege organiko bat onartzea edo Nafarroako Foru Hobekuntza aldatzea. Bigarren aukeraren alde egin du gaur Txibitek: «Datorren asteazkeneko gobernu bilerara akordio bat eramango dugu, Foru Hobekuntza erreformatzeko egitasmoa martxan jartzeko. Hala jakinaraziko diogu formalki Espainiako Gobernuari». Foru Hobekuntzaren erreforma beharrezkoa da, trafiko eskumena ez baitago hor jasoa, ezta eskubide historikoen artean ere.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura hasi aurretik iragarri du Txibitek foru gobernuaren asmoa. Foru Hobekuntza aldatzeko prozedura azaldu die kazetariei. Batetik, negoziazio batzorde bat sortuko dute, erreforma prestatzeko. Nafarroako Gobernuko lau kidek osatuko dute: gobernuko hiru presidenteordeek —Felix Tabernak (PSN), Ana Ollok (Geroa Bai) eta Begoña Alfarok (Zurekin Nafarroa)— eta Presidentetzako zuzendari nagusi Joseba Asiainek (PSN). Bestetik, nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin adostu beharko dutela aldaketaren testua: Nafarroako gobernu kontseiluak onartu beharko luke testua, eta, ondoren, parlamentuak. Ondoren, testua lege organiko moduan eztabaidatu beharko dute Espainiako Gorteek, eta onartu. «Gobernu honek Nafarroaren autogobernua hedatzeko borondate argia du», adierazi du Nafarroako Gobernuak.

Iazko ekainean iragarri zuten Espainiako Gobernuak Nafarroakoaren esku utziko zuela trafiko eskumena. Egun Guardia Zibilaren esku dago, eta zeresan handiko eskumena izan da Nafarroan; konpetentziak egin duen joan-etorriko bideagatik eta eskumen eskualdaketak sektore batzuetan eragin duen arrangura politikoagatik. Jucil guardia zibilen elkarteak aurkeztutako errekurtsoa onartu zuen Gorenak astelehenean, eta bertan behera utzi zuen eskumen transferentzia. Gorenak argudiatu du ezin dela dekretu bat baliatu Foru Hobekuntzan jasota ez dagoen eskumen bat emateko, eta eskubide historikoen artean ere ez dagoela. Gorenaren arabera, posible da trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku geratzea, baina horretarako beste bide bat jorratu beharko litzateke, eta ez Espainiako Gobernuak baliatutakoa. Ebazpenean azaldu dutenez, Foru Hobekuntza erreformatu beharko litzateke eskumen hori txertatzeko.

1982an onartu zuten Nafarroako Foru Hobekuntza, eta bi aldiz baino ez dute erreformatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.