Ostegun eguerdirako jarri diote hitzordua Martuteneko espetxean, lotuta daraman orkatiletako telematikoa kentzeko. Ostiralean, berriz, Bakea eta Batasuna ardatz izango duen ekitaldia egingo dute Bergarako plazan, 19:00etan, eta bertan parte hartuko dute Mariano Ferrerrek, Juanjo Alvarezek, Jose Antonio Altunak, Bergarako alkate izandako denek, Maite Aristegik, Peio Hospitalek, Patxo Murgak, Isidro Murgak, Pablo Gorostiagak, Arnaldo Otegik —idatziz—, Mari Carmen Aiastuik eta Elkorok berak.
2010ean irten zen espetxetik, baina kontrolpean izan dute bost urtez. Ia egun osoan etxean egon behar izan du, ekitaldi politikoetan ezin izan du parte hartu, eta astero espetxera joan behar izan du sinatzera.
18/98 auzian zigortu zuten Elkoro, Egin egunkariaren Orain SA enpresako zuzendaritzan izandako arduragatik ETArekin zerikusia zuelakoan. 24 urteko kartzela zigorra jarri zioten, eta 2007ko abenduan atzeman zuten. Baldintzapean aske utzi ondoren, 18/98 auziko epaia irmoa bihurtu zenean —Elkorori zortzi urtera jaitsi zioten zigorra—, berriro atxilotu zuten 2009an. 80 urte ditu.