Euribor indizea erabiltzen da erreferentzia moduan interes aldakorreko mailegu gehienetan, eta zenbat eta gorago, hileroko kuotak pagatzeko zailtasun handiagoak. Hil amaitu artean Euriborrak oraingo mailan segituz gero, hilero gehiago pagatu beharko baitute etxebizitza mailegua daukatenek eta egunotan mailegu horren baldintzak berritu behar dituztenek. Ez da arazo makala. Euribor indizea iazko maiatzean baino %0,627 gorago baiago.
Azken zazpi urteetako mailarik handienera ez ezik, ia inoizko mailarik handienera iritsi da. Mibor indizearen lekua hartu zuen Euriborrak 2000ko urtarrilean. Eta, harrezkero, %2,014 eta %5,248aren artean ibili da beti. Europako Banku Zentralaren (EBZ) erabakiek ez ezik,finantza erakunde ahaltsuenen erabakiek finkatzen duten indize horren maila.
Dirua behar dutenean, finantza erakundeek banku arteko merkatura jotzen dute. Lehiakideei eskatzen dizkiete sosak eta, jakina, interesak ordaindu behar dizkiete. Bada, finantza erakundeek elkarri ezarritako interes horien batez bestekoa kalkulatu, eta Euribor indizea finkatzen du Europako Bankuen Federazioak.
ADITUAK, HARRITUTA. EBZk, bere aldetik, Euroguneko interes tasa orokorrak finkatzen ditu. Finantza erakundeak tasa horietan oinarritzen dira lehiakideei kobratu beharrekoa kalkulatzeko. EBZk, beraz, eragin zuzena dauka Euriborrean. Eta erakunde horrek ezarritako interes tasetatik gertu ibili ohi da indizea. Azkenaldion ez, ordea. Goranzko joera etengabearekin harrituta daude adituak.
EBZk ezarritako interes tasen eta Euribor indizearen artean puntu bateko aldea egotea «normala» ez dela uste dute. «Euriborra, berez, %4,2 eta %4,25aren artean egon beharko luke», AFIko arduradunen arabera. Beste aditu batzuek are beherago kokatu dute: %4,05 eta %4,15aren artean. Egon, baina, ia %5ean dago eta, zifra hori kontuan hartuta, Euriborra hurrengo hiletan %4,85era jaitsiko dela uste dute Renta 4ko buruek. «Ezusteko zer edo zer gertatzen ez bada finantzen merkatuan, behera egin behar du indizeak hurrengo hiletan». Ameriketako Estatu Batuetako hipoteka m,maileguen krisialdiarekin daude kezkatuta. Krisialdi hori larriagotu ezean, Euriborra %4,85aren bueltan ibiliko da urte bukaeran.
Ahorro Corporacioneko arduradunek uste dute maila horretatik behera joko duela bigarren seihilekoan: «%4,5aren eta %4,75aren artean egongo da». Jaisten ez bada, jende askok maileguari aurre egiteko zailtasun handiak izango dituztela uste du Ausbanc Euskadiko ordezkari Aitor Beldarrainek. Azaldu du, dena den, atzera begiratu beharra dagoela interes tasen argazki osoa izateko. «Gure gurasoek %15etik gorako interes tasak pagatzen zituzten».
Beldarrain baikor da, eta Euriborrak behera egingo duela dio. Usteak uste, mailegu bat eskatzerakoan egin beharrekoa oroitarazi du: «Euriborra, adibidez, %7ra igoz gero, hileko zenbat pagatu beharko luketen galdetu behar dute herritarrek, kopuru hori pagatzeko modurik izango duten edo ez kalkulatu ahal izateko».